Turkiak AEBei eskatu die Siriatik erretiratzeko planari eusteko

Erredakzioa -

2019ko urtarrilak 18
Siria iparraldeko Manbij hirian hemeretzi pertsona hil zituzten herenegun bonba bat zartarazita. Horietako lau AEBetako herritarrak —bi militar, Defentsa Departamentuko langile bat eta Pentagonoak kontratatuta zegoen segurtasun pribatuaren arloko pertsona bat—. AEBek Sirian jasan duten erasorik handiena izan da, hain justu, erretiratzea hasi duenean pairatua. EI Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain. Turkiak atzo AEBei eskatu zien erretiratzeko planari bere horretan eusteko. «Erakunde terroristek ez dute eraginik izan behar gure erabakietan», adierazi zuen Mevlut Çavusoglu Atzerri ministroak.

Manbij Eufrates ibaiaren mendebaldeko ibarrean dago, eta 2016tik SDF Siriako Indar Demokratikoen kontrolpean egon da —kurduen miliziak dira koalizio horren indar nagusia—. Manbijen iparraldean dagoen Jarabulus hiriaren inguruko eremua, berriz, Turkiako armadaren eta aliatutzat dituen milizia islamista suniten menpe dago, eta Ankarak aspalditik adierazia du Manbij konkistatzeko asmoa. Gainera, Çavusogluk berak atzo oroitarazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Donald Trump AEBetakoa negoziatzen ari direla Kurdistango Siriako mugako aldean «segurtasun eremu bat» sortzea. «Segurtasun eremu hori herri kurduaren aurkako genozidio bat litzateke», salatu zuen atzo PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak ohar batean —Siriako kurduen alderdi nagusia da—. Afrin barrutiaren inbasioa oroitarazi zuen.

NBEren mandataria

Damasko hiriburuan, berriz, Geir Pedersen NBE Nazio Batuen Erakundearen Siriarako mandatariak herrialdera egin duen lehenbiziko bidaia bukatu zuen atzo. Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroarekin elkartu zen, eta esan zion gerrari «irtenbide politiko bat» eman behar zaiola. Pedersen joan den urte bukaeran aukeratu zuten mandatari, haren aurrekoak, Staffan de Misturak, dimisioa eman ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna