Latinoamerikako herrien borroka. Adolfo Perez Esquivel. Bakearen Nobel sariduna

«'Kondor operazio' bat ezartzen ari dira Latinoamerikan»

Ekintzailea gerra judizialez mintzo da, estatu kolpe bigunez, eta, ezeren gainetik, esku hartzeaz: «AEBentzat atzeko patioa da Latinoamerika: bere politikak aplikatu nahi ditu. Ezartzen ari diren base militarrak zenbatu baino ez da egin behar».

HENRY MILLEO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Bakearen Nobel saria eman ziotenean, 1980an, argi utzi zuen ez zela bere izenean jasotzen ari: «Latinoamerikako herrien izenean, indigenen, pobreen, baztertuen eta mundu berri bat sortzeko borrokan ari direnen izenean nago hemen». Adolfo Perez Esquiveli (Buenos Aires, 1931), kontinenteak garai hartan bizi izan zituen diktadurak ikusirik, «bakearekiko, demokraziarekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa» aitortu zioten sariarekin, ezen gazte-gaztetik izan zen ekintzailea, askapenaren teologiaren abaroan, borroka horrek atxilotua eta torturatua izatera eta heriotzaren hegaldi bat bizi izatera eraman bazuen ere: «Buenos Airesen atxilotu ninduten, 1977ko abuztuan, eta hamalau hilabetez izan ninduten preso». Hegaldia ez du sekula ahaztuko: «Uruguaiko kostaldea ikusten nuen; banekien hara iristen zirela botatzen zituztenen gorpuak. Bi edo hiru orduz izan ninduten hegan, baina niretzat eternitatea izan zen. Egun ederra eta hotza zen; eguzkia, haizea eta egunsentia arnasten saiatzen ari nintzen, harik eta kontrako agindua jaso zuten arte».

Egun hura ez da «bizitzaren naufrago bat» dela esateko duen arrazoi bakarra. Haurra zela, amonarekin bizi izan zen, eta hura guaranieraz mintzatzen zen. «Pobreak ginen, eta behin baino gehiagotan oheratzen ginen jan gabe. Egunkariak eta liburuak saldu nituen, loradenda batean aritu nintzen, harik eta arte eskolan sartu, lehen koadroak saldu eta eskolak ematen hasi nintzen arte». Egun, Bake eta Justizia Zerbitzuko presidentea da, eta herrialde batetik bestera dabil giza eskubideen urraketak behatzen eta injustiziei ahotsa jartzen, ustez diktadurak amaitu diren garaian. Txiletik etxera itzuli berria denean mintzatu da, telefonoz, BERRIArekin.

Protestak, estatu kolpeak, krisi politikoak, errepresioa... Zer ari da gertatzen Latinoamerikan?

Konplexua da, eta zaila da hitz bakar batean esaten, baina, oro har, egoera larria da. Herrialde bakoitzak bere dinamikak dauzka, arazo propioak, baina ezinbestean lawfare fenomenoaz hitz egin behar da, gerra judizialaz. Legea gerrako arma gisa baliatzen ari dira aurkari politikoaren kontra egiteko. Latinoamerika osoan gertatzen ari da. Ameriketako Estatu Batuak, segurtasun nazionalaren doktrina eta diktadura militarren ostean, gerra judizial hori baliatzen ari dira. Kondor operazio bat ezartzen ari dira. Ez gara okertuko esaten badugu 70eko hamarkadara itzultzen ari garela. AEBek ez diete garatzen uzten subiranotasunaren eta autodeterminazioaren bidean aurrera egiten ari diren herrialdeei. AEBentzat Latinoamerika atzeko patioa da, eta bere politikak aplikatu nahi ditu. Ezartzen ari diren base militarrak zenbatu baino ez da egin behar: Panaman, Karibean, Kolonbian... Argentina, Brasil eta Paraguaiko muga hirukoitza ere aipatu beharko genuke. Eta Erresuma Batuak Malvinetan duen base militarra. Horrek ere asko kezkatzen gaitu.

Demokrazia arriskuan al dago?

Bai. Botere judizialak erabat baldintzatzen du botere politikoa, eta demokrazia ahultzen du horrek; demokrazia errealak baino, demokrazia formalak ditugu. Estatu kolpe bigunak ematen dituzte, ez estatu kolpe militarrak, eta, bai, demokrazia suntsitzen ari dira horrela, baina hau ez da oraingo kontua.

Noizko kontua da?

