Sanferminak Iruñean

Debuta egiteko modu bikaina

La Palmosilla ganadutegiko zezenek lehen aldiz parte hartu dute sanferminetako entzierroan. Lasterketa azkarra eta garbia izan da, eta zezenak taldearen buruan joan dira ia ibilbide osoan

Debuta egiteko modu bikaina.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikusmin handiko entzierroa izan zen atzokoa. Cadizko (Espainia) La Palmosilla ganadutegiko zezenek lehen aldiz lasterka egin zuten Iruñeko kaleetan, eta, ondorioz, inork ezin zuen aurretik jakin zer gertatuko zen. Bestalde, larunbata izanda, jende asko zegoen ibilbidean, eta horrek emozioa gehitu zion lasterketari. Zezen berriek ustekabea eman zuten. Entzierro ezin hobea egin zuten: azkarra, garbia eta aurreko egunetakoa baino zirraragarriagoa. Zezenek taldearen aurrealdean eta nahiko banatuta egin zuten ibilbide gehiena, eta korrikalariek lasterketa ederrak egiteko aukera izan zuten. Gainera, entzierro guztietan azkarrena egin zuten Cadizko zezenek: bi minutu eta 12 segundoan burutu zuten ibilbidea.

Goizero bezala, joaldunak buruan zirela atera ziren animaliak San Domingoko eskortetatik, baina azkar aldatu zen taldearen itxura, aldapa amaitu baino lehen zezenetako bik joaldunak aurreratu baitzituzten, eta taldearen aurrean jarri. Ibilbide gehiena egin zuten horrela, eta une batzuetan hiru eta lau zezen ere joan ziren aurrean, korrikalariek eskatzen duten moduan.

Samaldak luzatuta gurutzatu zuen Udaletxe plaza eta Mercaderes kalea, ziztu bizian, eta, Estafetako bihurgunera heldu zirenerako, zeramaten abiadurarengatik, pentsatzekoa zen lurrera eroriko zirela, lehenbiziko aldiz sanferminetan; baina ez zen hala izan. Zezen beltz batek estropezu egin zuen, baina bizkor altxatu zen, besteekin aurrera jarraitzeko.

Estafeta kale mitikoan nabaritu zen batez ere asteburua zela: korrikalari asko zeuden, askotariko kolore eta marrazkidun elastikoak jantzita. Kale horretan ikusi ziren lasterketarik onenak. Une batean, adibidez, lasterkari bat hiru zezenen artean sartuta gelditu zen, zezen bat alde bakoitzean eta beste bat atzean zuela; arrisku handiko unea izan zen, baina zezenek zintzo jokatu zuten, eta ez zioten ezer egin. Hala, korrikalariek sentitu ahal izan zuten egunero eskatzen aritu direna: zezenen ondoan korrika egitearen emozioa; beldurra. Batzuek gehiegizkoa, agian: mutil bati kamisetatik sartu zion adarra zezen batek, eta horrek izua sortu zuen. Ohi bezala, kale horretan lagun asko erori ziren, eta animaliak haietako askoren gainetik pasatu ziren. Hala ere, tarte horretan zegoen korrikalari kopuruarekin alderatuta, ez ziren izan beste egun batzuetan baino erorialdi gehiago.

Abiada bizian eta inguruan zuten jendetzari erreparatu gabe jarraitu zuten zezenek Telefonicako zatian, inorekin oldartu gabe, lasai. Plazarako jaitsieran eta kailejoian jende asko erori zen, eta pilaketa batzuk ere izan ziren, baina animaliek beren bidean aurrera jarraitu zuten, eta inolako arazorik sortu gabe sartu ziren ukuiluetara. Kronometroak bi minutu eta 12 segundo markatzen zuenean jo zuen suziriak: zezenek aurreko egunetakoek baino are azkarrago egin zuten ibilbidea. Berriak izanagatik ere, ongi entrenatuak daudela erakutsi zuten La Palmosillakoek.

Ospitalean ere lasaitasuna

Entzierroa oso jendetsua izan arren, larrialdi zerbitzuentzat sanferminetako «lasaiena» izan zen, Tomas Belzunegi Nafarroako Ospitale Guneko zuzendariordeak adierazi zuenez. Jakinarazi zuen ez zela adarkaturik egon, eta bost zauritu eraman zituztela ospitalera eta San Martin osasun zentrora, kolpeengatik.

Bederatzi egunen ondoren, azkenean heldu da uztailaren 14a, eta harekin batera sanferminen amaiera. Entzierroko korrikalariek ere agur esan beharko diete zezenei eta zortzi egunez bizi izan duten unetxoari. Gaur izango dute horretaz gozatzeko azken aukera, Miurekin. Sevillako ganadutegi horretako zezenek 1959an egin zuten lasterka lehen aldiz Iruñean, eta ordutik 53 aldiz joan dira hirira. Entzierro azkarrak egin izan dituzte azken aldietan, eta 2015ean inoizko azkarrena egin zuten, bi minutu eta 5 segundoan bukatu zuten.

Ikusteko dago gaur zezenek sorpresarik emango ote duten, baina, hala izan ezean, esan daiteke aurtengo entzierroak oso garbiak izan direla. Gaur arte sei adarkatu egon dira —hiru lehenbiziko entzierroan—, eta ezusteko gutxi. Oso azkarrak izan dira entzierro guztiak, gainera: luzeena bosgarrena izan zen, bi minutu eta 49 segundo iraun zuena. Zezen guztiek ziztu bizian zeharkatu dituzte Iruñeko kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.