Jacques Garat. Historialaria

«Intsumisioaren konprenitzeko emigrazioa konprenitu behar da»

«Osaba amerikanoa» 14ko gerlako intsumiso zela kasualitatez jakin izanak kuriositatea piztu zion, eta hortik hasi zuen bere historialari biziko gaia duen euskal intsumiso eta desertoreen ikerketa; «ezabatua den fenomenoa» argira ekartzeko ahalegina, «bazterrekoa» baina aldi berean «gaitza».

AURORE LUCAS.
Nora Arbelbide Lete.
Bidarte
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Beste familia anitzetan bizi izan dena bizi izan du Jacques Garatek (Bidarte, 1945). Guraso euskaldunak, baina hura ez euskalduna. Ikastera kanpora joan, irakasle lanetan hasi zen, eta ondotik ikastetxe zuzendari gisa Frantzian gaindi bizitzen egon da. Azkenaldian Caenen (Normandia) du aingura, baina sorterri Bidartera (Lapurdi) heldu da franko. Erretretan denetik oraindik gehiago. Eta bereziki azkenaldian, frantsesez argitaratu berri duen liburuaren aurkezpenetarako: Deserteurs et insoumis basques de la grande guerre (Elkar) (Gerla Haniko euskal desertore eta intsumisoak). Unibertsitaterako egin zuen ikerketaren laburpen eta moldaketa da. Ikerketa luze eta zehatzagoa prestatzen ari da.

Zure osaba zaharra 14ko gerlako intsumiso zela erdi kasualitatez jakin zenuen, hil ondotik; bizkitartean, horrek zizun intsumisioa aztertzeko gogoa piztu, ez?

Amak zuen ateraldi batean bota hori, erranez aitari aski nuela eskatzea. Eta aitak baieztatu. Intsumisoa zela, eta ez desertore. Eta gehitu garai hartan anitz bazirela. Kantatu zidan kantua ere bazuen horren lekuko.

Kantu debekatutzat zuena, ez? Nonbait tabuaren seinale?

Debekatua zela zioen, baina ez zen horrela, ondotik egin ikerketak erakutsi zidanez. Baina barneratua zuen ezin zela kantatu hori. Bilaketa lanak eginik, 1870ekoak ziren bertsoak, eta ez 1914koak. Kardinale umia deitzen da bertso sorta.

Baina gerla kritikatzen du, ez?

Bai, txikien gerlaz mintzo da.Pentsatzeko molde herrikoia dakar. Gerla egitera kondenatuak zirenei begira, odolaren zerga pagatu behar zutenei begira. Beste batzuk saihesten ahal zutelarik. XIX. mende osoan zerbitzu militarra bazegoen. Baina 1872 arte dirudunek ordezkari bat aurki zezaketen. Eta hori barne-barnetik bizi zuten dirurik ez zutenek. Dominazio sozialaren aspektu baten biktimak zirela bazekiten. Kantua 1914 baino lehenagokoa da, baina fenomeno bera du aipatzen.

Gai horri buruz ikertu eta ikertzen segitzeak zentzu berezi bat hartzen du zure arbasoei begira? Hobeki ulertzen dituzu?

Figura klasiko bat da arazo ttipi pertsonal bat hartu eta zientzia objektu bilakaraztea. Horrekin bizitzeko molde bat da. Gaiaren konprenitzeko jarri dudan pasioa historialariaren ikuspegitik jarri dut. Baina, nonbait, ordezkatze bat izan da. Euskal nazio edo euskal kulturak irudikatzen duten erronka handi horretan inplikatzeko nuen borondate bat. Historialariak arazo bati begira jakintza berriak ekarri behar dituela pentsatzen dut. Eta horretan uste dut zerbait lortu dudala. Liburu hau aitzin, nehork ez baitzekien gaiaz fitsik, familietan salbu. Orain, gaia eztabaidara ekartzen dut. Euskal Herriko herritarren esku da orain nahi dutena egitea horrekin. Memoria kolektiboa gizarteak bere buruaz egiten duen lana da.

Zuhaur emigratua izanik, euskaldun izateko modu baten gisan hartu duzu ikerketa hau?

Badakizu, ez dut euskara mintzo. Eta, beraz, aitak erraten zidan bezala, ez naiz euskalduna. Behin solasean genbiltzala, nik galderak egiten nizkiola honetaz eta hartaz, nire galderak kuriosoak zirela ihardetsi zidan. Kuriosoa zela ni bat-batean horrela interesatzea. Nik erran nion euskal kulturarekiko nuen interesa berezkoa nuela. Eta hark, berriz, berezia zela hori, ez bainintzen euskalduna. Eta nik: «Ohartzen zara aita zer ari zaren erraten? Ni ez naizela euskalduna?». Eta ezetz, ez bainuen euskara mintzo. Anekdota hori usu gogoetatu dut. Nozio hori bere baitan zuen. Nozio hori euskal tradizioan da. Euskalduna izateko, behar da eta aski da euskara mintzatzea. Oroitzen naiz argumentatu niola nik, irriz, ustez abila nintzela: «Piarres Murua euskalduna da, beraz?» Piarres laguntza sozialeko haurra zen, eta beltza, harekin eskolan ibilia, euskara mintzo zuena. Eta hark baietz. Hori biziki indartsua da, hori! Gogoetatzekoa!

