Antropologia eta gizartea berbetan

Hiru egunez Antropologia Feministaren Kongresua egin dute Donostian, eta azken egunean antropologiaren eta gizartearen arteko harremanaz eztabaidatu dute mahai inguru batean

Mari Luz Esteban, Yayo Herrero, Dolors Comas eta Marta Luxan, mahai inguruan. BERRIA.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
«Nolakoa izan da antropologia feministaren eta gizartearen arteko harremana orain arte?». Galdera hori bota zuen atzo Marta Luxan soziologo eta EHUko irakasleak. Baina ez zuen ezerezean bota; bertan ziren Yayo Herrero antropologo, irakasle eta ekintzailea, Mari Luz Esteban antropologo eta EHUko irakaslea, eta Dolors Comas antropologo, irakasle eta politikaria, eta itaun horri erantzuna ematen saiatu ziren hiru hizlariak; Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusia bete zuten dozenaka emakumeen —eta gizon banaka batzuen— aurrean.

Hain zuzen, ekainaren 8 eta 10 bitartean antolatu duten nazioarteko Antropologia Feministaren Kongresuko azken mahai inguruan hartu zuten parte hizlariek. Munduko hainbat lekutatik etorritako 195 ikertzaile eta adituk beren lan lerroak azaldu dituzte komunikazio laburren bidez, eta, horrez gain, bost mahai inguru ere izan dira.

Antropologia feminista, feminismoa eta gizartea: eztabaidak eta harremanak izena zuen azken mahai inguruak. Herrerok gizarte mugimenduen ikuspegitik hitz egin zuen; Comasek, berriz, instituzioen ikuspuntutik, eta Estebanek, azkenik, unibertsitatetik begiratu zion gaiari.

Hiru ikuspegi

Antropologia feministaren eta herri mugimenduen arteko harremana aletzeko, Herrerok ekologismotik erantzuteko hautua egin zuen, luzaroan aritu baita arlo horretan lanean. Lehenik, ordea, testuingurua ondo ezagutzearen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen antropologoak: «Egoera ezin larriago batean gaude. Kulturak, ekonomiak eta politikak gerra deklaratu diote bizitzari».

Testuinguru honetan, feminismoak eta antropologia feministak ekologismoari egin dizkioten ekarpenez aritu zen ondoren: «Denbora luzez, ekologistek naturarekin harremana zuten hura objektu bat izango balitz bezala. Begirada feministak konplexutasuna gehitu dio harreman horri: subjektuaren eta objektuaren arteko erlazio hori apurtu eta problematizatu egin du». Hain zuzen, adierazi zuten gizakia sarrarazi zuela feminismoak ekuazio horretan: «Bizitzak eta pertsonok harreman horretan daukagun garrantziaz ohartarazi zuen». Beraz, ekologismoari dagokionez, Herrerok ondorioztatu zuen antropologia feminista oso lagungarria dela «fenomenoak kontzeptualizatzeko eta iruditeria berriak» sortzeko.

Estebanek, ordea, kontrako norabidean erantzun zuen. Bere buruari galdetu zion: «Antropologia eraldatzen ari gara feminismotik?». Baiezkoa eman zuen, eta bi adibide ekarri zituen, gainera: «Binarismoa berrikustean, eta arlo sexual-afektiboan».

Hala ere , antropologiatik feminismoari egindako ekarpenei dagokienez, kezka agertu zuen: «Gauza interesgarriak esaten omen ditugulako deitzen gaituzte. Baina gero ez dute erabiltzen guk esandakoa. Non geratzen dira guk botatako mezuak?».

Horrez gain, beste arazo bat ekarri zuen hizpidera: «Ezin dugu horren banaketa zurruna egin unibertsitatearen, gizartearen eta erakundeen artean». Esaterako, azaldu zuen lanaz kanpoko aktibismoak ere nabarmen eragiten diela unibertsitateko ikertzaileei beren jardunean.

Comasek, berriz, instituzioen eta antropologia feministaren arteko harremanean jarri zuen arreta. Hain zuzen, instituzioetako feminismoa defendatu, eta esan zuen hori gabe zailagoa litzatekeela antropologia feminista egitea: «Nik neuk, antropologiako gradua egiten nenbilen bitartean, bi seme-alaba izan nituen, eta klase guztietara joan behar izan nuen. Orduan ez ziren gaur egungo politika feministak existitzen, eta gaur egungo malgutasuna posible da horiei esker».

Gehitu zuen erakundeetatik pandemian zaintza lanak egin dituztenei ahotsa emateko MADE izeneko ikerketa egin dutela, eta hori egiteko orduan ere antropologia feministaren ekarpenak jaso dituztela: «Hari esker, subjektutzat hartu ditugu zaintzaileak, ez ikerketarako objektutzat».

Etorkizunera begira

Beste galdera bat egin zien gero Luxanek mahai inguruko kideei: «Etorkizunera begira, zer harreman eduki beharko lukete antropologia feministak eta gizarteak?».

Herrerok hartu zuen hitza: «Hemendik aurrera, etengabeko gatazka batean biziko gara, krisian. Horri aurre egiteko, ezinbestekoa da antropologia feminista bat. Nik, ekologista moduan, proposatu dezaket jarraitu beharreko bidea. Baina bide hori gizarteak ez du gustuko izaten, eta hor sartzen da antropologia: ortzimuga horiek erakargarri egiteko, alde batetik, eta lan horren memoria gordetzeko, bestetik».

Estebanek, berriz, iritzi zion feminismoak kontzeptu «abstraktuetara» jotzeko joera daukala azken urteetan, eta antropologiak horiek «lurreratzen» lagun dezakeela. Comasek, berriz, adierazi zuen antropologiak «tresna teoriko eta praktikoak» ematen dizkiela instituzioei politika feministak egiteko.

Itxiera ekitaldi batez eman zioten amaiera kongresuari, baina antolatzaileek argi daukate bidea ez dela bukatu: ekitaldian, Carmen Gregorio Granadako Unibertsitateko irakasleak hartu zuen lekukoa, hurrengo kongresua han egiteko konpromisoa baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.