urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ultraren oldarra, epaiketaren atarian

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Salvador Cardusek Donostian egindako hitzaldi batean bota zuen esaldi ezaguna: «Katalan independentistok huts egin dezakegu, baina Espainiak ez digu hutsik egingo». Lauzpabost urte joan dira ordutik. Beñat Zaldua kazetariari jaramon egitera, Kataluniako prozesu independentista aztertzen denean hamarkada batzuk barru, ia ezer aipagarririk egon ez zen urte bezala ikusiko da 2018a, «2017ko erreferendumaren eta 2019ko epaiketaren artean kokatuko ditugu urte nahasi honi buruzko tramitezko lerro gutxi batzuk».

Roger Torrent Legebiltzarreko presidenteak hauteskundeetako garaile independentista izan zen Carles Puigdemont president izendatzea eragotzi zuenean, Espainiako oldarraldi judizialari men eginda, independentismoaren zatiketaren arrakala garrantzitsuenetakoa sakontzea eragin zuena. Estrategien bateraezintasuna, ERC eta Convergencia ohiko buruzagien arteko zatiketa geroz eta argiagoa —Generalitateko agintea partekatu arren—, ERCk buruzagi nagusia espetxean eta bigarrena Suitzan zituela, CUPek «kitto» esan izana, ANCren kritika geroz eta garratzagoak bi alderdi nagusiei (Clara Ponsatik erbestetik ere hauspotutako hausnarketa zorrotzekin), eta Puigdemont efektua Bruselatik. Udal hauteskundeetarako zatiketa agerikoa zenean zetorren etzi hasi behar den epaiketa garrantzitsua, baina hain urrun gelditu zaigun Cardusen hitzaldian esandakoa bete da berriz ere: Espainiak ez du hutsik egiten.

PSOEk ezer badaki, suge-liluratzaileen lanean eta anbiguotasunean jardutea da, hitzen hutsaltasunean galtzen —gobernu erreakzionarioen giro toxikoaren aldean, aire freskoa dirudi lehen asteetan, Espainiako telebista publikoan, esaterako—, baina handik gutxira zaputza datorkie itxaropen pixka bat piztu zitzaien guztiei. Euskal Herriko giro sektariorik gabe, Katalunian historikoki erraza izan da independentismoa eta federalismo katalanistaren arteko bidea egitea. Kataluniako prozesu independentistak eta Espainiako nazionalismoak zubi horiek guztiak zartatu dituzten arte.

Asteon Espainian ikusitakoa izan da orain arte esandako guztiaren adibide. Elkarrizketa posible zela iradokitze hutsak —horretarako bitartekariaren antzeko figura bat egongo zen aitzakian— Espainiako nazionalismo supremazistaren oldarra pizteko balio izan du. 2017ko urriaren 2an PPren Espainiako gobernua kritikatu zuen PSOEk, biharamunean Felipe Borboikoa erregeak a por ellos leloa bere egin eta errepresioari argi berdea ematean otzan-otzan bat egin zuten nazionalismo erreakzionarioarekin Kataluniako autonomia kentzeko eta bertako agintariak espetxeratzeko. Orain, oldarraldia bere aurka datorrela ikusi du. Alderdi barruko baroiek—PSOEren menpeko autonomietako presidente elebakarrek— izu-ikaraz bizi izan dute oldarraldi ultra, beren burua estremismo supremazista horretatik hurbilago dagoela agerian utziz, unionismo demokratiko batetik baino. Ekaitzaren erdian, atzera egingo du Pedro Sanchezen gobernuak, ia denek jakin arren elkarrizketan itxaropen pixka bat zuten independentista haiei argi eta garbi esan dieten arte: Espainiako gobernuak sekula («nunca» birritan esanda, hitzak indartzeko) ez du autodeterminazio-erreferendumik onartuko. Zer gerta ere, independentismoak asmatu du azken hilotan ez bezala bat egiten: Pedro Sanchezen aurrekontuei ezetz esatea. Elkarrizketak sinesgarritasunik izateko baldintza zen sozialisten beste jukutria bat ez zela agerian uztea. Azkenean, horren beharrik ere ez. Elkarrizketarik ez, eta oldar ultra ere ezin geldiarazi, gaur Madrilen agerian geldituko den legez.

Lehertu dira zubiak, 1968ko Burgosko prozesutik Espainiako erregimenak izango duen epaiketa garrantzitsuenaren atarian. Buruzagi independentistak auzipetu guran, erregimena bera egongo da auzitan. Aurrekonturik atera ezingo balu ere legealdia amaitu arte eutsiko liokeela esana du Sanchezek, baina tentazioa ere handia izan liteke maiatzean sumatzen den hondamendia eragozteko hauteskundeak aurreratzea. Lurrikarak gurean ere eragingo du, hasteko, Jaurlaritzarekin negoziatu beharreko transferentzia gehienetarako astirik ez delako egongo. Eta buruzagi independentisten aurkako epaiketak sortuko duen indignazioak —greba orokorrerako deialdi eta guzti Katalunian— gurean ere oihartzuna izan behar duelako, euskaldunokiko elkartasun handiena erakutsi duen nazioarekiko begirunez.

Ezin ahaztu Europako testuingurua ere. Epaiketak foku mediatikoa jarriko du berriz ere, baina ezin ahaztu ez dituela saltsa gutxi kontinenteak, Frantzia eta Italiako gobernuen arteko liskarra euretako azkena. Eta, batez ere, hil eta erdi baino ez dela faltabrexit-a gauzatzeko, trena amildegirantz doala ziztu bizian, eta Theresa Mayk alderdia batuta mantentzeko eginahalean diharduela britainiarrak gidatzen baino. Eta kasu, epaiketa hasteaz bat, uharteotatik ez ote datorren erreakziorik, Nicola Sturgeonek erreferenduma iragartzen badu datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.