Desberdintasun sozialak. Aberastasunaren banaketa

XIX. MENDERA ITZULTZEKO BIDEAN

Ezberdintasun sozialen gaia nazioarteko eztabaidara ekartzea lortu du Thomas Piketty ekonomista frantziarrak. Aberatsenen eta pobreenen arteko aldea abiada bizian ari da hazten, bereziki 2008ko krisiaz geroztik, duela bi mendeko mailara hurbiltzeraino. Alarma piztu dute hainbat erakundek.
BERRIA

Jon Fernandez -

2014ko abenduak 21
Bi mende atzera egiteko ez da denboraren makinarik behar. Ekonomikoki munduko biztanleria XIX. mendeko egiturara bueltatzen ari dela ohartarazi du Thomas Piketty ekonomista frantziarrak Le Capital au XXIe siècle liburuan (Seuil) —Kapitala XXI. mendean—. Kapitalismoak, berez-berez, ezberdintasun sozialak sortzen dituela azaldu du datuz betetako azterketa sakon baten ostean. Aberats gutxi batzuk gero eta aberatsagoak dira, eta herritarren gehiengoa gero eta pobreagoa da. Ezberdintasunen arrakala handitzen ari da bereziki 2008ko krisiaz geroztik. Aldeak aldeagoak dira, eta duela bi mendetako gizarte egiturara gerturatzen ari garela ohartarazi dute adituek.

Pikettyren liburuak lortu du desberdintasun sozialen gaia mundu mailako eztabaidan jartzea, baina ez da alarma piztu duen bakarra izan. Egoeraren gordina azaldu dute, adibidez, Credit Suisse banku suitzarraren eta OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen TUAC Batzorde Sindikal Aholku-emailearen txostenek:

DESBERDINTASUNAREN

TAMAINA

Credit Suissen datuen arabera, gaur egun munduko herritar guztien aberastasuna 210 bilioi eurotaraino iritsi da. Bikoiztu baino gehiago egin da 2000. urtetik: orduan 93 bilioikoa baitzen kopurua. Jendea, oro har, aberastu egin dela esan nahi du horrek? Inondik ere ez. Gutxi batzuek asko gizendu dute poltsikoa, eta gehiengo handi bat pobretu egin da. Suitzako bankuaren arabera, planetako biztanleen %8,6ren esku dago munduko fortuna osoaren %85,3. Herritarren %91k, aldiz, aberastasunaren %14,7 partekatzen dute. Luparekin zehatzago begiratuz, gainera, ikus daiteke soilik %0,7k diru eta ondasun guztien %44 dutela. Alarma guztiak pizteko modukoa da egoera, Credit Suissen ustez.

Herrialdeen zerrenda bat egin du bankuak, aberastasun banaketaren desberdintasun mailaren arabera. Desberdintasun oso handiak dituztenen artean daude AEBak, Suitza, Argentina, Brasil, India eta Errusia, besteak beste: estatu horietan %10 dirudunenek herrialdeko aberastasunaren %70etik gora daukate. Desberdintasun handia duten herrialdeen artean, berriz, Alemania, Austria, Danimarka, Norvegia eta Suedia aurki daitezke: aberastasunaren %60-70 artean dute biztanleen %10ek. Desberdintasun ertainekoen zerrendan daude Erresuma Batua, Espainia, Frantzia eta Italia: %10ek dute fortuna osoaren %50-60 artean. Desberdintasun txikiko herrialdeak bi baino ez dira: Belgika eta Japonia, eta bertan aberastasunaren %50etik behera daukate %10 aberatsenek.

ARRAKALA, SAKONTZEN

Gutxi batzuk ari dira ia pastel osoa jaten, eta kondarrak baino ez dira geratzen jendetza ikaragarriarentzat. «Biztanleen %1ek herritarren batez besteko aberastasuna baino ehun aldiz gehiago du estatu askotan, eta mila aldiz gehiago desberdintasun handieneko herrialdeetan». Credit Suissen iritziz, horrela izan da historiaren zatirik handienean. Hainbat arrazoi direla medio —bi mundu gerrak tartean—, XX. mendean txikitu egin zen aberatsenen eta pobreenen arteko aldea. «Aro berri bat ireki zela zirudien, baina parekatzeko joera apurtu egin da, eta ziurrenik desberdintasunak sakondu egingo dira», Suitzako bankuaren txostenaren arabera. 2008ko krisiaren ostean batez ere herrialde garatuetan handitu da aberatsenen eta pobreenen arteko tartea. «Krisi osteko susperraldia aberatsenen mesederako da». AEBetan, adibidez, ondasunak ohiko diru sarrerak baino 6,5 azkarrago hazten ari dira.

ZERGATIK HAZI DA TARTEA?

Desberdintasun maila 1929ko Depresio Handitik handiena da. Arrazoia sinplea da, eta Credit Suissen analisiak bat egiten du Pikettyrenarekin: herentzian jasotako edo bestelako bideen bidez pilatutako dirutzak askoz azkarrago hazten dira diru sarrera ia bakarra soldata dutenen aberastasuna baino. Bereziki 2008ko krisia hasi zenetik behera egin dute soldatek eta gora aberatsenen mozkinek. Credit Suissek gogorarazi du historiak erakutsi duela aberatsenen ondarea ziztu bizian handitzen denean aktiboen burbuilak sortzeko arriskua dagoela. Eta, lehenago edo geroago, burbuila pitzatu eta beste atzeraldi bat etortzeko arriskua dagoela.

