Bart-Araluce. Kapitalismo kooperatiboa

Unai Martinez
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Igorre (Bizkaia, 4.257 biztanle) industria-herria da. Herriko enpresarik handiena Batz da (Mondragon taldea), 800 bat kooperatibistaz osatua. 2016an Batz-ek Araluce bereganatu zuen. Azken hori ere Igorren dago, 1949. urteaz geroztik, eta gaur egun 141 langile ditu.

Batz-en orduko azalpena hauxe izan zen: «Batz Araluce izeneko atal berriak enpresa nagusiarekin partekatuko ditu kudeaketa-eredua, merkataritza eta ingeniaritza-sailak. Enpleguari eutsiko zaio, eta berrindustrializatzeko plan ausart bati ekingo. Araluce xurgatzeari esker, Batz Tooling-en oraingo ahalmena gehituko da».

Labur esateko, enpresa-xurgapen bat izan zen. Batz-ek Araluceren %100 bereganatu zuen; eta, beraz, merkataritza-saila, kudeaketa-saila eta baita zuzendaritza ere Batz-ekoa berbera da. Hori dela-eta, konpainia bakar bat daukagu, lan-kargei eta industria-etorkizunari dagokienez. Badago, hala ere, alde ederra langileen artean. Batz-ekoak bazkide kooperatibistak dira, eta Batz-Aralucekoak, berriz, inoren konturako langileak.

2019ko urriaren hasieran, Batz-Araluceko langileei honako planteamendu hau egin zieten: enpresa abenduaren 31n likidatuko da, eta plantilla osoa kaleratuko, legez ezarritako gutxienekoa abonatuz. Gainera, lanean jarraitu behar da, harik eta egin barik dauden lan guztiak egin arte. Horretarako, Batz kooperatibak aholkulari batzuk kontratatu ditu («likidatzaileak»), eta horiek izan dira erabakia jakinarazi dutenak.

Planteamendu horrek ikara gorria eman dio Igorreko herri osoari. Bi lantegietan aritzen direnen arteko harreman pertsonalak eta familiarrak ezin konta ahalakoak dira. Araluceko langileek borrokaren hautua egin dute. Ez dute ezer galtzeko; eta, gainera, soldataren bat zor diete. Hortaz, greban hastea eta gatazka gizarteratzea erabaki dute, beren ogibidearen alde, hau da, industri-proiektu horren alde borrokatuz.

Enpresa likidatzeko eta langileak kaleratzeko erabaki traumatiko hori ez du hartu multinazional batek, ezta milaka kilometrotara dagoen inbertsio-funts ilun batek. Erabakia handik hurbil hartu da. Batz-eko Zuzendaritzak jakinarazi zien bere bazkideei, enpresaren etorkizuna bermatzeko, beharrezkoa zela Araluce likidatzea. Ez zien adierazi, ordea, bi konpainiak bat bera direla; eta irtenbide bakarra denentzako etorkizunaren aldeko apustua egitea dela. Hala egin ezean, 1.000 lanpostu galtzeko arriskuan daude.

Zoritxarrez, berriz ere ikusi dugu zelakoa den kooperatiba-mugimenduaren jokabidea, inoren konturako langileekiko, kapitalismorik gizagabeenaren eskuliburuari hitzez hitz jarraitzen diote. Harrigarria, benetan, «humanity at work» goiburua hartu dutenentzat.

Likidatzaileen aldetik jaso dugun mezu bakarra itxierak atzera egiterik ez duela da, eta gero mehatxu ugari. Ixteko epea hiru hilabete gehiagoz luzatzeko prest zeuden, baina likidazioak eta kaleratzeak onartzearen baldintzapean. Araluceko greba ikustean, eta horrek garatze bidean zeuden lanetan izango zuen eraginaz konturatzean, lan-arloko legeen trabak alboratu, eta azaroaren 8ko goizaldean (01:30ean) likidatzaileak eta Aralucekoak ez ziren langile batzuk lantegian sartu ziren oldarka, eta gaueko txandako langileak indarka kanporatu zituzten. Ugazaben itxieretan horrelako jokabideak normaltzat jo daitezkeela argudiatu zuten.

Goizalde hartan, Araluceko langileek portaera eredugarria erakutsi zuten, eta baita sen ona ere. Gogorra da, gero, ikustea zelan botatzen zaituzten zure lanpostutik, eta batzuetan zure auzokideetako batzuk direla zure eskubideak zapaltzeko prest daudenak. Irmotasunez, baina modu baketsuan, erantzun zuten. Horrelakoetan, ertzainek «lanpostura joan nahi dutenen alde» jardun ohi dute. Orduko hartan, aldiz, eragotzi zieten Araluceko langileei lanpostura heltzea. Kafkarra.

Bai Lan Ikuskaritzak, bai Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak adierazi dute ugazaben jokaerak ez duela zuribiderik. Tamalez, goizalde hura gogoan izango dugu urte askotan.

Hala ere, aurrera begiratu behar dugu. Gaurko egunean, ondo baino hobeto dakigu Aralucek Batz behar duela, eta Batz-ek Araluce. Borroka juridikoan, 1.000 lanpostu gal daitezke. Ez Igorrek, ez Arratiak ez dute horrelakorik merezi. Dei egiten diogu Gasteizko gobernuari: Tapia sailburu, industria-politikak ez du zerikusirik irrati-telebista publikoan propaganda lau haizeetara egitearekin. Herrialde hau desindustrializatzen ari da, ez dugu nahi itxiera traumatiko gehiagorik. Batz-eko eta MCCko zuzendaritzei eskatzen diegu hantustea alde batera uzteko. Inoren konturako langileek ere beren eskubideak dituzte, eta defendatu egingo dituzte. Ez diote men egingo beste leku batzuetako batzarretan, informazio partziala edukiz, erabakitzen dutenari.

Gure ahaleginen helburua Batz talde osoa bizirik iraunaraztea da. Kapitalak ezarri nahi digun logikaren aurrean, auzolanaren balioa eta gizartea elkar lotzeko garrantzia azpimarratu behar ditugu. Igorrek, Arratiak eta 1.000 familiak ondo merezita dute-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.