Karabakh Garaia. Armen Hagojpanian. Medikua

«Ebakuntza gelan orduero bi pertsona dauzkagu»

Gatazka berriz piztu eta berehala joan zen Hagojpanian AEBetatik Karabakh Garaira: «Hemen gertatzen ari dena ez dut inoiz ikusi».

AITOR TXABARRI.
<i>Stepanakert</i>
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Armen Hagojpanianek mediku gisa egiten du lan Ameriketako Estatu Batuetako Los Angeles hirian; estatubatuarra eta armeniarra da. Karabakh Garaian da egun, boluntario gisara lan egiten.

Noiz eta zergatik joan zara Karabakh Garaira?

Los Angelestik etorri naiz boluntario gisa, laguntzera. Gerra hasi eta berehala iritsi nintzen.

Ospitalera iristen direnen artean, zer zauri mota ikusten duzu gehien?

Hemen pertsona gehienak bonbek eragindako zauriekin heltzen dira, oso pertsona gutxi iristen dira balek eragindako zauriekin. Gehienak soldaduak dira; ospitalera iristen direnean, gorputz osoa zuloz beteta daukate.

Egunotan, zenbat denboraz ari zarete lanean ospitalean?

25 orduz. Kontuan hartuta ospitalera iristeko ordubete behar dugula.

Zer jende heltzen dira ospitalera? Gazteak, zaharrak?

Gehienak oso gazteak dira, 20 eta 25 urte artean dituzte. Ospitalera heltzen direnean, beste mundu batean egongo balira bezala heltzen dira, begirada galdua daukate, asko besorik gabe edo hankarik gabe iristen dira; momentu horretan ez dira horretaz batere kontziente. Iristen direnean, anestesia jarri eta aurrera, ez dugu ez izenik ez ezer galdetzen, zenbaki bat jartzen diegu, eta aurrera.

Zein da egoera ospitalearen barruan?

Hemen gauden medikuok esperientzia handia daukagu honelako kasuetan, baina hemen gertatzen ari dena ez dut inoiz ikusi. Oraintxe, ebakuntza gelan, orduero bi pertsona dauzkagu; honelako egoera batean, Ameriketako Estatu Batuetan ospitalea itxi egingo genuke, baina hemen eutsi egin behar dugu, haien bizitza salbatu behar baitugu.

Zer egoera espero zenuten su-etenaren ostean?

Su-etena eta gero lasaitasun apur bat espero genuen, baina ez dugu espero genuen lasaitasun hori ikusi. Soldaduek ospitalera etortzen jarraituko zutela espero genuen, baina ez genuena espero zen horrela iristea, zauri hain larriekin.

Zaurituak beste ospitaleetara eraman al dituzue noizbait?

Bai. Batzuetan zauritu batzukErevanera [Armeniako hiriburua] eta beste hiri batzuetara eramaten ditugu, hemen denak ezin baitira geratu. Goiko solairuak hutsik uzten ditugu, bonbardaketa bat egongo balitz ezingo genituzkeelako hemendik atera; hori oso arriskutsua izan daiteke haientzat.

Lan egiteko garaian, zer arazo da larriena?

Gauza da, hemen ez dugula elkar ezagutzen, kasu batzuetan zaurituari hainbat operazio egin behar zaizkio batera, hanka, besoa... Medikuok azkar ibili behar dugu zaurituaren bizitza ez galtzeko. Normalean ospitaleetan mediku guztiok elkar ezagutzen dugu, baina hemen ez. Horrek asko zailtzen du gure lana.

Zer esan dezakezu gerra honetan Azerbaijanek erabiltzen dituen armei buruz, eta horiek eragiten dituzten zauriei buruz?

Normalean mediku batek ez ditu horrelako zauriak ikusten, hau ez genuke ikusi behar XXI. mendean, gehiegi da. Arma horiek eragiten dituzten zauriak larriegiak dira.

Psikologikoki, nola zaude?

Askotan egoera honi buruz pentsatzen hasten naiz, askotan nire buruari galdetzen diot ona den pertsona honen zauriak sendatzea. 21 urterekin besorik gabe eta hankarik gabe geldituko da, berarentzat datozen 50 urteak infernu bat izango dira. Batzuetan pentsatzen dut hoberena hiltzen uztea izango litzatekeela.

Nolakoa izango da bere bizitza egoera honetan... Batzuetan oso zaila da egoera hauei aurre egitea. Bere bizitza salbatzea aukeratzen dugu, baina, hilabete batzuk pasatu eta gero, nire buruari galdera bat egingo diot: erabaki ona hartu genuen kasu hauetan? Nik bi hanka eta beso bat galdu izan banitu, nahiago nuke ez bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.