Elikagaien izena eta izana

Euskarazko 'Elikadura Hiztegia' eta 'Elikadura Hiztegi Entziklopedikoa' sortu ditu Edorta Agirrek; 4.134 hitzen sinonimoak eta esanahiak bildu eta sarean jarri ditu.
Lau urte eman ditu Edorta Agirrek bi hiztegiak osatzen; oraindik, 3.100 hitz falta zaizkio aztertzeko.
Lau urte eman ditu Edorta Agirrek bi hiztegiak osatzen; oraindik, 3.100 hitz falta zaizkio aztertzeko. A. CANELLADA / ARP

Saioa Alkaiza Guallar -

2014ko urriak 18

«Jende asko hil da informatikaz, zuzenbideaz edo astrofisikaz jakin gabe. Baina jan egunero egiten dugu, denok». Ziur da Edorta Agirre janaria gertuko gaia dela ororentzat, eta horregatik ahalegindu da elikadurari lotutako esamoldeak eta terminoak bi hiztegitan biltzen: Elikadura hiztegian eta Elikadura Hiztegi entziklopedikoan. Sarean jarri ditu, Internet zaleen eskura. Erreminta dinamikoak eta erabilgarriak izan daitezen nahi du. Sukaldaritzan aditua eta Egunkaria eta BERRIAko kolaboratzaile ohia da Agirre, eta euskara eremu guztietan erabil dadin dabil ekinean.

«Gabezia larria» dauka euskarak sukaldaritzari lotutako lexikoan. Ez da hitz falta, baizik eta ezagutzarik eza. Agirreren irudiko, erdarara jotzen du euskal hiztunak maiz, haren hizkuntzan baliabideak bilatu beharrean: «Munduko sukaldaririk trebeenak ditugu, ez dakit zein unibertsitateko Culinary hori, eta gero, dena frantsesez edo espainieraz! Euskara bakarrik erabiltzen dute esateko: 'Arratsalde on, denoi, eta eskerrik asko etortzeagatik'».

Horregatik, irtenbideak eskaini nahian egin ditu Interneten kontsultagai dauden bi liburuak. 125 orrialde ditu Elikadura Hiztegiak, eta sei zutabetan dago banatuta. Lehenengo zutabean, euskarazko hitza jaso du; ondokoan, sinonimoak; hirugarrenean, latinezko adiera; laugarrenean, gaztelerazkoa; bosgarrenean, frantsesezkoa; eta azkenekoan, ingelesezkoa. Hitzen jatorrian eta nolakotasunean jarri du arreta. Ez dago gainontzeko hizkuntzetatik hartutako maileguen aurka, norbere baliabideak ezagutzearen alde baizik. «Hitz asko hartu ditugu. Aldamenean dugu frantsesa, adibidez, ardo munduan, mugarik gabeko jakinduria itsasoa da; espainiera pobreago dabil... Nutrizioaren inguruan, kasurako, ingelesez kaleratzen dute gehiena». Bestetik ikasi behar dela pentsatzen du, berezkoa galdu gabe. «Maileguak onartu behar ditugu. Ez dut ulertzen euskara bakarrik txakurrari alboratzeko esateko erabiltzea».

Jaki bakoitza, zertarako?

Elikadura Hiztegi entziklopedikoak erabilpen ugari izan ditzakeela iruditzen zaio. «Adibidez, abritoka. Euskal Herrian noiz sortu zen? Nola kontsumitzen da? Zer egin behar da hartzeko?». Gisa horretako zalantzei erantzuna ematen die. Elikagaiak, jatorria, sukalde tresnak... zer diren eta zertarako balio duten argi eta garbi azaltzen du.

Lan handia egin du Agirrek, baina oraindik luzea da egin beharreko bidea; «3.100 bat hitz-edo» geratzen zaizkio ikertzeko. Gaur-gaurkoz, lau urte inguru pasatu ditu bi obren harira, eta, falta zaionarekin, beste bi urte pasatzea aurreikusten du. Dena den, kontent dago egindakoarekin.

Sortutakoarekin gustura badago ere, badu kexa bat: finantzabidea. «Elikaduraren hiztegiak sortzeko xentimorik ez egotea lotsagarria da». Erakundeek diru laguntzak ukatu dizkiotela dio, haserre. Gainera, diru falta aitzakia delakoan dago.

Interneten baino ez daude bi erremintak eskuragai, ez da izan, baina, diru faltak eraginda. Hala nahi izan du sortzaileak. Hiztegiak «bizirik» daudela dio, eta sareak baino ezin diela eman bat-batekotasun hori. «Ez nuen nahi hiztegiak geratzea apalean sekula santan zabaldu gabe, hautsa pilatzen». Kontrakoa lortu nahi zuen, hain justu: «Euskaldun guztiek izatea eskura».

Internetek bestelako funtzioa ere bete dezakeelakoan dago Agirre. Iradokizunentzat txoko bat zabaldu du, eta horri esker hiztegia osatzeko aukera dagoela nabarmendu du.

«Euskararen normalizazioan laguntzeko» egin ditu hiztegiak, eta uste du balio dutela «euskal unibertsotik atera gabe azaldu ahal izateko beste euskaldun bati jaki bat zer den». Etengabe gainontzeko hizkuntzetara jotzea saihestu nahi du: «Badakigu erdaraz, badakigu esaten muslo de pollo, orduan, zertarako saiatuko gara oilasko izterra esaten?».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako oharrean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzekoa.

 ©LUKAS COCH / EFE

COVID-19aren kutsatzeak arakatzeko aplikazioen eraginkortasuna, kolokan

Munia El Marhoum Iruretagoiena

«Normaltasun berrira» heldu bidean, koronabirusaren zabaltzea geldiarazteko tresna gisa aurkeztu dituzte zenbait 'app'. Herrialde askotan ez dira lortu hasiera batean aurreikusitako emaitzak

Osasun langileak, atzo, PCRak egiten, Donostiako Okendo kultur etxean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Saioa Alkaiza Guallar

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna