Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: bosgarren etaparen kronika

'Izua', 'Astia' eta... 'Makina'

Ben Swift britainiarra nagusitu da itzuliko bosgarren etapan, Markina-Xemeinen, azken lau igoeretan onenen taldeari eutsita

25,9 kilometroko erlojupekoak emango du gaur epaia, Alberto Contador lider dela
Ben Swift (Sky), garaipena ospatzen, amorru biziz, atzo, Markina-Xemeinen. Michal Kwiatkowski (Omega) eta Alejandro Valverde (Movistar) ageri dira ezker-eskuin.
Ben Swift (Sky), garaipena ospatzen, amorru biziz, atzo, Markina-Xemeinen. Michal Kwiatkowski (Omega) eta Alejandro Valverde (Movistar) ageri dira ezker-eskuin. ALFREDO ALDAI / EFE

Unai Zubeldia -

2014ko apirilak 12
Izua eragin zuen Ixuara bidean Movistarrek jarri zuen erritmo bizi-biziak. Nahi zuten zerbait Alejandro Valverdek eta bere taldekide finek; bazeukaten intentzioren bat. «Baina ezer ez eta festa!», pentsatuko zuten askok gero, lasaitu ederra hartuta. Aiastiak izena kendu dio aurten betiko San Miguelgo igoerari, eta horixe egin zuten askok hara bidean, gorputza bere onera ekartzeko astia hartu. Valverdek azken igoeran astindu beharrekoak astindu ondoren, eta Alberto Contadorrek (Tinkoff) giroa baretu berritan, berriz, bi makina agertu ziren Markinara bidean. Ezuste ikaragarririk ezean, gaurko erlojupekoa irabaziko duen txirrindulari puska lehenengo: Tony Martin (Omega), jazarpen lanean dotore. Eta esprinter-igotzaile bat gero, Ben Swift (Sky). Garailea.

«Ez da Mikel Nieve; ez, ez. Ez da Nieve», esaka ari ziren zale gehienak Markina-Xemeingo azken zuzengunean. Eta ez zen Nieve, ez. Lehen etapan, Gaintzan, dotore erantzun bazuen ere, barruan daukan makina fina matxuratu egin zaio leitzarrari, eta zortzi minututik gora galdu zituen atzo. Baina, isil-isilik, goizeko ordu txikietan gaztetxo asko etxean sartzen diren modu berean, ia inor ohartu gabe agertu zen Swift azken estutuan. Bi besoak gora britainiarrak, Valverde penatan, eta arnasa pixka bat azken urteotan pertsonei makina itxura eman dien taldearentzat. Erabat makalduta dabil Sky azken hilabeteotan, eta ezusteko etapa garaipena baino gauza hoberik ez dago gorputza eta burua bere onera ekartzeko. Eskertuko dute.

Eguna izututa hasi, astia hartu eta makinen pare amaitu. Bezperan gertatu bezala, gogor-gogorra izan zen atzoko etapa ere. Movistarren oldarraldiak eraginda, neurri handi batean. Erasoka saiatu ziren lehenengo, Beñat Intxausti eta Ion Izagirre lehen ihesaldian sartuta; tropel buruan erritmo bizi-bizia jarrita gero; eta taldeburuaren erasoekin azkenik. Etekina? Hutsaren hurrengoa. Baina Aiastian gora aspaldiko estuturik handiena eman zion Alberto Contador liderrari (Tinkoff-Saxo). Ez zuen atera gurpiletik, egia da hori, baina muga-mugara eraman zuen sufrimendua.

Contador-Valverde, Tinkoff-Movistar. Bi txirrindularien eta taldeen artean dagoen lehiak ezerezean utzi zituen atzo ere ihesaldi saio guztiak. Hamahiru lagunekoa lehenengo; hamaseikoa gero; eta Tim Wellems (Lotto), Bob Jungels (Trek) eta Bauke Mollemarena (Belkin) azkenik. Alferrik. Omar Frailek (Caja Rural), gutxien-gutxienik, lortu zuen helburua, tarteko helmugetako maillota ziurtatuta. Gaur nahikoa izango du etapa amaitzea bigarren urtez jarraian Caja Rurali garaikur hori eskaintzeko. Amets Txurruka nagusitu zen iaz, eta, ondo bidean, Frailek aurten. Balentria polita gonbidapena jasota lehiatzen ari den taldearentzat. Davide Villellak (Cannondale) irabaziko du mendiko maillota, BMCk taldekakoa, eta Valverdek edo Michal Kwiatkowskik (Omega) erregulartasunekoa.

Pieter Weeningen (Orica) sartu-irtenaren eta Roman Kreuzigerren (Tinkoff) erritmo bizi-biziaren ondoren iritsi zen Valverderen erasoa. Arrakastarik gabea, baina abisu ona. Contador eta biak elkarren ondoan ari dira egiten itzuli guztia, baina bakar lanean erabakiko da, azkenean, nork irabaziko duen aurtengo Euskal Herriko Itzulia.

Hamabi segundoren tartea

Markina-Xemeinen hasi eta bukatu, espero zen bezala 25,9 kilometroko erlojupeko gogorrak emango du epaia, azkenean. Gontzagagaina eta Santa Eufemiako igoerak tartean direla, 40 minututik gorako jarduna izango da, eta ibilbidea aproposa da sailkapenari irauli handiren bat emateko. Lau kilometro eskas eta %6ko batez besteko aldapa dauka lehen igoerak; eta 4,5 kilometro eta %7koa bigarrenak. Jan Bobridge (Belkin) izango da abiatzen lehena, 14:16an, eta Contador azkena, 16:25ean. Zaindu beharrekoen artean, 16:03an abiatuko da Tejay Van Garderen (BMC), 16:13an Kwiatkowski, eta 16:17an Jean-Christophe Peraud (Ag2r).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Unai Zubeldia

Informazio osagarria