Emakumeen Bira

Faboritoaren naturaltasuna

UCI World Tourreko lider da Anna van der Breggen. Ohituta dago faboritoaren zama eramatera. Hori ikusirik, erasokor aritzea du gustuko, aurkariak haren taldearen lanaz aprobetxa ez daitezen. Biran gozatzen ari da, bertako aldapak eta mendiak gustuko baititu.

ainara arratibel gascon
Aretxabaleta
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Lasai eta irribarretsu. Halaxe iritsi zen atzo Anna van der Breggen (Zwolle, Herbehereak, 1990) Aretxabaletako irteerara (Gipuzkoa). Inguratutako zaleak agurtu, eta Boels-Dolmans taldearen autobusera sartu zen. Atera, eta atzokoa egun garrantzitsua zenaren begirada sumatzen zitzaion. Erlojupekoan bigarren geratu, eta Annemiek van Vleuten (Mitchelton-Scott) liderrarekin hamalau segundoren desabantaila izanagatik, baikor zen, eta hasierako irribarre berarekin iragarri zuen zein asmo zuen atzoko egunerako: «Eraso egiteko egunik aproposena da, eta nire taldekideak eta ni horretan saiatuko gara. Bira irabaztea posible da, eta horretarako egingo dugu lan».

Van der Breggenek badaki Bira irabazteko hautagai nagusia dela. Parte hartzen duen lasterketa guztietan da faboritoa. Van der Breggen da lehena UCI World Tourraren sailkapenean. Haren taldea ere lehenbizikoa da zerrenda horretan. Baina horrek ez du kezkatzen. Naturaltasunez darama zama hori, eta ez dio muzin egiten horrek esan nahi duen ardurari: «Ohituta gaude zama hori hartzera, eta naturaltasunez daramagu. Errepidean egiten dugun lanaren emaitza da».

Aitortu du, dena den, batzuetan horrek zaildu egiten duela beren jarduna: «Beste taldeak zuk zer egingo zain egoten dira, eta lasterketa kontrolatzeko ardura zure esku uzten dute, ondoren zuk egindako lanaz aprobetxatzeko». Baina hori «txirrindularitzaren parte» dela gogorarazi du: «Hori ikusirik, zuhurtzia erabiltzen saiatzen gara, eta talde moduan jokatzen dugu. Baina gustuko dugu erasokor aritzea, aurkariak ezustean harrapatzeko. Horretarako, probak muturreraino aztertzen ditugu, eraso egiteko lekurik aproposenak topatzeko».

Durango-Durango klasikoan erakutsi zuen hori. Bakarrik iritsi zen helmugara. Biran ere, lehen egunetik ari dira Van der Breggen eta haren taldea Cervelorekin eta Mitcheltonekin lehian, lasterketaren kontrola izateko eta garaipena lortzeko. «Hiru taldeak gara oso indartsuak». Espero zuen erlojuaren kontra Van Vleuten bera baino hobeto ibiltzea: «Zeuden gorabeherak ez ziren nahikoak min egiteko, eta bera ni baino zertxobait hobeto ibiltzen da ordekan. Baina sasoiko sentitu nintzen. Uste dut erlojupeko ona egin nuela, nahiz eta ez irabazi». Azkenera arte borrokatuko da: «Gaur ere min egiteko aukera egongo da Urkiolan gora».

Hain zuzen ere, Euskal Herriko orografia «oso gustuko» duela nabarmendu du: «Ni Herbehereetakoa naiz, eta hango ingurua askoz lauagoa da. Gozatu egiten dut hemengo aldapak eta mendiak igotzen». Horregatik, lasterketa kutunetako bat du Bira: «Hobeto moldatzen naiz egun bateko lasterketetan: udaberriko klasikoak eta Munduko Txapelketa dira niretzat urteko lasterketarik garrantzitsuenak. Baina Birara maiz etorri izan naiz, eta gozatu egiten dut. Etapak ez dira luzeak, baina bai gogorrak. Hori da gehien gustatzen zaidana. Azkenean indartsuenak irabazten du, eta buruz buruko lehia izaten da faboritoen artean».

Denboraldi bikaina darama 28 urteko txirrindulariak. Lau garaipen lortu ditu. Besteak beste, Lieja-Bastogne-Lieja eta Fleche Wallonne irabazi ditu, azken hori laugarrenez jarraian. «Oso pozik nago. Baina niretzat garrantzitsuena izan da lesiorik ez dudala izan. Iaz min hartuta ibili nintzen, eta kontrakarrean ibili behar izan nuen sasoi osoan».

Bira amaituta, txirrindulari asko Italiako Giroari begira jarriko dira —uztailaren 5etik 15era jokatuko da—. «Lasterketa garrantzitsua da, baina niretzat erronka nagusia sasoi amaieran iritsiko da: Munduko Txapelketa. Txirrindulari batek irabazi dezakeen probarik garrantzitsuena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.