urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kartografiak

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Estatuak territorioak dira, lurraldeak. Beste gauza asko ere bai, noski, administrazio bat, eta biztanleria, eta antolamendu mota bat. Baina, hori guztia, lurralde jakin baten gauzatzen da. Estatuaren funtsa lurralde horrekiko subiranotasuna da. Nahieran antolatu dezake lur eremu hori, aldameneko lurraldeekin egin ez dezakeen legez. Lurralde bat amaitzen den eta auzoa hasten den lekuan muga dago. Toki bateko jaunak aldamenekoaren lurra konkistatu eta bere menpeko geratzen zen territorio guztia, han bizi ziren biztanleak barne. Gerra gehienak norbere lurraldea kilometroz kilometro zabaltzeko izan dira, muga pixka bat harago eramateko. Zenbat euskaldun hil ziren Alemaniak ez zezan Frantzia iparraldean metro bat gehiago bere egin. Edo Elgetan, edo Artxanda gainean, faxismoak ez zezan metro bat gehiago egin. Agirre lehendakariak bazekien non zegoen muga ere: Turtziozko manifestua ikastetxe guztietan ikasi beharko litzateke.

Garaiak aldatu ziren, muga, lurraldea, kontzeptu ia feudalak bihurtu ziren hainbaten aho liberaletan, XXI. mendetik kanpokoak; pertsonak libreak dira, mugitzen dira, landareak ez bezala —«hankak ditugu, ez sustraiak»—. Garaiz kanpo ei zegoen estatu bateko lurralde jakin bateko herritarrek beren antolamendu subiranoa proposatzea, estatu berri bat eratzea eta lehengoaren mugak aldatzea.

Mugak zaharkituta omen. Eta hala ere, batzuk beti izan gara mapa eta kartografia zale. Leku batzuetan lau urtaro eta besteetan aro lehorra eta euri eta urakanen denboraldia baino ez dituztela jakitea, eta batzuetan egunsentia eta ilunabarra beti ordu berean dela eta beste batzuetan akordeoien antzera luzatzen eta laburtzen direla. Haran batekoek modu batera egiten dutela berba eta auzoen hizkera aldatzen hasten dela, edo guztiz desberdina den hizkuntza bat daukatela. Kartografia zaleontzat, ederra izan da gure udalerrien bihurgune geografikoak aztertzea; Jon Artanok Urola Kostako Hitza-n zioenez, «abenturazale interesgarrienak ingurua birdeskubritzen dakitenak dira».

Ez dago ikuspegi berbera estatu guztietan, noski. Eremurik zehatzenak, bistan da, uharteak dira, geografiak hala laguntzen duelako. Koronabirusik gabeko ia estatu guztiak Ozeano Pazifikoko uharteak dira. Mediterraneora zabalik ziren Herrialde Katalanen aldean, Espainiak ere bere baitako isolamendurantz jo izan du historikoki, Gaztelako Mesetatik begira, Penintsularen erdialde zabaletik; penintsula hitzak berak «ia uhartea» adierazten du, eta kontinenterako lotura bakarrak Pirinioak izan dira—gaztelaniaren berezko eremutik kanpoko lurraldeak, bidenabar—.

Konfinamenduaren hasieran, etxeetan geratzea, herrietatik ez irtetea eta estatuek, nork bere subiranotasuna gauzatuz, mugak ixtea etorri zen, Europako Batasuneko agintariek azken hori begi onez ez ikusi arren. Zeelanda Berriak, krisiari arrakasta handienez aurre egin dioten herrialdeetako batek, duela aste bi esan zuen mugak luzaroan izango zituela itxita, turismoa bere ekonomiaren oinarri garrantzitsua izan arren. Handik gutxira, baina, korridore antzeko bat prestatzen hasi da Australiarekin, eta litekeena da antzera egitea Pazifikoko herrialde batzuekin ere: mundu zabalari itxi, baina bermeak dituzten auzoengana hurbildu.

Europan, antzeko korridore bat iragarri dute Baltikoko hiru errepublikek. Austriak eta Alemaniak ere hainbat urrats jakinarazi dituzte ekainean elkarren arteko muga zabaldu bitartean. Italia izan da azkena, herrialdea ekainaren 3an zabaltzeko asmoa daukate Europako turismoari begira. Galbahea egongo da; ez da masiboa izango, baina zabalduz doaz. Europako gehienak deskonfinamendurantz doazela, Espainiak ezetz, aste biko itxialdia egin beharko dutela bere lurraldera datozen guztiek. Kanarietako agintariek onartezina dela esan dute, nola egin behar duen itxialdia astebeterako oporretan datorren alemanak. Frantziak, noski, bere lurraldera doazen espainiarrekin berdin egingo duela esan du, Madrilek neurria kendu artean. Lesakatik Hendaiako hondartzara doanak bi asteko itxialdia beharko luke, horren arabera.

Espainiak deskonfinamendua probintziaka egingo duen artean, Eusko Jaurlaritzak bere administraziopeko lurralde osoan izango zela iragarri zuen duela astebete —oraingoz, probintziaka izan arren—. Erkidegoaren autonomia nabarmentzen den bezainbat, nazioaren zatiketa uzten du agerian: Karrantzatik Irunera joan liteke, eta sakandarrei atea itxi Beasain edo Agurainera joateko. EAE errepublika independente gisa irudikatzen laguntzen du: subirano litzateke, baina mugarik luzeena Nafarroatik bereizteko leukake. Abertzaleek asmatu zuten Trebiñuren berezitasuna nabarmentzen Madrilen. Eta Espainiako gobernuak inoiz baino gehiago behar ditu euskal abertzaleak. Trebiñukoa anekdota soil ez izaten saiatu beharko lukete etorkizun hurbilean, luzeegi jo duen zatiketa gainditzeko. Baina ez geratu horretan. Berehalakoan, argi utzi behar diote Madrili onartezina dela lapurtarrei berrogeialdiajartzea Irunera joateko. Eta Karrantzatik Oionera bezala izan behar dela Aguraindik Altsasura joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.