PANek «erabat» hautsi ditu harremanak Israelekin eta AEBekin

Abbasek jakinarazi du erabakiak segurtasun arloari ere eragingo diola. Arabiar Ligak ezezkoa eman dio Trumpen Ekialde Hurbilerako planari

ander perez zala
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionalak «erabat» hautsi ditu AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Israelekin zituen harremanak, PANeko presidente Mahmud Abbasek atzo jakinarazi zuenez. Erabakiak segurtasun arloari ere eragingo dio, aginteak oraindik indarrean dituen arren AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralarekiko akordioak: «Israelgo aldeari jakinarazi diogu ez dugula izango harremanik ez haiekin ez Estatu Batuekin, ezta segurtasun arloan ere».

Abbasek erabakiaren berri eman zuen, Egiptoko hiriburuan zegoela, Arabiar Ligaren bilkura batean. Horretara deitua zuten, Donald Trump AEBetako presidenteak Ekialde Hurbilerako aurkeztu zuen plana aztertzeko, eta talde hori osatzen duten herrialdeen erreakzioa irmoa izan zen: denak kontra agertu ziren. «Arabiar Ligak ez du AEBekin lan egingo plan hori indarrean jartzeko. Ez du bakea eraikitzen, eta ez du egonkortasuna bermatzen. Horren ordez, beste ehun urteko gatazkarako eta sufrimendurako hazia da», adierazi zuen Arabiar Ligak komunikatu baten bidez.

Trumpek iragan asteartean aurkeztu zuen Israelen eta Palestinaren arteko gatazka konpontzea helburu duen plana, baina, finean, soilik Israelentzat onuragarria den «irtenbide bat» proposatu zuen, Palestinako agintariei onartzeko ia ezinezkoak zaizkien baldintzak ezarri baitzituen. Besteak beste, Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortzea, eta orain arte ezarritako kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, adibide batzuk aipatzearren. «Ez naiz ni izanen Jerusalem entregatuko duena», adierazi zuen atzo PANeko presidenteak, plan horri erreferentzia egitean.

Jaurtigaiak, hiru egunez

Palestinaren eta Israelen arteko tentsioak bere hartan dirau oraindik ere, baina egunotan gora egin du pixka bat; batez ere, Trumpek plana aurkeztu zuenetik. Egun horretan, milaka palestinar Gazako eta Zisjordaniako kaleetara atera ziren protesta egitera, eta, asteazkenean, jaurtigaiak botatzen hasi ziren.

Hiru egun iraun zuen eraso horrek, atzo arte, eta, erantzun gisa, Israelek Hamas organizazio politiko islamistaren esku dauden gune estrategikoen aurka egin zuen denbora tarte berean. Erasoak etengabeak izan arren, ez da inor hil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.