Planetaren aldeko martxa

Milioi erdi pertsona bildu ditu Madrilen klima aldaketaren aurkako manifestazioak. Antolatzaileek ohartarazi dute ez dagoela denbora galtzerik, eta akordio eraginkorrak eskatu dizkiete agintariei

Milaka pertsonak egin dute bat Klimaren aldeko Martxarekin, Madrilen. Irudian, Txileko ordezkaritza, manifestazio buruan. RODRIGO JIMENEZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Gradu bat gehiago ez eta espezie bat gutxiago ere ez», izan zen atzo Madrilgo Klimaren aldeko Martxan entzun zen oihuetako bat. Ez zen bakarra izan, ordea. Espainiako hiriburuan bildutako milioi erdi lagunek —15.000, Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera— estu hartu zituzten COP25 goi bileran bildutako agintariak, eta argi utzi zieten badela zerbait egiteko garaia. Helburua ere ezarri zieten: 2030erako berotegi gasak %80 gutxitzea.

Mundua esnatu egin da klima larrialdiaren aurrean irakur zitekeen Txileko ordezkaritzak manifestazio buruan zeraman pankartan. Izan ere, berez herrialde hartan zuten egitekoa goi bilera, baina, azken hilabeteetako protesten ondorioz, lekuz aldatzea erabaki zuten. Hala, ez zen falta izan Sebastian Piñera presidentearen aurkako aldarririk. Hainbat manifestarik su eman zioten haren irudiko panpina bati, «hil eta zauritu guztien omenez». Hain zuzen ere, klimaren aldeko beste manifestazio bat zegoen deituta Txileko Santiago hiriburuan, arratsaldeko 18:00etan —gaueko 22:00ak Euskal Herrian—.

Txileko ordezkaritzaren atzetik Gazteak Klimaren Alde plataformako kideak zetozen, eta haiekin Greta Thunberg ekintzaile gaztea. Azken horrek, ordea, bertan behera utzi behar izan zuen manifestazioa, jendetzaren ondorioz aurrera egin ezinda eta segurtasun indarrek hala aholkatuta.

Mobilizazio erraldoiak babesle ugari izan zituen; besteak beste, WWF, Greenpeace, Fridays For Future edota SEO Birdlife nazioarteko erakundeak. Extintion Rebellion mugimenduko kide Andrea Molinak ohartarazi zuen Madrilgoa ez zela izan manifestazio bat gehiago, agintariak urratsak egitera bultzatzeko martxa baizik: «Klima aldaketa hemen dago. Larrialdi egoeran gaude, eta ezin dugu zain jarraitu».

Manifestazioan parte hartu zuen Elkarrekin Podemoseko diputatu Juantxo Lopez Uraldek ere, eta ohartarazi zuen denbora amaitzen ari dela. «Onartezina da gas isuriak handitu izana. Ezin dugu borroka hau galtzen jarraitu. Borondate handiagoa behar dugu arazo hau konpontzeko, gainontzean ezinezkoa izango dugulako planeta honetan bizitzen jarraitzea».

Herritarrei ere deia egin zien SEO Birdlifeko Teresa Riverak, eta nabarmendu zuen Parisko Akordioak betetzeko eskatzeaz gain, banakoek ere badutela aukerarik laguntzeko, natur baliabideen kontsumoa murriztuz. WWFko idazkari Juan Carlos del Olmok ere mezu argia helarazi zion nazioarteari: «Planeta osoko herritarrak gaude hemen helburu bakarrarekin: politikariei eta enpresariei eskatzea har ditzatela neurriak klima larrialdiaren kontra. Zientziak argi hitz egin du. Tenperaturak igotzen jarraitzen du eta neurri arriskutsuetara heltzen ari da».

Madrilen izan zirenen artean zen Julieta Peruca, Nazio Batuen Erakundeko ordezkaria, ere. «Goi bileran parte hartzen ari den ordezkaritzako kide naiz ni ere, eta uste dut estatuek garrantzia gehiago eman beharko lietekeela klima larrialdiari eta giza eskubideei».

Larrialdia

Arratsaldeko 18:00etan abiatu zen manifestazioa Atochatik eta bi ordu inguru behar izan zituen buruak Nuevos Ministerios kalera heltzeko. Han jarri zuten antolatzaileek agertokia eta bertan irakurri zuten manifestua ere Javier Bardem aktoreak eta Sonia Guajajara Brasilgo buruzagi indigenak.

AEBetako presidente Donald Trumpen eta Brasilgo Jair Bolsonaroren arriskuez ohartarazi du Guajajarak: «Haien erabakiek milaka pertsona hil ditzakete». Gogora ekarri ditu Amazonia suntsitzen ari diren suteak eta salatu Latinoamerika «bortxatzen» ari direla: «Berriz kolonizatu nahi gaituzte, beste bizimodu bat inposatzeko. Baina ez dugu beste planetarik; ez dugu beste planik».

Egoera irauli dezaketen hiru gakoak nabarmendu ditu Bardemek: larrialdia, asmo handiak eta murrizketak. «Gobernuek ikatza diruz laguntzeari utzi behar diote. Gai direla erakutsi behar dute, baita akordioak bertan behera uzten dituen Trump ergel horrek ere», adierazi zuen eta iragarri hamar urte soilik geratzen direla klima aldaketa gelditu nahi bada.

Aldaketa etorri badatorrela iragarri zuen Thunbergek, baina zehaztu zuen ez dela agintarien eskuetatik etorriko, herriarengandik baizik. «Buruzagiak traizio egiten ari zaizkigu eta ez dugu onartuko. Nahikoa da. Aldaketa badator, haiei gustatu edo ez. Itxaropena dugu, baina ez agintariengan, zuengan baizik. Orain da unea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.