Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Borrellen errieta dela eta

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren izenean munduan banatuta dauden 183 misio diplomatikoetako enbaxadoreei errieta egin die Josep Borrell atzerri politikaren buru nagusiak. Bruselan batzartu dituzte enbaxadoreak urtero egiten duten biltzarrean, eta diplomaziaren burua izan arren diplomatikoki hitz egiten ez duen Borrellek enbaxadore txarrak direla esan die aurrez aurre. Hain zuzen ere, dagokien lana egiten ez dutela: motelak, ez-eraginkorrak izatea, eta postua duten herrialdeetan zer gertatzen den ez jakitea leporatu die. Borrellek berak egunkarien bitartez jakiten omen du munduan zer gertatzen den, bere enbaxadoreek ez omen diotelako informazio baliagarririk ematen. Errusiak Ukraina inbadituko zuela aurreikusten zuen informazioa, esaterako, ez zioten eman. Estatu Batuek, ordea, bazekiten, enbaxadore onak dituztelako.

Borrellek ezin dutena egitea eskatzen die bere diplomazialariei. Europako Batasuneko enbaxadoreak ez dira herrialde jakin bateko enbaxadoreak bezalakoak, funtzionarioak baizik. Gainera, Errusiak Ukraina inbadituko zuela erakusten zuten datuak Washingtongo inteligentzia zerbitzuek jaso zituzten, ez enbaxadoreek. Europako Batasunaren enbaxadoreak Bruselaren funtzionarioak dira, herrialde jakin baten jaio, hezi eta lan egindakoak. Aurretik jaioterriarentzat diplomazian lan egin dutenak. Herrialde jakin bateko herritarrak dira lehenik eta behin; frantziarrak, espainiarrak, lituaniarrak eta abar. Kasu askotan euren herrialdeek presio eginda jarri dituzte Europako Batasuneko enbaxadore postuetan, herrialdearen interesak defendituko dituztelakoan. Egoera hau aldatzeko, Europako Batasuneko lehen eskola diplomatikoa ireki berri du, Europako Batasunaren izenean bakarrik lan egingo duten enbaxadoreak trebatzeko helburuarekin.

Ikusteko dago nola trebatuko dituzten etorkizuneko diplomazialariak europar proiektuarekiko atxikimendua izan eta ikuspuntu nazionala alde batera utzi dezaten. Beharbada ikasleek Bruselako burbuilan jaiotako eta hezitako haurrak izan beharko lukete, hots, Erasmus bitartez elkar ezagutu zuten europar funtzionarioen seme-alabak, Europar Kolegioan ingelesez hezitakoak, Belgikarekin lotura emozionalik ez dutenak, etxean gutxienez bi ama hizkuntza dituztenak eta gurasoen jaioterriak oporretara joateko toki moduan bakarrik ikusten dituztenak. TCK —Third Culture Kids— delako haurrak.

Beharbada arazoa ez da enbaxadoreena, eurek igortzen duten informazioa Bruselan entzun eta interpretatzen dutenena baizik. Europako Batasunaren Asiako misio diplomatiko batean ibili zen funtzionario ohi batek behin esan zidan Bruselan ez zutela ondo ulertzen herri horretan geratzen ari zena, ikusi nahi ez zutelako eta aurreiritzien kontra doan informazioa ezeztatu egiten zutelako.

Europako Batasuna mundu mailako botere ekonomikoa da, ez politikoa. Ez dauka atzerri politikarik, 27 atzerri politika ezberdin daude, herrialde bakoitzaren interes historiko, politiko eta ekonomikoetan oinarritutakoak. Herrialde txikienei ondo datorkie bat egitea Europako Batasunaren atzerri politikarekin, barruan banaka izango ez luketen pisua dutelako, alegia. Herrialde handiek, berriz, interesatzen zaienean bakarrik aplikatzen dute Europako Batasunaren atzerri politika, eta dagoeneko badaukaten pisu diplomatikoa handitzeko erabiltzen dute, baina sekula ez alderantziz egiteko. Atzerritarrek ere enbaxadorearen jatorriko herrialdeari erreparatzen diote lehenik eta behin. Europako Batasuneko enbaxadorea zein herrialdetakoa den oso faktore garrantzitsua izaten da, Europa proiektuaren atzerri politika komuna aplikatzeko duen borondatea baino garrantzitsuagoa. Frantziar diplomazialari bat Frantziakoa da nahiz eta Europar Batasunaren izenean lan egin. Egon badaude euren interes nazionalak alde batera utzita Europako Batasunaren atzerri politikan sinisten dutenak.

Inbasioaren aurretik, Errusian Europako Batasunaren enbaxadorea zen Markus Ederer diplomatiko alemaniarrak ez zuen entzun Borrellen errieta, enbaxadore izateari utzi ziolako abuztuaren 31n. Ohiko erreleboa izan omen da Angela Merkelen garaian izendatutako enbaxadorea kentzeko arrazoia. Roland Galharague diplomatiko frantziarra dago orain Moskun. Aurretik Frantziako Atzerri Ministerioan Sobietar Batasun ohiko herrialdeen politika zuzentzeaz arduratu zen, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.