Duela hamar urte ekin zioten dinamika honi. Manuel Zelayaren kontrako estatu kolpea esperientzia aitzindari bat izan zen. Hondurasen ostean, Paraguai; Fernando Lugo ere kendu zuten. Orain, Dilma Rousseffen eta Evo Moralesen kontrako estatu kolpeak...

Zer dago estrategia horren atzean?

Lularekin bitan izan nintzen kartzelan zegoenean, eta berak aipatu zidan nola kausa bat itxi bezain pronto beste bat irekitzen zioten. Desprestigio kanpaina ikaragarria egin zuten haren kontra, baina egia da kartzelan egon zela 40 milioi lagun muturreko miseriatik atera zituelako. Gurearen gisako kontinente aberats batean jendea ezin liteke gosez egon.

Latinoamerikako zainak irekiak daude oraindik. Mendeetan kontinentean izandako diktadurak, genozidioak, gerrak eta indarkeriak, guztiak kolonialismoaren ondareak, baliabide naturalak bereganatzeko izan dira, ezta?

Hala da. Interes ekonomikoak bestelako eskubideen gainetik daude. Baliabideak lapurtzera datoz, eta gaur egun ura da baliabide preziatuenetako bat; akuiferoak, baita mineralak ere. Venezuelarekin oso argi ikusi genuen, eta komunikabideetan inork ez du aipatzen esku hartzea. Maduroren diktaduraz mintzatzen dira, baina bere herrialdearen subiranotasuna defendatzeko egiten duenaz hitz egin beharko lukete, blokeo ekonomikoaz. Geopolitika kontu bat ere bada. AEBek ez dute kontinentearen hegoaldean izan duten hegemonia galdu nahi.

AEE Ameriketako Estatuen Erakundea konplize al dute?

AEBen txotxongiloa da. Horregatik eskatzen ari gara presidentearen dimisioa. Evo Moralesen kontrako estatu kolpean berak izandako jarrerak leherrarazi zuen dena. Luis Almagroz ari naiz. Venezuelan esku hartzearen alde ere agertu zen. Washingtondik maneiatzen dute AEE. Nazioarteko Diru Funtsa da beste erakunde bat herrien kontra ari dena. Eta, noski, gero narkotrafikoa dago; gerrak narkotrafikoarekin finantzatzen dira, ez aurrekontu nazionalekin. Panorama latza da.

Duela ez horrenbeste ezkerreko gobernuen kolorea zegoen Latinoamerikan. Egun, berriz, eskuinekoak dira nagusi. Badirudi zikloak direla. Zergatik? Zergatik ez dute irauten boterean ezkerreko gobernuek?

Hedabideek min handia egin diete ezkerreko gobernuei; haien kontra nolabaiteko gerra egiten dute, eta herritarrek mezu hori barneratzen dute, bereziki ikuspegi kritikoa ez dutenek, pentsamendu propioa ez dutenek. Lurrean sojaren monolaborantza bezain arriskutsua da buruan pentsamendu bakarraren monolaborantza. Hedabideek erantzukizun handia daukate, baina baita eliza elektronikoen erlijiositate alienatzaileak ere. Ronald Reagan presidentearen garaian eliza elektronikoak asmatu ziren askapenaren teologien ezarpena ahultzeko, eta eliza horiek, erlijiositate indibidualista sustatzen dutenak, oso errotuta daude gizartean. Brasilen Bolsonaro eta Perun Fujimori babestu zutenak dira. Bitarteko ugari dituzte, eta propaganda handia egiten dute. Bolsonarorena da akaso adibiderik muturrekoena: haren hizkera, koloreko herritarren kontrakoa, emakumeen kontrakoa, gazteen kontrakoa... Eta, hala ere, irabazi zuen. Amazonia erretzen ari da. Ikaragarria da egiten ari dena, eta erabateko zigorgabetasunez ari da.

Txiletik itzuli berria zara. Zer ikusi duzu han?

Txilen errepresioa ikaragarria da. Nire begiekin ikusi dut nola erabili duten indarkeria herritarren kontra, zer-nolako bidegabekeriak egin dituzten. Piñera hauteskundeen bidez iritsi zen agintera, baina egun sasi-diktadura bat da, non giza eskubideak urratzen diren, non emakumeak bortxatzen diren, non manifestariak aurpegian tirokatzen dituzten, perdigoiak begietara botaz... Jende asko utzi dute itsu edo begibakar. Israelek palestinarren kontra erabiltzen duen metodologia bera da. Txilek demokrazia bat izateari utzi dio. Bere eskubideak aldarrikatzen dituen herri baten kontrako gerra abiatu du.

