Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Itsaso Andueza. EGK-ko lehendakaria

«Gazteok ere ari gara berdintasuna lantzen»

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak barne diagnostikoa aurkeztu du. Erakundea osatzen duten gazteek genero berdintasunaren inguruan zer ikuspegi duten jakin nahi izan dute azterketa horren bitartez.
JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2016ko apirilak 5

Berdintasun diagnostikoa egin du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, erakundearen eguneroko jardunean eta gazteen elkartze eta partaidetza sareetan berdintasun plana txertatzeko. Ikerketa bat egin du erakundea osatzen duten gazteen artean. Itsaso Andueza lehendakariak azaldu duenez, «beharrezkoa» zuen horrelako lanketa bat egitea. «Garrantzitsua zen guretzat gazteoi zuzenean eragiten diguten zenbait arlo lantzen ditugun modu berean berdintasuna ere lantzea. Batez ere, gizarteak behar duelako».

Bi zatitan banatu dute diagnostikoa: alde batetik, erakundeko langileen arteko barne analisi bat egin dute, EGKren «kokapena hobetzea» xede duena. Bestetik, kontseilua bera osatzen duten elkarte eta taldeetako hainbat kideekin ikerketa bat egin dute. 16 eta 30 urte arteko 85 gaztek emakumeei eta generoari buruz eta sexu eta afektibitate aniztasunari buruz duten pertzepzioa aztertu dute. «60 bat elkartek osatzen dute EGK, eta askotarikoak dira, bai ideologia aldetik, bai helburu eta jarduera aldetik. Barne analisi bat da, finean; izan ere, elkarte horiek ere erakundearen parte dira», zehaztu du Anduezak.

Nabarmentzekoa da lehen aldiz neurtu dutela lesbiana, gay, transexual eta bisexualen kolektiboaren gaineko ikuspuntua. «Uste dugu zerikusi handia dutela, eta elkarrekin lantzeak baduela zentzurik». Bada, datuek erakutsi dutenez, «ezkutuko homofobia» uste baino handiagoa da. Galdegindako gazteen hamarretik bederatzik uste dute kolektiboarekiko «bereizketa ekintzak» badirela: gazteen %55 bulliyng edota iseken lekuko izan dira, eta %15, eraso fisikoena.

«LGTB kolektiboaren inguruko datu gutxi daude. Guk ikerketa bat proposatu dugu horren gainean, nola landu eta nondik jo erabakitzeko», azaldu du Anduezak. Era berean, kolektibo horren eskubideak bermatuko lituzkeen lege bat onartzeko eskatu dio erakundeak Eusko Legebiltzarrari.

Rolak eta estereotipoak

Galdegindako ia gazte guztiek genero rolak eta estereotipo sexistak oraindik badirela iritzi diote. Horrez gain, hamarretik ia bederatzik uste dute desberdintasunak daudela lan arloan gizonen eta emakumeen artean, eta azken horiek «egoera okerragoan» daudela lanpostu bat aurkitu ahal izateko, enplegua beste erantzukizun mota batzuekin uztartzeko, eta lanean eta bizitza politikoan erantzukizun karguak eskuratu ahal izateko.

Horren harira, emakumeek enpleguan aukera berdintasuna bermatu ahal izateko «ekintza positiboak indartu» egin behar direla uste du erakundeak. «Ekintza positiboak diogunean, esan nahi dugu berdintasuna bermatzen duten neurri guztien balioa nabarmenduko dugula. Berdintasuna denontzat ona dela ikusaraziko dugu, ez bakarrik emakumeentzat, baizik eta guztiontzat», azaldu du Anduezak.

Horretarako, kontzientziazio lana lagungarria bada ere, ez da aski, ikerketak azaldu duenez. Hori dela eta, Anduezak adierazi du proposamen eta neurri zehatzak egingo dizkietela erakunde publikoei: «Kontzientziazioarekin ez da aski. Neurri aktiboak behar dira. Gure ideia da urte amaierarako proposatzea neurri zehatz horiek erakunde publikoei».

Neurriak, halaber, genero indarkeriari aurre egiteko, adibidez. Izan ere, nahiz eta gaur egungo gazteek berdintasunari eta indarkeria matxistari buruzko ezagutzak badituzten, praktikan bestelakoa da egoera, datuek erakusten dutenez. Anduezak gogorarazi du kasu horietan gizartean onartuta dauden diskurtsoak errepikatzeak ez duela esan nahi diskurtso hori barneratuta dagoenik. «Genero indarkeriako kasuetan, deigarriena edo gehien ikusten dena da indarkeriaren erabilera fisikoa. Aldiz, horren azpitik dauden joera eta jarrerak ez dira askorentzat ikusgarriak, eta, ondorioz, ez dira lantzen».

«Espero ziren» emaitzak

Edonola ere, diagnostikoan azaldu diren emaitzak «espero zirela» aitortu du EGK-ko lehendakariak, eta azaldu du horrek erakusten duela «lan asko» dagoela egiteko oraindik ere. Hain zuzen, Anduezak adierazi du EGK-k eta erakundea osatzen duten elkarteek «elkarlanean» landuko dutela gaia. «Eratu genuen urteko plangintza ere aurkeztu genien elkarteei, diagnostikoarekin batera, eta asmoa da lantaldea hilabetean behin-edo deitzea eta elkarrekin antolatzea ekintzak aipatutako erronkei aurre egiteko».

Anduezak adierazi du «garrantzitsua» dela gazteen artean ere berdintasuna lantzea. Izan ere, sarritan haien jarrera «gutxietsi» egiten dela iritzi dio EGK-ko lehendakariak. «'Non daude gazteak?', galdetzen dute askok sarritan. Gazteok bagaude, eta ari gara hau ere lantzen. Gazte asko ari dira elkarteetan askotariko gaiak lantzen, eta berdintasunarekin ere ari dira. Oso garrantzitsua da ikusaraztea gazteok ere honetan ari garela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bilboko Zorrotza auzoan dozena bat auto urperatu zituen ibaiak. ©LUIS TEJIDO / EFE

Elur urtuak eta ibaien emari handiek kalteak eragin dituzte

Javi West Larrañaga

Cadagua eta Nerbioi ibaiek egin dituzte kalterik handienak Bizkaian. Auzokide batzuek ezin izan dituzte ibilgailuak garajetik atera
Irune Costumero, artxiboko irudi batean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Irune Costumerori alabaren zaintza partekatua ukatu dio auzitegiak

Erredakzioa

GAS gurasoen alienazio sindrome faltsua argudio hartuta, kendu egin zioten zaintza 2017an. Costumerok mendekutzat jo du epaia
Taberna bat, bezeroz beteta. ©GUILLAUME FAUVEAU

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID ziurtagiria exijitzearen alde azaldu da Auzitegi Goreneko fiskaltza

Ion Orzaiz

Fiskaltzak ontzat jo du Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra jarritako helegitea

Asier Zabaleta eta Marian Gerrikabeitia: «Ondo gaude»

Asier Zabaleta eta Marian Gerrikabeitia ostegunean itzuliko dira Euskal Herrira

Paulo Ostolaza

Mozambiken harrapatuta daude dantzaria eta kazetaria, omikron aldaera dela-eta mugak itxi dituztelako hainbat herrialdek. Espainiako Gobernuak antolatu du etxera eramango dituen hegaldia.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.