Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Horizontes Latinos

Kolonizazioa eta bortizkeria

Selva trágica filma. BERRIA.
Amaia Garcia.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'Selva trágica'

Zuzendaria: Yulene Olaizola. Herrialdea: Mexiko - Frantzia - Kolonbia. Iraupena: 96minutu

Mugaldeko zonak beti dira arriskutsuak, eta oihanean baldin baudade, are gehiago. Oihanaren eta mugen arriskua erakusten digu Yulene Olaizolaren lanak. Mexiko eta Belizeren arteko mugan kokatzen gaitu, 1920. urtean, zehazki. Agnes emakume beltza da. Esklabo dagoen etxetik ihes egingo du —kolonizatzaile ingeles batena—, eta ibaian amaituko du, Mexikoko eremuan. Bertan, txiklea ekoizten duen gizon talde batekin topo egingo du. Ez dute elkar ulertzen hitzen bitartez, Agnesek ingelesez hitz egiten baitu, eta besteek, gazteleraz, baina hori ez da oztopo izango aurrera eramango duten bidaian.

Oihanean barrena sartuko gara, eta askotan galduko ere egingo gara, filmaren protagonistak bezala. Oihana toki zaila da denontzat, ihes egiteko aproposa izan daiteke, baina tranpa asko egon daitezke bidean. Agnesek ihes egiten duenean, laguntzaileak galduko ditu, eta, galera guztien ostean, aurrera eginez lortuko du indarra protagonistak.

Xtabayren fabula kontatzen du Mexikoko eremuko langile batek, eta fabula horren inguruan gertatzen da filma. Gatazka garrantzitsu anitz kontatzen ditu filmak: kolonizazioa, emakumearen egoera, lan gatazka eta mugetako bortizkeria. Aipatzekoa da, era berean, zein ederrak diren sortutako argazkiak, eta oihan ertzetako ibaia zeinen ondo agertzen den pantaila handian. Horri guztiari puntu onirikoa eman nahi izan dio Olaizolak. Ukitu magiko horrekin, oihanean bezala galdu egin naiz, eta, egia esan, filmetik atera egin nau une batzuetan. Filmaren magiatik at, kontatzen duen istorioarekin geratzen naiz, kolonizazio uneko bortizkeria oso ondo jasotzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.