Ekuador, Txile, Bolivia... Guztietan izan dira protestak. Haitiren egoera, berriz, aipatu ere ez da egiten, protestetan hildako gehien izan dituen herrialdea izan arren.

Bai. Isiltasuna erabatekoa da, eta han gertatzen ari dena oso larria da. Behin baino gehiagotan izan naiz han, eta min ematen du; min ematen du ariman, bihotzean eta buruan. NBEko misioko tropek kolera eraman zuten, eta 9.000 lagun hil dira. Erabat suntsituta dago herrialdea. Guatemalaz ere hitz egin genezake. Eta Kolonbiaz. Han banan-banan hiltzen ari dira gerrillari izandakoak, ez baitira bake akordioak errespetatzen ari. Baina mundua bera dago egoera larrian. Mediterraneoa hobi komun bat da. Europan errefuxiatuen kontrako politikak zabaldu dira, eta jokaera horrek auzitan jartzen du zuzenbide estatua.

Gobernuen errepresioa bezain handia da herrien erresistentzia.

Bai. Gertaera horiek guztiak ikusita, herrien erantzuna goraipatu behar da, herrien matxinada. Ez dago itxaropenerako zirrikitu handirik, baina kontinente honen historiari begiratu behar diogu, herrien erresistentziari, eta gaur egun emakumeek jokatzen duten rolari erreparatu beharko genioke. Emakumeek gero eta presentzia handiagoa daukate bizitzaren alor ezberdinetan, eta, hortaz, eragiteko aukera gehiago ere badute, eta hori oso inportantea iruditzen zait. Indigenen indarra ere nabarmendu nahiko nuke, jatorrizko herriena, baita sortzen ari diren askotariko mugimendu sozial berriena ere. Guztiek aldarrikapen berak egiten dituzte, aldaketa estrukturalak eskatzen dituzte, eta hor dago gure itxaropena.

Nik, behintzat, herri horiengan dut itxaropena; jakinduria izugarria daukate, eta ez dugu galdu behar. Txileko machi-ekin izan nintzen, komunitate maputxeen buruzagi espiritualekin. Emakume xamanak dira, eta beraiek dute botere sakratua, ez gizonek. Ama lurrarekin lotuta daude. Asko daukagu ikasteko jatorrizko herrietatik.

Hori al da bidea bestelako mundu bat izateko?

Benetako iraultza bakarra kulturala da, pentsamenduarena; bestela ez da ezer aldatzen. Erresistentzia kulturala egin behar dugu, paradigma berriak ezarri. Hiru galdera existentziali erantzun behar diegu, behinolatik egin diren galderak: nor garen, zer nahi dugun eta nora goazen. Aske bizitzen ikasteko metafisika da hori.

Argentinara peronismoa itzuli da. Nola laburbilduko zenuke Mauricio Macriren lau urteko agintaldia?

Lau urteko zulo beltz bat izan da. Macrirena ikaragarria izan da. Enpresaria den heinean, beti lehenetsi du kapital finantzarioa herritarren bizitzaren eta bizimoduaren aurretik. Pobreak egiteko makina bat izan da, baztertuak egiteko makina bat. Bake eta Justizia Zerbitzuan kaleko mutikoekin egiten dugu lan, sektore kaltetuenekin, baztertuenekin, alde batera utziak izan direnekin, eta gose dira. Nire begiekin ikusi ditut zaborrontzietan janari bila. Hori Argentinaren moduko herrialde batean ikaragarria da. Argentina herrialde aberatsa da, baliabide natural ugari ditu, elikagaiak erruz daude, baina ia hamalau milioi lagun bizi dira pobrezian. Hori ezin da izan. Macrik utzi duen ondarea da hondamena, eta ordainezina eta immorala den kanpo zorra. AEBen politiken morroi izan da, eta erabateko menpekotasuna izan du. Hezkuntza eta osasun aurrekontuak murriztu ditu, kapital pribatua pribilegiatu du, eta gauza asko ditugu orain berreskuratzeko, baita memoriaren alorrean ere. Macrik esaten zuen giza eskubideak curro bat zirela; hitz horrek hemen esan nahi du hutsala dela, giza eskubideak hutsaren hurrengoa direla, alegia. Giza eskubideak eta demokrazia balore zatiezinak dira; giza eskubideak urratzen badira, demokrazia ere urratzen da. Orain paradigma aldaketa bat espero dugu; herrialdea berreskuratu behar dugu, poliki-poliki. Itxaropena daukagu. Buenos Aires espero ditugu aurrerantzean; aire onak, hitzez hitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.