Eskozia. I-18: Independentziari buruzko erreferenduma. Leanne Wood. Plaid Cymru alderdiko burua

«Eskozian zein Galesen, helmuga berbera izango da, abiapuntua ezberdina bada ere»

Plaid Cymru alderdi abertzale moderatuaren buru, argi eta garbi Galesen independentziaren alde agertutako politikari bat dago. Mantsoago baina leku berera iritsi nahi baitu, arretaz begiratzen dio Eskoziako prozesuari.
PLAID CYMRU

Dabi Piedra -

2014ko irailak 14
Plaid Cymru Galesko alderdi abertzale nagusiko burua da Leanne Wood (Rhondda, 1971), baita Asanblea Nazionaleko parlamentaria ere. Abertzale moderatutzat jo daiteke Plaid Cymru, independentzia helburu lausoa da alderdiaren programan. Horregatik, Leanne Woodek hautsak harrotu ditu, Plaid Cymruren buruzagitzatik independentziaren aldeko aldarri garbia egin baitu. Galesen etorkizunerako, burujabetza ezinbestekoa dela uste du. Independentziara bidean, ekonomiak kezkatzen du gehien eta, sozialista izaki, Londresen politika ekonomiko hertsia arbuiatzen du. Eskoziako erreferendumaren aitzakian, Cardiffeko bulegoan hartu gaitu.

Aldaketarik nabaritu duzu Galesen, Eskozian erreferenduma iragarri zenetik?

Eztabaida politikoan aldaketak egon direla sumatu dut. Behin eskoziarrek erreferendumerako pausoa eginda, gogo handia dago Erresuma Batua osatzen duten gainerako herrietan, galdeketaren ondorioez eztabaidatzeko. Galesen gero eta jende gehiagok jakin nahi du ea Eskozian baiezkoak irabaziko balu hemen zer aukera zabalduko litzatekeen.

Eskozia independentziara bidean da; Galesen halakorik ikusiko dugu?

Lehenik eta behin, gogoan izan behar da, Eskozia eta Gales oso posizio ezberdinean daudela: gure autonomia adostu zenean, ez zitzaigun botere legegilerik edo finantzariorik eman. Eskozian autonomia zabalagoa lortu zuten, lege sistema ere desberdina dute. Ez dira zerotik hasi. Baina helmuga berbera izango da, abiapuntua ezberdina izanda ere. Hori bai, guk denbora luzeagoa beharko dugu iristeko. Noski, politikan gauzak azkar alda litezke: Eskozian gertatzen denak Galesko gertakariak azkar ditzake.

Eskozian baiezkoak irabaziz gero, zer gertatuko litzateke Galesen?

Ezinezkoa da aurreikusten, egia esan. Uste dut galestarrak konturatuko liratekeela, Londresek politika egiteko daukan modua ez dela modu bakarra. Hamarkadak daramatzagu Westminsterretik datozen neurriak pairatzen. Eskozian, Eskandinaviari gehiago begiratzen diote, egitasmo sozialak-eta garatzerakoan. Nik Eskozian baiezkoak irabaztea nahi dut, beste eskualdeetan ere debatea sortuko litzatekeelako, eredu ekonomiko eta sozialaz.

Galdeketaren ondoren, nola jokatuko du Plaid Cymruk?

Tira, lehenik eta behin, ikusi behar da ea gaur egun daukaguna egokia den gure beharretarako, eta ez da. Nire ustez, erabakitzeko eskubidearen hurrengo geltokia Galesen dago, guk geuk erabaki behar dugu zer botere nahi dugun geuretzat eta zer botere banatu besteekin. Pauso hori ezinbestekoa da, erabat independente izan baino lehen. Gure ahulune nagusia ekonomia da. Finantza eta ekonomia arloko boterea berreskuratzea lehen pausoa da.

Zer ikasi beharko luke Galesek Eskoziatik?

