LEKU-LEKUTAN

Nork ez du maite Kanada?

urtzirrutikoetxea
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Iragarrita zegoen legez, independentismoak zartako handia hartu zuen astelehenean Quebeceko bozetan. Egun berean, duela urtebeteko errepresioaren irudiak berriz zabaldu ziren, kolpeak boto kutxen aurka; milaka katalanek egiazko jipoia zer den gogora ekarri, eta hori salatu zuten Bartzelonako eta Katalunia osoko kale eta errepideetan, alderdi politikoak eta parlamentuko haien ordezkariak mugiarazteraino. Hurrengo urratsa zein izango den, independentismoak dituen bi estrategia nagusien artean nondik eta zelan joko duten, ez dago argi asmatzerik. Datozen asteotan hasiko diren epaiketek baldintzatuko dute neurri handi batean bide hori, eta katalanak ezagututa, izango dituzte balizko agertokien aurreikuspenak eginda, baina gogoan izan beharko lukete agenda eurek markatu izanak garrantzi handia izan duela orain arte.

Quebec eta Katalunia, horra zientzia politikoek interes handiz jarraitu izan dituzten bi fenomeno. Eskozia hirugarrena. Manifestazio independentista handia zegoen deituta atzo Edinburgon SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren urteroko biltzarraren harira, eta ikusmina piztu du etzi Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek egingo duen hitzaldiak. Madrilek hauspotuta, Erresuma Batua uzteak EB Europako Batasuna uztea zekarrela egin zieten mehatxu 2014an Bruselatik, eta hara non Londresen menpe jarraitzearen ondorio izango den EBtik irtetea. Unionismoa urduri zegoela egindako konfederalismo itxurako promesa, berriz, sekula ez da gauzatu. Sturgeonek ere egoera argiagoa espero zuen ziur aski egunotarako, baina Brusela-Londres negoziazioek baldintzatuko dute bigarren galdeketara deitu ala ez.

Sezesio fenomenoen aurrean, bi jarrera bereizi ohi dira eremu akademikoan: estatu autoritarioetan erabat debekatuta dago, baina erregimena ahultzen denean, sezesiorako ateak parez pare zabal litezke, demokrazia eta estatu berria eratzea eskuz esku datozenez. Teorian, eremu demokratikoan konplikatuagoa da, hor ere beste bi eremu zatitu ohi badira ere: teknikoki demokraziak diren hainbat estatutan konstituzioan debekatuta dago estatuaren zati bat bereiztea proposatzen duen alderdirik, Indian esaterako. Mendebaldeko demokrazietan, berriz, ez ohi da eragozpenik izaten zure auzunearen sezesioa hauteskunde programan jartzeko. Baina, Katalunian ikusi dugunez, hori gauzatzeko orduan datoz zailtasunak. Espainiatik kanpo, ez dira asko erabateko sezesioa bultzatzen duten eta herritarren babes garrantzitsua —demagun, %25etik gora— duten mugimenduak: Europan, Erresuma Batuko fenomeno berezia dago, Danimarkarenak izanda ere Danimarkatik oso urrun diren Groenlandiarena eta Faroe uharteena, eta kito. Frantzian oso interesgarria da Kaledonia Berriko galdeketa, baina deskolonizazioaren ikuspegia berebizikoa da, eta Korsikaren kasuan, independentismoak eta autonomismoak esku hartuta lortu dute euren erakundeen kontrola. Parisen lehen neurria Jean-Guy Talamoni eta Gilles Simeonirekin esertzea izan da. Haien eskaerei ezetz esateko, egia da, baina oraindik negoziaziorako eremu zabala dute aurretik. Hori baita demokrazia formal baten indarra: herritarrek atea zabalik dagoela uste izatea, libre direla nahi dutenean irteteko, baina kanpoko ezegonkortasunaren aurrean komeni dela barruko segurtasuna. Voice or Exit, ahotsa eman edo banoa. Quebecen funtzionatu zuen, baita Eskozian ere: estatu demokratiko eta indartsu batek tresna sorta mordoa dauka mugimendu sezesionista baten aurrean herritarrak bere aldera lerratzeko.

Flandriak lortu du estatu frankofono bat zena, eta hamarkada gutxian flandriarrak asimilatu zitzakeena —hara mugaz beste aldean, Dunkerque inguruko Flandria «frantsesa», zelan ia desagertuta dagoen flamenkoa—, konfederazio bat bihurtzea, flandriarrek beren arrangurak plazaratu eta herritarren babesa lortu dutenean negoziaziorako bidea hartuta. Beste horrenbeste gertatu da Kanadan: Ipar Ameriketako komunitate frankofono asko ingelesaren itsasoan urtu dira urteetan zehar, baina Quebeceko mugimenduak etengabe mahai gaineratu zituen hizkuntzari eusteko ezinbesteko zituen neurriak —migrazioaren kudeaketaren bi heren ere Quebecen esku dago; horrekin ere frantsesez ikasten dutenak nahi baino gutxiago baldin badira, egin kontu zein den inork ikusi nahi ez duen gure errealitatea: Hegoaldean hartzen ditugun etorkin guztiei espainiera ikasarazten diegu—, eta 1995eko erreferendumaren «sustoaren» ostean, Ottawak berak eman zuen urratsa Quebecen aurretik: quebecois naziotasuna onartu eta arautu zuen, independentismoari karta garrantzitsua kenduz. Elementu horiek guztiak, eta independentismoak berak berritzeko erakutsi duen ezintasunak ziur aski, azken egunotako porrota agerian utzi dute. Kanadatik bereizi nahiko zenuke, euskaraz herrialde osoan egiterik balego, Euskal Herrian elebakar bizi, datozen guztiei euskara ikasarazi eta frantsesa/espainola/ingelesa mugatzeko neurriak hartzeko eskubidea izateaz gain euskal naziotasuna onartuko balizute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.