Hong Kong. Gobernuaren aurkako protestak

Ekaitza baretzeko errezetak

Carrie Lam Hong Kongeko Gobernuko buruak agindu du «etxebizitza eta jendearen bizibidea» izanen dituela lehentasun datozen hilabeteotan

mikel rodriguez
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hong Kongen hango gobernuaren aurkako protesta handiak hasi zirenetik hiru hilabete bete dira aste honetan. Carrie Lam gobernuburuak iragan astean adierazi zuen alde batera utziko zuela protestak eragin zituen motibo nagusia: atxilotuak Txinara estraditatzea errazteko asmoa zuen legea. Manifestariek, ordea, mobilizazioei eutsi diete, eta udazkenera begirako estrategia eta ekinaldi gehiago prestatzen hasi dira, lege bati aurre egitea baino helburu zabalagoak dituztela berretsiz. Protestak baretzeko asmoz, Lamek atzo adierazi zuen gobernuaren datozen hilabeteetarako lehentasunak izanen direla «etxebizitza eta jendearen bizibidea».

Izan ere, etxebizitza bat lortzea da Hong Kongeko herritar anitzen arazorik handiena, batez ere gazteena. «Gobernuak etxebizitza eskaintzaren inguruko neurriak hartuko ditu, eta horiek etenik gabe paratuko ditu indarrean, eta ez ditu alde batera utziko», hitzeman du Lamek Facebook sare sozialean argitaratu duen mezu batean.

Txinako Gobernuak ere alor ekonomiko eta sozialari heltzeko asmoa du; Reuters agentziaren arabera, ehun inguru enpresa publikotako arduradunak gobernuko ordezkariekin elkartu dira Shenzen hirian, aste honetan, Hong Kongeko krisiari buruz aritzeko —Shenzenek Hong Kongekin egiten du muga—. Iturri horrek dioenez, SASAC Estatuaren jabetzako Aktiboak Gainbegiratzeko eta Administratzeko Batzordeak antolatu zuen bilera, eta gobernuko ordezkariek enpresetakoei erran zieten Hong Kongen inbertsioak handitu behar dituztela, eta eremu autonomoko finantza sisteman eragin handiagoa izaten saiatu behar dutela. «Hong Kongeko negozioetako elitea ez da behar adina egiten ari», adierazi dio Reutersi izenik eman ez dion enpresa publiko bateko arduradunak. Hao Peng SASACeko burua Hong Kongen izan zen iragan asteazkenean, eta Lamek bilera bat egin zuen.

Gobernuaren aurka lerratu diren sektoreak, berriz, protestei nola eutsi ari dira aztertzen. Atzo, Udazken Erdiko Jaia zela baliatuta —Txinako egutegiko egun handietako bat—, hiriko hainbat tokitan giza kateak eta elkarretaratzeak egin zituzten, eta Hong Kongeko eta Txinako gobernuen aurkako leloak, eta matxinadaren aldekoak zituzten kartelak erakutsi zituzten horietan.

Joan den igandean dozenaka mila lagun atera ziren protestara, eta, bertze behin, istiluak piztu ziren horien eta Poliziaren artean. Giza Eskubideen Fronte Zibila izeneko erakundeak biharko bertze deialdi bat egin du, baina, atzo, Poliziak manifestazioa debekatzeko agindu zuen, «arrisku handiko eraikinen ondotik» pasatzekoa zelako. Erakunde horrek helegitea paratu zion aginduari; dioenez, Lamek estradizio legea baztertu izana ez da nahikoa «hongkondarrak lasaitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.