ZERGATIK HANDITU DA DIRU

SARREREN ARTEKO ALDEA?

Besteak beste, soldaten jaitsieragatik, TUACen azken txostenaren arabera. Datu bidez azaldu du ez dela egia azken hamarkadetan herrialde garatuetako soldatak produktibitate mailaren gainetik handitu zirela. Izan ere, kontrakoa diote zenbakiek. Bigarren Mundu Gerratik 1980ra bitartean, OCDE osatzen duten 34 herrialdeetan, soldatek eta produktibitateak pareko igoera izan zuten; 1980ko hamarkadatik aurrera, ordea, produktibitatea ia etengabe igo da —2007tik 2010era izan ezik— baina soldaten gorakada dezente apalagoa izan da. OCDEko langileen soldaten pisua erakundearen BPGaren %66,1 adinakoa zen 1990ean, eta %61,7ra jaitsi zen 2009rako.

Txostenak gogorarazi du NDF Nazioarteko Diru Funtsak berak aitortu duela krisi garaian ezarritako austeritatea herritarrek ez dutela maila berean jasan. «Austeritateak batez ere soldatapekoen diru sarrerak txikitu ditu», TUACen arabera. «Kontsolidazio fiskala lortzeko murrizten den BPGko %1 bakoitzeko, inflaziora egokitutako soldatek %0,9 galtzen dute, eta inflazioari lotutako mozkinek %0,3». Hau da, langileei kapital jabeei baino hiru aldiz gehiago egiten die kalte austeritateak. Austeritateak ezberdintasunak sakontzen dituela baieztatu du OCDEk berak.

XIX. MENDEAN BERRIRO

TUACen arabera, batez ere azken hiru hamarkadetan handitu eta hedatu da diru sarreren arteko ezberdintasuna. Areago, OCDEren How Was Life (Zelakoa zen bizitza) txostenaren arabera, erakundeko herrialdeetan desberdintasuna neurtzeko Gini koefizientea 0,36raino jaitsi zen 1980an, baina 2000. urtean 0,45era igo zen, 1820. urteko mailara. 0tik 1era doa Gini koefizientea: 0k muturreko berdintasuna adieraziko luke —denek dutela aberastasun kopuru bera— eta 1ek muturreko ezberdintasuna —herritar bakarrak lukeela aberastasun osoa eta besteek ezer ere ez—.

BESTE ARRAZOIAK

Soldaten txikitzeaz haragoko arrazoiak ere eman ditu TUACek diru sarreren arteko desberdintasunaren jatorria hobeto ulertzeko. Zergak dira gakoetako bat. «Azken hamarkadetan herrialde askok ezabatu edo txikitu egin dituzte aberastasunaren eta herentziaren gaineko zergak. OCDEko estatu batzuetan baino ez dago indarrean aberastasunaren gaineko zerga. Zergen malgutzeak aberatsenek kapital eta aberastasun gehiago pilatzea errazten du, eta hori herentzia bidez transmititzeko aukera ematen du». Zerga sistema berrikusteko eskatu du TUACek, txiroen eta aberatsen arteko tartea txikitzeko.

OCDEren 2011ko Divided We Stand (Zatituta gaude) txostenaren arabera, diru sarreren arteko ezberdintasunen atzean «gaitasunetan oinarritutako aldaketa teknologikoak, kalitatezko hezkuntzarako sarbide falta eta lan merkatuko instituzioen ahultasuna» daude. 1980ko hamarkadatik egindako egiturazko erreformen ondorioz lan merkatuko instituzioek merkatuko desberdintasunak parekatzeko ahalmena galdu dutela uste du TUACek.

ONDORIO ZUZENAK

Kalte ugari eta zehatzak eragiten ditu aberastasun eta diru sarreren ezberdintasunak, ez soilik pobreenen bizi-mailan: «Aldea handitzeak hazkunde ekonomikoari galga jartzen dio, gizarte kohesioa ahultzen du eta merkatuenganako eta instituzioenganako konfiantza apurtzen du».

KONPONBIDEAK

Haustura sozial gero eta handiagoa saihestu daiteke, nahi izanez gero eta neurriak hartuz gero. Honako hauek dira TUACen gomendioak egoera onbideratzeko: «ondo ezarritako» gutxieneko soldata onartzea; gobernuek negoziazio kolektiborako tresnak indartzea; soldata handienen «gehiegikeriak» murriztea eta sektore pribatuan soldata handienei mugak ezartzea; herritar guztiei kalitatezko hezkuntza eta trebakuntzarako sarbidea izateko neurriak hartzea, «batez ere krisi garaietan»; zerga sisteman progresibotasuna ezartzea eta multinazionalei ere «zerga eraginkorrak» jartzea; azkenik, jarduera ekonomikoa BPG per capita baino zabalagoa den irizpideen arabera epaitzea eta gidatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna