Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Zer diote momiek?

2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Duela milaka urte zendu baziren ere, momiek, edo zehazki esanda, momietan dauden molekulek —hala nola DNAk eta proteinek— antzinako bizimoduaren eta gertaeren berri ematen digute. Azken bi hamarkadetan biokimikako teknikek jasan duten iraultzari esker, biomolekulen kode korapilotsuan gordeta dagoen informazio hori irakurtzen hasi berriak gara.

Antzinako zibilizazioen artean egiptoarrena da misterio gehien ezkutatzen dituena, bere piramide, hieroglifiko eta momiekin. Berriki, Macquarie unibertsitateko ikertzaile talde batek k.a. 4200 urteko hiru momiaren 230 proteina aztertu ditu, eta hantura, biriketako infekzio eta minbizi-zantzuak atzeman ditu. Horrek erakutsiko luke gaur egun hain arruntak diren gaitzak jada existitzen zirela egiptoarren garaian.

K.a. 1550-1324 urteko 11 momiari egindako analisi genetikoek, berriz, Tutankamon faraoi ezagunaren bost belaunaldiko genealogia eraikitzea ahalbidetu dute. Punta-puntako ikerketa horiei esker jakin da Tutankamon neba-arreben arteko intzestu harreman baten ondorioz jaio zela, eta haiengandik heredatu zuela hezurretako gaixotasun larri bat, eta ez Marfan sindromea, beste ikerlari batzuek iradokitzen zuten bezala. Horrez gain, aztertutako 11 momietan malariaren parasitoa ere aurkitu zuten. Hori dela eta, uste da Tutankamonen heriotza goiztiarraren eragile nagusiak hezurretako gaitza eta malaria izan zirela. Gainera, bere hilobian aurkitutako makulu eta botika ugariek hipotesi hori indartu dute.

Aurten bertan, Nature aldizkari ospetsuak k.a. 1400-400 urteko hiru momiari egindako analisi genetikoa argitaratu du. Ikerketak erakusten du egiptoar modernoek antzinakoek baino arbaso gehiago partekatzen dituztela Saharaz hegoaldeko afrikarrekin. Antza, antzinako egiptoarrek harreman estuagoa zeukaten Ekialde Hurbileko populazioekin.

Horren ospetsuak ez badira ere, Hego Ameriketan ere aurkitu dira milaka urte izan arren oso ondo kontserbatutako ehunka momia. Hauetako 92tan egindako DNA analisiek erakusten dute lehen amerikarrak ekialdeko Beringian —hots gaur-gaurkoz Bering itsasartea dagoen lekuan— bizi zen populazio txiki batetik heldu zirela Ameriketara, duela 16.000 urte. Horietatik, talde txiki bat duela 14.600 urte heldu zen Hego Ameriketara. Eta hori guztia gutxi balitz, DNA probek erakusten dute hego amerikar indigenen lerro genetiko bakarra desagertu egin zela europarrak heltzearekin batera, XV. mende amaieran.

Momietan hala nola antzinako gizakiak erabilitako tresna eta ontzietan aurkitutako molekulen azterketa biokimikoak hasi besterik ez dira egin... Ea zein misterio argitzen diguten etorkizunean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.