AirAsiako hegazkinaren aztarnak eta hainbat gorpu aurkitu dituzte

Java itsasoan, Indonesian, aurkitu dituzte igandean desagertutako hegaldiaren hondakinak, harremanak eten ziren zonaldetik gertu
Indonesiako soldaduak, abioiaren zatiak izan daitezkenak garraiatzen.
Indonesiako soldaduak, abioiaren zatiak izan daitezkenak garraiatzen. EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 31
QZ8507 hegaldiaren misterioa argitzen doa. Igandean desagertutako hegazkinaren arrastoak eta barruan zihoazenen hainbat gorpu aurkitu dituzte Javako itsasoan, Indonesiako uretan. «Ezbeharraren tokia aurkitu dugu. Bihar [gaur] hasiko dugu operazio zabalago bat, lurrez eta airez. Bidaiari eta tripulatzaile guztiak aurkitzen jarriko dugu indarra», azaldu du Joko Widodo Indonesiako presidenteak telebistaz emandako prentsaurrekoan. 162 lagun zihoazen AirAsia konpainiako hegazkinean; 155 bidaiari eta zazpi tripulatzaile. Gorpu guztiak eta hegazkinaren kaxa beltzak aurkitu arte iraungo du operazioak.

Borneo uhartearen hegoaldean topatu dituzte hegaldiaren arrastoak eta gorpuzkinak. Halere, Widodok ez du zehaztu zenbat gorpu atera dituzten uretatik. Hasiera batean 40ko kopurua eman badute ere, erreskate zerbitzuen zuzendariak esan du ondoren hiru besterik ez dituztela aurkitu.

Surabaya aireportutik, Java uhartean, atera zen hegazkina igandean Singapurrera bidean. Bi ordutako bidaia behar zuen, baina hegaldiaren erdian pilotuak kontrol dorrearekin harremanetan jarri ziren norabidea aldatzeko eta garaiago hegan egiteko baimena eskatzeko. 9.750 metrotik 11.580ra igo nahi zuten, ekaitz bat saihesteko. Kontrolatzaileek berehala eman zieten horretarako baimena, baina bi minutu geroago harremana eten zen. Pilotuek ez zuten laguntza deirik egin. Airbus 320-200 motakoa zen hegazkina, 2008. urtekoa. Azken azterketa azaroan egin zioten.

Jakarta Post egunkariaren arabera, 13:50ean —07:50ean Euskal Herrian— itsasoan itzala egiten zuen objektu batekin topo egin zuten erreskate zerbitzuek. Hegazkinaren ate bat ere aurkitu zuten. Aurkikuntza baieztatzean Bun Basera bidaiatu zuen Widodo presidenteak, erreskate lanak begiztatzera. Hiri horretako ospitalean hartu dituzte lehen gorpuak. Bidaiarien senideak ere bisitatu zituen Widodok Surabaya aireportuan. DNA laginak ateratzen hasi zaizkie, biktimen identifikazioa errazteko.

Lehen orbana

Tony Fernandes AirAsiako aholkulari nagusiak ere senideak bisitatu eta doluminak eman dizkie. Prezio apaleko konpainiaren historia biribilean lehen orbana da igandeko ezbeharra. 1996. urtean hasi zituen lehen hegaldiak, baina, 2001ean, Fernandesek konpainia bere egitean, haren irudia guztiz aldatu zuen.

«2001ean hasi ginen, bi hegazkin zaharrekin AirAsia defizitarioa erostean ringit bateko prezio sinbolikoan —euroko 20xentimo inguru— eta 11 milioi dolarreko — bederatzi milioi euroko— zorrarekin», irakur daiteke AirAsiako webgunean.

Fernandesek konpainia hartu eta hurrengo urtean hasi ziren etekinak ateratzen, eta asko zabaldu da ordutik. Asiako koste apaleko konpainia handiena da, webgunean irakur daitekeenez. Aire konpainiaren hegazkinak eskualdeko berrienetakoak dira; bataz besteko 3,5 urte dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Adrian Garcia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna