urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Aita santua Iraken

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Najafeko kale estuetan ikusi dugu, Kerbalarekin batera hiririk santuenean aita santua, Mesopotamiara etorri da Erromako ordezkaririk gorena. Ali al-Sistani aiatolak, xiismoaren buruzagirik garrantzitsuenak, egin dio harrera bere egoitza xumean, Najafen; beltzez jantzita musulmana, zuriz kristaua, 90 urte lehenak, 82 bigarrenak, musukorik ez; Frantzisko txertatuta dago, al-Sistani ez.

Hitzek bezainbat, keinuek, begiradek, mugimendurik txikienak berebiziko garrantzia hartzen duen unea da. Frantzisko Hawzan oinez, klerigo xiiten eskolan; Ali al-Sistani aiatolak harrera egiteko zain du. Iritsi da buruzagi kristaua, musulmana jaiki egin da abegi egiteko. «Gorentasunak ez du sekula horrelakorik egin beste gonbidatu bakar batekin ere». Historia egiten ari dira biak, historian geratuko den irudia betetzen dute bi gizonek, bestelako kontzesio estetikorik ez daukan argazki baten erdian.

Bagdadetik iritsi da aita santua hegoaldera, Irakera egiten ari den lehen bidaian. Najafetik Urera, neolitikotik garrantzitsua den gunean erlijoen arteko topaketa egitera herrialdeko sinesmen ugarietako ordezkariekin. Musulmanak eta kristauak, baina baita, kakai-ak eta yazidiak ere. Frantziskok gogorarazi du, irakiar guztiek indarkeria sufritu badute ere, yazidiek jasandako hondamendiaren parekorik ez dela egon. Historia luzea du eskualdeak, luzeegia belaunaldi bakoitzak bere bizkar hartzeko.

Jihadismoaren gizakien balioaren eskala hiltzailean, yazidien gainetik daude kristauak, ez dira sistematikoki eliminatu beharreko pertsonak. Xiiten gainetik ere bai, bidenabar esanda, musulman nortasuna bera ukatuz deshumanizatzen hasita, errazagoa da horien eliminazioa ere. Baina Iraken agintea ez eze, mundu xiitarekiko itzal luzea ere hedatzen da Najafetik. Bitartean, duela hogei urte herrialdean ziren kristauen ehuneko laurogei joan egin dira. Bi mila urte dituen komunitatea, ondare eta tradiziorik luzeenetakoa daukan giza-taldea, Irakeko talderik txikienetakoa bihurtu da.

Zorioneko belaunaldikoa naizela uste dut; gurasoek egin zuten erlijio iraultza frankismoaren amaieran, ez bataio ez jaunartze, eta gaiaz askorik kezkatu gabe hazi ginen 1980ko hamarkadako ikastoletan, gure aurrekoen estuasunik gabe, gure ostekoen kontrol administratiborik gabe, Euskadik zazpi herrialde zituela argi izanda.

Ezker antiklerikalaren bidea, bizitzan ia berez hartu dugula esango nuke. Ez da motiborik falta izan horretarako, munduko beste errealitate batzuekiko elkartasuna izateko falta izan ez den bezala. Gure errealitatetik hurbilago ditugu munduko zapalduetako batzuk, kontraesan gehiago pizten dizkigute beste batzuen mundu ikuskerak, tradizio politiko edo erlijiosoak. Irlandako pub errepublikano batean Karel Wojtyla aita santuaren argazkia zutela hartu genituen pintak. Ramallahko manifestazioan emakumeek bazterrera egitean, ez genuen galderarik egin. Gure diasporako lagun batzuen hautu politikoen zertzelada askorik hobe jakin ez.

Irakeko Kurdistanen, Irandik erbesteratutako militante kurdu batek esan zidan kristau bihurtzea erabaki zuela. Muga igaro zuenetik ez zerabilen buruzapirik, baina praktika erlijiosoak gorabehera, bataren eta besteen testuak irakurrita egin zuen hautua. Ezkertiar antiklerikalismotik berbetan, gurutzearen izenean islamarenean bezainbat sarraskitu dela gogorarazi nion.

Bitxia zitzaidan mulla haien aurkako militanteek zeinen goxo begiratzen zioten kristau erlijioari. Etxean sarritan bizitakoaren ifrentzua zen: zapalkuntza katoliko integristaren memoriak «gurea» beste edozein baino txarragotzat hartu eta, ondorioz, «besteen» sinesmenekiko sinpatiazko begirada ere izatera. Militante feminista batek esan ohi duen bezala: Voxek eskatzen duen gurasoen pinak (zenbait eskolari kale egitea, gurasoek sinesmen kristauak argudiatuta), ezkerraren haserrea piztu du; aita musulman integristek alabekin berdin egiten dutenean, aldiz (igerilekura ez joateko, adibidez), gutxitan dute neska horiek komunitatearen babesik.

Kontraesan horien guztien zurrunbiloan nahasten dira errealitateak. Irakera bisita historikoa ari da egiten Frantzisko aita santua. Mila milioi kristau baino gehiagoren buruzagi izpiritualak 200 milioi xiitaren buruarekin bat egitea, bere horretan da irudi historikoa. Baina hori baino gehiago, munduko eskualde arantzatsuenetakoan bake eta bizikidetza mezu garrantzitsua irudikatu dute. Mosul sunnitan eta Kurdistan autonomoan ditu gaur hitzorduak.

Bai, bihar, martxoak 8 dituela, Frantziskok Ekialde Hurbila utziko du eta Vatikanoko luxura itzuliko da, egun batean aberatsen aurka eta ekologiaren alde egitera, eta biharamunean emakumeek haurdunaldia etetearen aurka berba egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.