BLOODY SUNDAY

2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
1972ko urtarrilaren 30a. Derryko Bogside auzoan (Irlanda), Erresuma Batuko armadako paraxutisten erregimentuak tiro egin zien Ipar Irlandako Eskubide Zibilen Aldeko Erakundeak deituriko manifestazioan parte hartzen ari zirenei. Hamahiru lagun hil zituzten; hamalaugarrena geroago hil zen.

1972ko otsailaren 1a. Edward Heath Erresuma Batuko lehen ministroak John Widgery Auzitegi Goreneko presidentea hautatu zuen Derryn gertaturikoari buruzko txosten bat egiteko.

1972ko otsailaren 22a. Irlandako Armada Errepublikano (IRA) Ofizialak bonba-auto bat leherrarazi zuen Aldershoteko barraka handietan (Ingalaterra); paraxutisten erregimentuak han zuen jarria egoitza. Zazpi pertsona hil zituzten.

1972ko apirilaren 18a. Widgeryk txostena amaitu zuen. Testuaren kritikariek adierazi zuten gertaturikoa «zuritu» zuela.

1973ko urtarrilaren 1a. Derek Wilford koronelari Britainiako Inperioko Ordena eman zioten. Bloody Sundayn erregimentuaren burua zen.

1998ko urtarrilaren 29a. Tony Blair lehen ministro laboristak jakinarazi zuen beste ikerketa bat hasiko zutela Bloody Sundayn gertaturikoaren inguruan. Erabaki hori biktimen senideek egindako presioaren ondorio izan zen.

1998ko apirilaren 3a. Saville ikerketa abiatu zuten, Mark Oliver Saville epailea buru zuela.

2010eko ekainaren 15a. Saville ikerketaren txostena argitaratu zuten. Honako hau zioen: «Ez dugu ez egoerarik ez adibiderik aurkitu soldaduen tiroketa justifikatzeko». David Cameron lehen ministro kontserbadoreak barkamena eskatu zuen gobernuaren izenean; adierazi zuen soldaduen jarduna «justifikazio gabea eta justifika ezina» zela.

2012ko uztaila. Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuak ikerketa bat abiatu zuen Bloody Sundayko hilketei buruz. 30 detektibek parte hartu zuten.

2016ko abendua. Kasuari loturiko dokumentuak helarazi zizkioten Ipar Irlandako Fiskaltzari.

2019ko martxoaren 14a. Stephen Herron fiskalak erabakiaren berri eman zuen: paraxutista ohi bat auzipetu zuten bi lagun hiltzeagatik eta beste lau hiltzen saiatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.