Eusko Jaurlaritzak amaitutzat jo ditu erietxeetako agerraldi berriak

Beste bi hildako eta hamalau positibo erregistratu dituzte Hegoaldean. Jaurlaritzak gripearen txertoaren kanpaina aurreratu nahi du

aitor biain
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du «kontrolatuta» dauzkatela azken egunetan izandako COVID-19aren agerraldiak, eta amaitutzat jo ditu aurreko astean Basurtuko (Bilbo) eta Txagorritxuko (Gasteiz) erietxeetan azaldutako fokuak ere. Pozik azaldu da agerraldi horien bilakaerarekin, baina zuhur jokatzeko eskatu du: «COVID-19a ez dago oporretan, eta arduraz jokatuta bakarrik egingo diogu aurre».

Izan ere, beste hamalau lagunek eman dute positibo PCR probekin azken orduetan Hego Euskal Herrian: zortzi kasu atzeman dira Nafarroan, hiru Araban, eta hiru Gipuzkoan. Hain zuzen, azken kasu horietako batek lotura izan dezake Orioko (Gipuzkoa) agerraldiarekin, eta Jaurlaritza harreman hori aztertzen ari da. Beste bi hildako erregistratu dira, halaber.

Ospitaleen egoera arinduz doa, nolanahi ere. Une honetan, zazpi pertsona daude ZIU zainketa intentsiboen unitatean Hegoaldeko erietxeetan, hau da, bezperan baino bi gutxiago; kopurua azken hiru hilabeteetako txikiena da. Osakidetzak herritarrei gogorarazi die, ordea, birusa ez hedatzeko segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla lehen mailako arreta guneetan ere.

EAEn positibo eman dutenen erdiek 20 urte baino gutxiago dituzte. Azken egunetan gora egin du kutsatutako gazteen kopuruak, baina Murgak ez dio arreta berezirik jarri datu horri. Izan ere, esan du PCR probak egiten zaizkiela egun kutsatu baten senitarteko guztiei edo gertuko harremana izan dezaketenei, sintomarik izan ez arren, eta horregatik azaldu direla kasu horiek orain. Kezkatuta azaldu da udako jaietan gerta daitezkeen kutsatzeekin, kasu horien jarraipena egitea «ia ezinezkoa» litzakeelako.

Bestalde, txertoaren kanpaina urriaren hasierara aurreratzea aztertzen ari da Jaurlaritza. Izan ere, Murgak azaldu du gerta litekeela gripea eta koronabirusa aldi berean izatea, eta horrek COVID-19 kasuak goiz atzematea «zaildu» dezake haren hitzetan.

Bizkaiko egoitzak, garbi

Bizkaiko zahar etxeetan ez da COVID-19a duen gaixorik. Aldundiak jakinarazi du egoiliar bakarra dagoela gaixo, baina hura ospitaleratuta dagoela. Denera, positibo eman zuten 1.612 adinekok gainditu dute gaitza. Izurria hedatzen hasi zenetik 290 hildako zenbatu dituzte egoitzetan, eta beste 32 kasuren susmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.