urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kaledoniatik Kaledoniara

2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Asteon hauteskundeei buruzko berririk ikusi baduzue, epea hurbiltzen ari dela eta AEBetako bozetarako bi hilabete baino ez direla gelditzen izango zen ziur aski: Joe Biden aurretik inkesta guztietan, baina zenbait kalkuluren arabera %5-7tik beherako edozein alde lortuko balu Trumpek segituko luke presidente. Estatu aldakor edo giltzarrietan egungo presidentea nagusitzea da gakoa, eta, horretarako, ez du zalantzarik egingo polarizazioa eta indarkeria sustatzen: kalean indarkeria badago Poliziaren indarkeria arrazistak sortutakoa izan arren, langile zuri askorentzat (eta ez eurentzat soilik) segurtasunerako onena sheriff gogorrenaren alde egitea izango da. Zer esanik ez, urrian COVID-19aren txertoa aurkezten badu.

Nazioarteko agendetan ia gai bakarra egongo den asteotan, baina, mereziko du bestelakoei ere leku egitea. Ipar Amerikan bi hilabete falta diren artean, Europako kolonialismotik Ozeaniara doan auzian lau aste baino ez dira falta Kaledonia Berrian bigarren erreferenduma egiteko. Gaur behar zuen, iaz bi aldeek lortu zuten akordioaren arabera, baina pandemiak Frantziako udal hauteskundeak atzeratzea ekarri zuen, eta independentziari buruzko galdeketa ere bai horren ondorioz. Asteon independentistek Frantziako estatuaren jarrera salatu du, neutraltasunaren ordez unionisten alderantz lerratu delakoan.

Edozelan ere, dena ematen ari dira independentistak duela urte bi etxean geratu ziren 33.000 boto emaileak independentziaren alde mobilizatzeko. Orduan, 60.000 boto independentista izan ziren, eta 78.000 unionista, inork uste baino tarte txikiagoa, baina nabarmena hala ere. Oso biztanleria txikiko lurraldea izanik, eremu batzuetan batzordeak etxez etxe ari dira lanean mobilizazio horren bila. Horrekin batera, bozkatzeko boto emaileen zerrendan egon behar denez, izena ematera animatzen ari dira kanak herritarrak ere: izena emateko epea luzatzea lortu dute oraingoz. Erronkarik handiena Noumea hiriburuan eta, oro har, hegoaldeko probintzian daukate, unionismoak indarra daukan eremuan hain zuzen ere.

Behin baino gehiagotan esan dugu: munduan estatu berriak sortzeko aukera gehien dagoen kontinentea da Ozeania. Bai metropolitik bereizitako deskolonizazio tradizionalaren azken arrastoak dituztelako, Kaledonia Berrian edo Polinesian, baita duela bizpahiru hamarkada amaitutako hainbat gatazka armaturen ondorioa galdeketa egitea izan delako. Hala, Bougainvilleko uharteko biztanleen % 97k bozkatu zuten independentziaren alde iazko urte amaieran, eta azken asteotan egin dute hori negoziatuko duen gobernua aukeratzeko hauteskundeak. Hortik aurrerako bidea ez dago zehaztuta, baina herritarren % 97k independentzia babesten dutenean, zail dauka aurkakorik argudiatzen Papua Ginea Berriak.

Urrun geratzen zaizkigun eta txikiak diren herrialdeak dira, baina geopolitikak ere aparteko garrantzia daukan eremuan daude: Ameriketako Estatu Batuak eta Txina lehiakide nagusi baina ez bakar dituen Ozeano Barean. Hala, Bougainville ondoko Salomon uharteek Pekinen alde lerratzeko apustua egin zuten iaz, Taiwanekin zeukaten harreman luzea etenda. Bada, asteon iragarri du uharte horietako probintzia batek, Malaitak, Salomondik bereizteko asmoa, Txinarekin akordioa egitearen aurka dagoelako eta Taiwanekin segitzeko asmoa daukalako. The Guardian egunkariari Daniel Suidani Malaitako presidenteak esan dionez, hil honetan bertan egin asmo du independentziari buruzko galdeketa.

Amerikan hasi dugun ibilbidea Ozeania eta Asiatik jarraitu, eta Europaraino gatoz: Kaledoniatik Kaledoniara, Eskoziara. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak orain arteko argien adierazi du asteon: independentzia erreferendumerako lege egitasmoa argitaratuko dute 2021 hasieran Eskoziako Parlamentua desegin aurretik (maiatzean dira hauteskundeak), baldintza zehatzak eta herritarrei egin beharreko galdera proposatzen. Gero, inkesta guztien arabera sekulako garaipena lortuko duen SNP alderdiak erreferendum hori egiteko konpromisoa eta independentziaren alde bozkatzeko manifestuarekin joko du hauteskundeetara.

Bai, ezaguna da Boris Johnsonek ezetz esan diola behin eta berriz: ez duela erreferendum berririk negoziatuko Eskoziarako, auzia 2014an itxi zelakoan. Baina haren segidan etorri zen David Cameronek bozak deitzea Erresuma Baturako, irabaztekotan EBri buruzko galdeketa egingo zuelakoan. Halaxe egin zuen, eskoziarrek EBn geratzea bozkatu zuten, eta ingelesek Brexita. Europako Batasunetik kanpo da Eskozia, herritarren borondatearen aurka. Johnsonek behin eta berriz hanka sartu duen pandemia baten Sturgeonen babes politikek daukate herritarren onarpenik handiena, baita Eskoziatik kanpo ere. Johnsonek ezetz esaten badu, independentismoa hauspotuko du, eta ondo daki —SNPk garaipen handia lortzen badu batez ere- nekez ukatuko ahalko diola etengabe Edinburgori, hark herritarrei proposatu eta herritarren zati handi batek onartu duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.