Asko dugu ikasteko. Eskoziako independentistek oso modu abilean plazaratu dituzte beren arrazoiak. Erresuma Batuko Gobernua eztabaidara bideratu dute eta, ondoren, erreferenduma negoziatzera.

Galesko herritarrak prest ikusten dituzu beren etorkizunaz erabakitzeko?

Inkestei esker, badakigu jendeak, oro har, autogobernu gehiago nahi duela. Londrestik datozen politikak ikusita eta hurrengo hauteskundeetan gobernua are kontserbadoreagoa izango dela aintzat hartuta, litekeena da galestarrek garbi ikustea autogobernuan sakontzea dela mehatxu horri aurre egiteko era bakarra.

Galesen Alderdi Laboristak biltzen ditu boto gehien; haiekiko elkarlana nahitaezkoa duzue.

Laboristekin gobernuan egon ginen legegintzaldi batean [2007-2011], autogobernua lantzearen truke. Gaur egun ere, gai horietan laboristekin jarduten gara. Hurrengo pausoa autonomia fiskala eskuratzea izango da, laboristak horretan uzkur samar dabiltzan arren. Juan Jose Ibarretxe zuen lehendakari izandakoa Galesen izan zen behin, eta kontatu zuen nola, 1980ko hamarkadan, autonomia fiskalak euskal ekonomia garatzen lagundu zuen; hori eredua da guretzat.

Zer espero duzue Londrestik?

Eskoziak eta Londresek negoziatu egin beharko dute, batez ere baiezkoak irabaziz gero; eta hor Galesek ere egon behar luke. Azken finean, Eskozia gabe, zer Erresuma Batu geratuko litzateke? Horrek bete-betean eragiten digu. Hortik aurrera, ordea, adi jarraituko dugu Londresen jarrera zein den, gaur gaurkoz zaila baita Eskoziari independentzia eman eta gero Galesekin egingo lukeena aurreikusten.

Zuk argi eta garbi adierazi duzu Galesen independentzia nahi duzula. Alderdiko buruzagi guztiak bat datozelakoan zaude?

Kontrako iritzirik ez dut entzun behintzat. Plaid Cymruren buruzagitzara iritsi nintzenean, nire programan ageri zen independentzia, eta alde handiarekin aukeratu ninduten; horrenbestez, uste dut badudala alderdiaren babesa.

Zer abantaila lituzke Gales independenteak oraingoaren aldean?

Independentziarekin geure aukera guztiak garatu ahal izango genituzke. Ziur nago galestarrak hobeto biziko ginatekeela herrialde burujabe batean, geure ekonomiaren indarguneak baliatzeko modua izango genukeelako. Westminsterren estrategia da Galesek ekonomia dependente bat izatea, besteen mende egon behar izatea aurrera egiteko. Mendekotasunean oinarritutako politika hori desagerraraztea lehentasuna da niretzat.

Gales independentea ekonomikoki bideragarria izango litzateke?

Guk ez daukagu eskoziarren petrolioa, baina herrialde bideragarria izan gintezkeelakoan nago. Giltzarria zera da herritarrak konbentzitzea benetan geure kabuz bizi gaitezkeela. Horretarako plangintza bat beharko dugu, jakina, eta denok batera egin beharko dugu indar. Pertsonak eta baliabideak badauzkagu; horiek egoki kudeatzen baditugu, Gales herrialde bideragarria izango da, munduko beste edozein bezala.

Gales Europako Batasunean nahi zenuke?

Bai, baina Europako Batasun desberdina nahi nuke, nazio txikiak kontuan hartuko dituena eta, ekonomian, jendeari lehentasuna emango diona finantzen aurretik.

Galesko berezko hizkuntzari eta kulturari mesede egingo lieke independentziak?

Eman ditudan arrazoi ekonomiko guztien nahitaezko osagarria da gure kulturaren alde egitea, horrek biribiltzen du gure egitasmoa. Gure independentzia proiektuaren erdigunean dago kultura zaintzea eta galesaren iraupena ziurtatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna