Donostiako 68. Zinemaldia. KRITIKA. Emanaldi berezia

Maitasunik gabeko aitatasuna

Viggo Mortensenek zuzendutako lehen filma da Falling. BERRIA.
Amaia Garcia.
2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Falling'

Zuzendaria: Viggo Mortensen Herrialdea: Kanada -Erresuma Batua Iraupena: 113 minutu

Viggo Mortensenek, Donostia saria jasotzeaz gain, bere azkeneko lana aurkeztu berri du Zinemaldian. Zuzendari moduan egiten duen lehenengo lana da, eta bertan aktore lanak ere egin ditu. Ez da erraza izaten zuzendari eta aktore moduan aldi berean lan egitea, eta aipatu behar da Mortensenek oso ondo egin duela Falling-en.

Jarrera matxista, xenofobo eta homofoboekin uztartzen ditu dementzia eta memoria galtzea. Johnen aita Willis da, eta memoria galtzen ari da. Ez da gogoratzen emazte ohia hil zela, beste emazte batekin ezkondu zela eta seme-alabak Kalifornian bizi direla. Horren pisua Johnek hartuko du: senarrarekin eta alabarekin bizi da. Willisek une oro aipu homofobo edo xenofoboren bat egiten du, baina John ez da haren jokoan sartzen, badakielako zer datorren gero.

Willisen oroitzapenetan oinarritzen da filmaren zati handia. Hark uste du dena ondo zegoela bere bizitzan, baina ikusleak argi ikusten du emaztea gaizki tratatzen zuela. Eta, horretaz gain, seme-alabekin duen harremana nahiko bortitza eta berekoia da. Maitasuna zer den jakin gabe bizi den pertsona da. Horri eutsi egiten dio semeak, eta pasatutakoa alde batera uzten du aita zaintzeko.

Maskulinitate toxiko baten eredu latza dugu film honen oinarri. Askotan Willisen pentsaera nekagarria egiten da film osoan, baina oso ondo egindako lana da Mortensenena. Ikuspegi tradizionalaren eta aurrerakoiaren kontrapuntu perfektua lortu du. Aktore lanetan maisuki egin du Mortensenek bere ibilbidean, eta film honekin ireki duen bide berrian ere zorte ona opa diot, oso ondo hasi baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.