Osasuna 0-0 Valladolid

Osasunak puntu landua lortu du Valladoliden aurka

Nafarrak konforme gelditu dira berdinketarekin, bigarren zatian sufritu ostean. Calleriri gol bat baliogabetu diote, Budimir jokoz kanpo zelako

enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Osasuna. Herrera; Vidal, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Brasanac (Torro, 69. min.), Moncayola (Javi Martinez, 85. min.), Barja, Ruben Garcia (Jony, 69. min.); Calleri (Adrian, 77. min.) eta Budimir.
Valladolid. Jimenez; Janko, Joaquin, El Yamiq (Bruno, 85. min.), Olaza; Mesa (Michel, 79. min.), Alcaraz, Oscar Plano (Luis Perez, 95. min.), Orellana; Guardiola eta Weissman (Kodro, 79. min.).
Epailea. De Burgos Bengoetxea. Txartel horiak Osasunako Barjari eta Moncatolari; eta Valladolideko Guardiolari, Joaquini eta Weissmani.

Irabazi ezin denean, berdinketa ez da sari makala. Ondorio hori atera zuen atzo Osasunak, Valladoliden kontra puntu bat urratu eta gero. Aukera ederra zuen Sadarren beste martxa bat sartu eta salbaziora hurbiltzeko, baina, horretarako, irabazi egin behar zuen. Eta gorritxoek ez zuten Valladolid azpiratzeko meriturik egin. Oso neurketa itxia jokatu zuten bi taldeek, eta nafarrei arrakala zabaldu zitzaien bigarren zatian. Sufritu egin zuten kanpokoen oldarraldiekin, eta, gehiagoren gosez ziren arren, ontzat jo zuten puntu bakarreko saria.

Lehen zatian hobea izan zen Osasuna, baina ez zen gai izan gol aukera garbiak sortzeko. Zehaztasuna falta izan zitzaion azken metroetan, bai kontrolak, bai erdiraketak eta bai jaurtiketak egiterakoan. Behin asmatu zuen, 36. minutuan, eta sareetan bukatu zuen baloiak: Vidalek eta Barjak eskuinetik hormarena egin zuten, eta Callerik zehatz errematatu zuen area barruan. Haatik, gola ospatzeari berehala utzi zioten gorritxoek, jokoz kanpokoa adierazi baitzuen epaileak. Apur bat aurreratuta zegoen Budimir, eta Calleriren errematea zertxobait ukitu zuen.

Bigarren zatiari energia handiagoz ekin zion Nafarroako taldeak, eta bazirudien pixkanaka erauntsia antolatuko zuela Valladoliden area inguruan. Alabaina, kanpokoak hazi egin ziren minutuen joanean, eta 0-1ekoa egitear izan ziren 64. minutuan. Kontraerasora bizi atera zen Janko, eta, haren erdiraketa Weissmanek jaso ostean, bakarrik gelditu zen Orellana; kanpora jaurti zuen, ordea. Hortik gutxira, zutoinetik oso gertu igaro zen Mesak areaz kanpotik eginiko jaurtiketa. Lasaitasun hasperenak entzun ziren Sadarren. Jokalari erasokorrak zelairatu zituen Arrasatek, baina hutsaren hurrengoa izan zen gorritxoen erreakzioa. Jaitsiera postuak nahiko urrun dituzte oraindik, baina ezin daitezke lokartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.