«Bide bikaina» ospatu du EAJk

Alderdiaren 126 urteak ospatzeko ekitaldia egin dute Bilbon. EAJ «askatasuna lortzeko tresna» dela adierazi du Ortuzarrek bere hitzartzean

Ortuzar, atzoko ekitaldian, Sabino Aranaren irudia atzean duela. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
EAJk bere 126. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen atzo Bilbon, Albiako Lorategietan Sabino Aranak duen estatuari eginiko lore eskaintzarekin. Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea buru zutela, dozenaka alderdikide bildu ziren EAJren sortzailea omendu eta alderdiaren historia goraipatzeko asmoz.

Ohorezko aurreskua egin ondoren, hitza hartu zuen Ortuzarrek, 1895eko uztailaren 31tik gaur arte EAJk nazio eraikuntzaren alde eginiko ibilbidea nabarmentzeko. «126 urteko bide bikaina, Euskadi bere askatasunera eramateko, Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izan dadin; herri bat, Euskal Herria; aberri bat, Euskadi; eta askatasuna lortzeko tresna bat, Euzko Alderdi Jeltzalea», esan zuen.

Alde horretatik, bere alderdia «gizon eta emakume askeen Euskadi aske bat lortzeko» sortu zela zehaztu zuen EBBko presidenteak, eta haren helburua oraindik ere berbera dela azpimarratu. Eta gehitu zuen EAJren bozak Espainiako egungo gobernuari eta etorkizunean osa daitezkeenei «doan» eskaintzen dizkiela, «[Gernikako] Estatutua bete, kontzertua errespetatu eta herri honi modu askean bere patua erabakitzen uzten badiote».

Hain zuzen, pandemiak eragindako kalteei erreferentzia eginez, Ortuzarrek gogoratu zuen «eskumenen burujabetza» dela «suspertzearen oinarria», eta hura babesteko eta «egunero zabaltzeko» deia egin zuen.

Kritikekin «nazkatuta»

Espainiako autonomia erkidegoetako lehendakarien konferentziaren harira Iñigo Urkullu lehendakariak azken egunetan jasotako kritikei erantzuteko ere erabili zuen Ortuzarrek bere hitzartzea. Izan ere, beste autonomia erkidego batzuetako lehendakariek eta Pablo Casado PPko buruak, besteak beste, Urkulluri leporatu diote atzoko bilerara joateko erabakia kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoak ostegunean sinaturiko akordioak baldintzatua egon zela.

Horiek horrela, EBBko presidenteak esan zuen «nazkatuta» daudela «xantaiagile» deitzen dietenekin: «Aspertuta gaude euskal autogobernua nola erabiltzen duten ikusteaz, xantaia erabiltzen dugula entzuteaz, eta gurea defendatzen dugulako pirata esaten digutela ikusteaz. Gure legearen eta haien legearen arabera gurea dena baino ez dugu nahi».

Hala, lehendakarien bilerari dagokionez, Ortuzarrek nabarmendu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak Espainiarekin duen lotura «aldebikoa» dela, «Euskadiren eta estatuaren arteko harreman zuzen eta elkarrekiko leialarena». Halaber, gehitu zuen foro aldeaniztunak «bigarren mailakoak» direla, eta EAJk soilik «hertsiki beharrezkoa denean» parte hartuko duela horietan, «neurrigabeko erabilerak» onartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.