Jakinez, gainera, aitak dizula hori erran.

Baina hala da. Euskal nortasuna hizkuntzan dago tradizionalki. Gaur egungo testuinguru sozialean, ezberdindu da. Nortasun izendapenak etniaren nozioan oinarritzen dira. Baina horrelakorik ez zen euskal tradizioan. Eta gisa batez erran daiteke azpimarratzekoa dela ikustea zein heinetaraino euskal tradizioa progresista zen, modernoa eta irekia. Gaur egungoa, aldiz, anitzez hetsiagoa da. Aitaren oharra indartsua eta aldi berean ohikoa da ororen buru, euskal tradizioa ongi ezagutzen dutenek baitakite horrela dela. Euskalduna da euskara mintzo duena. Eta horregatik zuten insistitzen zaharrek euskara ikasi behar zela. Gure gurasoek amore eman ziotelarik guri euskara irakasteari, beren gurasoak haserretu zitzaizkien. Baina ez diet deusik leporatzen gurasoei. Uste zuten bide onetik zebiltzala.

Zure osabaren intsumisioaren berri ukan eta Bidarteko Udalaren artxiboetara joan zinen, eta hor, Donibane Lohizuneko kantonamenduko intsumisioen zerrenda luzea aurkitu. Harriturik gelditzekoa.

842 izen bazeuden. Zortzi herrientzat! Zuzenketak egin ditut geroztik, eta zehazki 715 pertsona izan ziren... Baina hori, zortzi herrietan! Ordu arte ez nekien deus.

Arras gai ezezaguna izan da beti, ez?

Horiek ikusirik, segidan saiatu nintzen 14ko gerlako historialarien kontaktatzen: Jean-Jacques Becker, Marc Ferro eta beste. Idatzi nien. Errezibitu ninduten. Arazo hau aipatu nien, baina ez zuten ezagutzen! 14ko gerlako ikerketa historikoen maisu handienak erraten dizularik harrigarria dela gaia eta behar dela argitu... Eta nola pentsatzen dudan historia egiteak erran nahi duela gordea, ezabatua dena argitara ekartzea dela justuki... Ezabatze horren arrazoiei buruz gogoetatzea... Horra nola gaiak hautatu nauen.

Eta geroztik zure gaia bilakatu da. Azkenean, garaian ezin izan zenuen tesirik egin, denbora eskasagatik, baina berriz lotu zara lanari, eta datu base bat osatzekotan zara, zifra zehatzekin. Oraindik ez duzu bururatua lan hori, baina zenbait zifra sartu dituzu liburu argitaratu berrian.

Behin-behinekoak dira, baina erran daiteke 16.880 intsumiso izan zirela departamenduan. Horien artean 6.000tik gora 1914tik landa. Eta kasik 1.100 desertore. Departamenduko artxiboetan aurkitu ditudan zifrak dira horiek. Prefetaren kabineteko artxiboetan. 1918. urte bukaeran, gobernuko mugetako komisario batek egin ikerketan.

16.880 horien artean %60 edoagian %70 euskaldunak zirela erran daiteke?

Ez dakit xuxen oraino, baina erran dezakedana da Paue, Ortheze eta Oloroeko arrondizamenduek intsumisoen %38 biltzen dituztela gutxi gorabehera. Baina, aldiz, ez dute kasik batere desertorerik. %90,5 euskaldunak ziren. Ikerketa bukatzen dudalarik, fenomenoa euskalduna dela baieztatzen ahalko dut, eta, gainera, Euskal Herriko leku batzuetakoa dela bereziki. Zifrak herriz herrikoak izanen ditut.

Zein zentzutan da anitz?

Mobilizatu eta hil euskaldunei begira bazterreko fenomenoa da, baina aldi berean gaitzekoa da, batez ere beste eskualdeei begira. Ekialdeko Pirinioetan fenomeno bera gertatu da, Katalunian. Tesibat argitaratu du Miquel Ruquetek 2009an. Lortzen dituen zifrak Euskal Herrian baino anitzez apalagoak dira.

Laster batean pentsatuz gero, pentsa daiteke euskaldun izateagatik daudela intsumiso, baina zuk, berriz, emigrazioa intsumisioaren gainetik dela idatzi duzu.

Emigrazio masiboa izan zen, zinezko odol hustea. Ez bakarrik Euskal Herrian. Biarnok ere anitz emigratu du. Horregatik aurkitzen dira %38 biarnes intsumisoen artean. Dena dela, euskal zifrei hurbilagotik begiratuz, emigrazio inportante eta aktibo batek segitu zuen gerla denboran. Zazpi bat mila ziren joan. Klase bat gerlara deitzen zutelarik, klase horretako anitzen lekuak husten ziren. Biarnon hori, aldiz, desagertzen da.

Nola esplikatu hori?

Ez dakit zuzen zergatik euskaldunek emigratu duten. Ematen diren esplikazio gehienak kontentagaitzak dira. Ontsa ezagutzen ditut. Gaia lantzen duen oro irakurri dut. Teoria bakoitzak egiaren zati bat dakar. Baina ez dago bakar bat fenomenoa bere osotasunean esplikatzen duenik. Zergatik joan dira Montevideo, Buenos Aires edo Kaliforniara? Zergatik ez Bordele, Tolosa edo Parisera? Batzuk hiri horietara joan dira, baina masaren parte handiena ez. Zergatik, adibidez, Frantziak inperio kolonial kolosala abian jarri zuelarik, bere populazioak akuilatu zituelarik koloniak birbaloratzera, besteak beste Aljerian, zergatik euskaldunak ez ziren hara joan? Zergatik segitu dute Buenos Airesera joaten?

Hipotesirik, halere?

Berezia da, hasteko, ikustea gaiaren abiapuntua intsumisioa izanik ere, zulatzen hasi eta emigrazioa agertzea. Fenomeno horiek garatu dira Frantzia nazio estatu bateratua bilakatzen ari zelarik. Beraz, behartua naiz lotura horiek galdekatzera. Segur aski, emigrazioan erresistentzia kultural bat ikustekoa izan daiteke. Joaten zirenen gogoan errazagoa zitekeen, menturaz, euskalduna izaten segitzea urrunera joanez. Itsasoaz bestaldera joanez, ezinez eta metropoli handi eta frantsesera. Badira fenomeno demografikoak ere. Senide handiko familiak ziren. Familia estruktura indartsuak... Ez dakit zehazki, baina, dena dela, badakit intsumisioaren konprenitzeko emigrazioa konprenitu behar dudala.

Aldiz, idatzi duzu: «Intsumisioa ez da jarrera antimilitar bat, eta oraindik gutxiago jarrera politiko bat»?

Bai, hori berresten dut.

Politikoa zein zentzutan?

Politikoa izatea, garai hartan, pazifikoa izatea izanen zen. Edo armadaren kontrakoa. Nor zen antimilitarra garai hartan? Ezkerra, sozialista iraultzaileak, anarkistak. Euskal intsumisio eta desertzioan ez da horrelakorik agertzen.

Nork bere burua ez zuen agian aski frantsesa sentitzen? Hori izan zitekeen arrazoi bat? Nahiz eta kontzientzia hori ez izan menturaz?

Gaur egungoa garai hartako pentsamoldera ekartzea anakronismo ikaragarria litzateke. Konprenitzen dut 2014ko abertzale batek erran nahi izatea garai hartan ez zutela gerlarik egin nahi izan euskaldunak zirelako. Bai, euskaldunak ziren, baina ez zuten beren burua euskaldun aldarrikatzen. Euskal nazio bat formatzen zuten kontzientziarik ez zuten. Kontraesanik izan gabe, posible zitzaien beren burua euskalduna ikustea errotik, eta aldi berean frantses herritar. Aita izugarri euskalduna nuen, baina bitxia eginen zitzaion ez zela frantsesa erratea.

Zure osaba zahar intsumisoak bazituen gerlako medailak jaso zituzten anaiak, baina intsumisoa ez zen segur aski besteak baino euskaldunago...

Euskaldunak ziren, baina, kakotxen artean euskal nazio kontzientziarik ez zuten batere. Aldiz, segur aski, Frantziaren osotasunaren parte ziren sentimendu aldetik, hor, defizit bat bazitekeen. Frantses sentitzen ziren. Frantses izendatuak ziren. Baina Frantzia handia zen; urrun zen herritik, ibarretik. Frantziako Estatua abstraktua zen. Ez bakarrik Euskal Herritik. Frantziako baserriko eremuek, baserritarrek ez zuten biziki bere egiten Frantziako Estatua. Hain zuzen, armada izan da integrazio horren instrumentu. Hor ez zen hauturik: joan behar zuten. Eta beharrez bila heldu ziren jendarmeak. Presondegi, galera militar edo Afrikako infanteriako batailoi arinak ziren Bat' d'Af'-etara eramaten zituzten. Betebeharra inposatzen zitzaien lege bidez.

Preseski, liburuan aipatzen duzu intsumiso edo desertore izatearen ondorioak, familiarentzat.

Familiek bazuten arranguratzekoa. Baziren kondenatzen zituztenak desertzioaren konplize izateagatik. Preso sartu zituztenak. Emazte, ama, anaiak. Presioa globala zen. Ondorioz, joaten zirenek bazekiten beren senideekin zuten harremana eteteko arriskuak hartzen zituztela. Joateak ondorio txarrak izanen zituela senideentzat, hori bazekiten.

Eta auzoen presioa ere bazen. Auzokoak gerlan hiltzen ari, eta bestea eskapatua ikusteak jeloskortasunak sor zitzakeen...

Begi bistakoa da. Herrian guztiek elkar ezagutzen zuten, belaunaldiz belaunaldi. Badituzularik familia anitz, non hil bat edo bi dauden, eta bien bitartean auzoa eskapatu dela jakiten duzularik...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.