urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Independentistak gidari Kaledonia Berrian

2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hamar urte bete ziren herenegun Nazio Batuen Erakundean lekua lortu zuen azken estatua jaio zenetik. Tarte zabala hartu du asteon BERRIAn efemerideak; une hartako poza eta ilusioa oso bizkor zapuztu ziren, eta kontinenteko gatazka odoltsu eta gordinenetakoa bihurtu zen hurrengo urteetan.

Kolonialismoaren azken independentziak 1980ko hamarkadan izan ziren; handik gutxira, bloke sozialistaren erorketarekin eta Gerra Hotzaren amaierarekin sortutako estatuen txanda izan zen. Uholdean 1990eko hamarkada hasieran, tantaka gero, eta XXI. mendean hiru estatu baino ez dira jaio. Egon da ahaleginik urteotan, noski, eta suma liteke hamarkada honetan gertatuko dela independentziarik, baina hori ez da berehala izango. Perspektiba argiena Bougainvillek dauka, 2025eko irailean jarri baitu Papua Ginea Berriarekiko dibortzioa gauzatzeko data. Erreferendum adostua egin zuten 2019an, eta botoen %97 eskuratu, azken batean.

Handik hurbil, Ozeaniako melanesiar eremutik irten gabe, baina era berean Euskal Herritik ere hurbil —gure herrialdearekiko subiranotasuna daukan estatu bati dagokionez gero— Kaledonia Berriko erreferenduma dator ziztu bizian ate-joka. Parisek, epeak agortu ordez —datorren urteko urrira arteko tartea zuten—, galdeketaaurten bertan deitu izanak mahai jokoa eraldatu du, eta mundu guztia presaka ari da abenduko hitzordura begira. Independentismoak haserre hartu zuen Frantziako Gobernuaren jokaldia; orain arteko bi galdeketen artean hiru puntu irabaztea lortu dute —eta, beraz, sei puntuz murriztea unionistekiko tartea— eta, beste hiru bereganatuta, %50eko langa gainditu eta irabaz dezaketelakoan daude. Baina horretarako denbora faltako zaien beldur dira, halaber. Beldurraren zati handi bat etxe barruan dute: zenbaiten haserrea ezin kanalizatzea, kale egitearen beldurra, Parisen jokaldiari boikot egiteko tentaldia... Abagune historikoa galtzea, alegia.

Ezin uka zatiketa horren erakusle argienetakoa otsailetik aste honetara arte gobernuan erakutsi duten zatiketa izan da. Lehen aldiz, Kaledonia Berriko exekutiboan gehiengoa izatea lortu dute independentistek, baina bost hilabetez gobernu horren buru nor egongo den adostu ezinik ibili dira. Azkenean, Louis Mapou izendatu zuten joan den ostegunean. 1998ko akordioetatik egon diren hamazazpi gobernuetatik lehen aldiz izango da independentista bat buru. Haren aurretik bilatzen saiatuz gero, ia 40 urtez joan behar dugu atzera, 1983an Jean-Marie Tjibaou buruzagi historikoaren garaira arte. Orduan, Parisek aitortu zuen kanak herriak bazuela independentziarako eskubidea, gaurko egunez Nainville-Les Rochesen egindako elkarrizketetan, baina artxipelagoko gainerako komunitateak ere aintzat hartu behar zirela azpimarratu zuen. Haren ondorio izan zen Tjibaouk FLNKS sortzea, ordura artean Fronte Independentistan egondako erakundeekin.

Berriz ere uztailean izan da kanak independentismoak Kaledonia Berriko presidentetza lortzea, joan den ostegun honetan, erreferendumerako bost hilabete falta direla. Urrats sendo eta garrantzitsua da, parez pare artxipelagoak daukan erronkaren neurrikoa. Mezu ezkertiar eta soziala izan du Mapouk kargua hartzean, desberdintasun sozialak, gazteria eta emakumeen aurkako indarkeria aipatuz, datozen hiletako erronka garrantzitsuenen artean.

Unea zaila da, urduritasuna gorantz doa, eta Parisek maiatzean aurkeztutako egitasmoak ziurtasunen bat ekarrita ere, kezka handia da oraindik. Izan ere, aurtengo erreferendumarekin betetzen da Noumeako akordioek marraztutako bide orria, eta horren amaieran sor litekeen ezinegonari aurre egiteko iragarri du Frantziako Gobernuak urte eta erdiko trantsizio epea, 2023ko ekainera arte. Orduan beste erreferendum bat legoke, aurtengo galdeketaren emaitzaren araberakoa: independentzia nagusituz gero, dibortzioaren baldintzak adosteko baliatuko litzateke trantsizio epea, eta osterantzean, estatus berria diseinatuko litzateke. Kanak indigenak bereziki aintzat hartzen dituen zentsuari eutsiko zaion, ala botorik gabeko europar jatorrikoen presioa gailenduko den ikusi beharko da abendutik aurrera, ordea. Eta horrekin batera, partizioaren esamesak zurrumurru baino ez direla egiaztatu: artxipelagoaren zati handienari independentzia eman, eta Noumea eta aldirietako unionisten eremua Frantziaren kontrolpean utzi, noizean behin ageri den proposamena da. Irlandatik Komoreetaraino, horrelako esperimentuek dakarten kaltea ezaguna da, eta komeniko litzateke ahalik bizkorren uxatzea horren gisako zurrumurru, susmo eta iradokizunak.

Testuinguru horretan, berebiziko garrantzia dauka independentismoak Kaledonia Berriko presidentetza izatea; gobernurik gabe egon diren 100 egunek sortu duten irudi tamalgarriari buelta eman eta erakusteko gai direla estatu independente gisa gidatzeko. Unionismoan nagusitu den nazionalismo frantses baztertzailearen aurrean, kanak indigenak gidari eta, halaber, artxipelagoko biztanle guztiak aintzat hartzen dituen egitasmo integratzaile hori izango da estatu independente baterako giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.