urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Konstantinoplatik Mesopotamiara

2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Zortzi mendetan izan zen tenplu kristau—ekialdeko kristauen gune garrantzitsue-na—, eta haren erorketarekin («erorketa», greziar ikuspegitik, «konkista» turkiar azalpenean, Mehmed konkistatzailearen eskutik) galdu zen Erromako inperioa behin betiko. Hamabost mende baino gehiagoko historia itxi zuen Mehmed sultanak 1453ko maiatzaren 29an; Konstantinoplako tenpluak liluratuta, Topkapitik Santa Sofiara zuzendu zituen urratsak, eta meskita bihurtzea agindu zuen. Ia mila urte lehenago eraikitako kupula erraldoi harekin liluratuta, islamerako aldarrikatu zuen, eta beste hainbat tenplu inspiratu zituen, aldameneko Meskita Urdina, esaterako. Santa Sofiari lau minarete eraiki zizkioten alde bakoitzean, islamaren lurraldeetako garaienetakoak. Eta hala egin zituen ia bostehun urte, otomandar inperioaren hiriburu eta Balkanetako, Anatoliako, Kaukasoko zein Ekialde Hurbileko herritar kristau, musulman zein juduen hiri garrantzitsuan. Turkiako errepublikak eraikina museo bihurtu eta estatu laiko haren bisitagune garrantzitsuenetakoa bihurtzekoa.

Herenegun arte. Ataturkek laikotasunera ekarri zuen legez ken ziezaiokeen ezaugarri hori Recep Tayyip Erdogan presidenteak, baina erabat menpean dituen epaileen ebazpena hobetsi zuen. Eta hala, auzitegiek duela 80 urteko erabaki laikoa atzera botata, Erdoganek solemneki aldarrikatu zuen herenegun Santa Sofia berriz ere kultu musulmaneko tenplu dela, munduko islamisten bozkariorako. Elif Shafak idazleak argi salatu du: «Errespeturik ez historiari edo pluralismoari. Munduko ondare honek museo izan behar du, ateak denei irekita, erlijio guztietakoei eta erlijiorik gabeei. Kupula aski zabala dauka gizateria guztia barnean hartzeko». Unescok ohartarazi du adi-adi dagoela eta ez duela onartuko munduko ondarean aldaketarik, irudiak estaltzea, esaterako: islamak debekatu egiten du giza irudirik, eta tenpluaren dekorazioan Jesu Kristo eta Ama Birjinaren irudiak daude.

Konstantinopla zaharretik 1.600 kilometro hego-ekialdera, Anatoliako beste muturrean eta Turkiako errepublikaren lekurik baztertuenetako batean, otomandarrek beste borroka leku bat zeukaten Tigris ibaiaren ertzean: Konstantinoplak Balkanetako eta Europako sarbidea ziurtatzen zien legez, Tigrisetik Jazira oparora zeukaten bideak persiar inperioaren oldarraren aurka egin behar zuen. Hasankeyf —Heskif kurdueraz— zen Tigris gaineko hiri garrantzitsuenetako bat. Mendeetan asiriarrak, arabiar kristauak zein kurduak bizi izan ziren hiriko kaleetan eta ibaiertzeko haitzuloetan egindako etxebizitzetan. Azken hamarkadetan PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren eta Turkiako estatuaren aurkako gerrak gogor jo du herria, eta hiria biltzen duen Batman probintzian sarraski ugari egin izan dituzte Ankaratik gobernatutako talde paramilitarrek.

Duela ia hamabost urte izan nintzen lehen aldiz Hasankeyfen, Euskal Herritik joandako dozena erdi kulturgilerekin batera. Gerora ere, dozenaka euskaldun eta mundu osoko aktibista egon dira hirian bisitan, eta presio handia egin izan dute beren herrialdeetan hiriarekin egin nahi zen krimena eragozteko: urtegi erraldoi baten azpian hondoratu mendeetako ondarea, Tigris ibaiaren emaria kontrolatu Iraken menpeko Kurdistanerantz ere —baita ibaian behera dauden arabiar lurraldeetako hezeguneetara ere— eta borroka kurduak dituen babes guneetako asko desagerrarazi. Protesta ugari egin dira Bilbon, Ilisu urtegiaren finantzaketan zerikusi zuzena daukalako BBVA bankuak: hark % 25ean kontrolatutako GarantiBank-ek finantzatzen du urtegiaren eraikuntza.

Erdoganek ez die sekula barkatu kurduei bere megalomaniarako oztopo nagusi izatea. Ezin ahaztu Anaia Musulmanen sultan bihurtutakoa —Siriatik Libiara etsaiak pilatuz ibili arren, hasi Moskun eta segi Riaden eta Kairon— Istanbulgo alkate izan zela lehendabizi, eta zer nolako porrota jasan zuen udal hauteskundeetan, baita bozak errepikarazi zituenean duela urtebete (orduan ere, HDP alderdi kurduak bere hautagaitza baztertu eta oposizioko boto guztia bateratzearen alde egiteari esker lortu zuten Istanbulgo alkatetza Erdoganen alderdiari kentzea). COVID-19ak ekarri duen krisi ekonomikoaren ostean, Turkiako biztanleen haserrea ere geroz eta handiagoa da.

Ez da inongo sekretua I. Mundu Gerraren ostean sortutako errepublika laiko eta militarista estatu neo-otomandar bihurtu nahi duela Erdoganek, NATOrekin zein EBrekin kartak ahalik ondoen jokatuz. Eskuak libre izan ditu orain arte. Unesco haserre dago Santa Sofian gertatutakoarekin, baina entzungor egin zuten Hasankeyf munduko ondare bihurtzeko deiari (estatuek proposatu behar dituzte lekuak; nola proposatu Turkiak, ordea, desagerrarazi nahi zuen leku bat?). Eta bestalde, zer protesta egingo du munduak tenplu bat gorabehera, orain arte ezer esan ez badiote kurduen hizkuntza debekatu, hautetsiak espetxeratu, ehunka militante, miliziano edo zibil hil, Irak zein Siriako Kurdistango eremuak eta herriak militarki okupatu eta yezidien garbiketa etnikoa egiten duen presidenteari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.