Biharko Nafarroa lehian dago gaurkoan

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Ausartegia izan daiteke diagnostiko politiko bat egin nahi izatea futbol lehiaketa batetik abiatuta. Ezagutzen nauen orok badaki ez naizela batere futbolzalea, ezta kirol horretan aditua ere. Osasuna-Real Madril lehia aukeratzeko arrazoia beste bat da, beraz. Etorkizunari so egiteko beharrezkoa da jendartearen bilakaeraz jabetzea, eta sumendien leherketek lurrazpikoaren mugimenduaren berri ematen diguten moduan, leherketa kolektiboek zerbait esaten ahal digute azalaren azpian egosten ari denaz. Aski zen joan den asteburuan Iruñeko kaleetan barna ibiltzea kolokan zegoena kirol lehiaketa baten garaipena baino askoz ere gehiago zela hautemateko.

Eduardo Galeanok idatzi zuen gerla dantzatua dela futbola. Metafora baliagarria izan daiteke egungo eta biharko Nafarroaz pentsatzeko. Izan ere, zein zen dantzatutako gerla? Non zegoen Nafarroan gertatutako astinaldi sozial horren funtsa? Dantzan, gerlan?

Jagoba Arrasatek Iruñeko Udalaren harreran pertenentzia sentimena aipatu izana argigarria da, ene ustetan. Batzuek kirolaren ikuspegi hutsa lehenetsi nahi izan duten bitartean, futbolaren epizentrotik bertatik mintzo zaigun gizon horrek ederki ulertu du identitate kolektiboaren inguruko fenomeno batez ari garela. Hala bada, nafar nortasuna da azaleratu den magma beroa. Edo, hobeki esanik, nafar nortasunaren bilakaera gatazkatsu eta kontraesankorra. Izan ere, ez dago nafar identitate bakar bat, batzuk baizik.

Berriki, kexu ageri dira Diario de Navarra-koak, «belaunaldi aldaketa» eta «pisu nazionalista» arriskutzat hartuz. Hauteskunde emaitzek nafar identitate foral eta espainiarra urratzen jarraituko ote duten beldur dira, haiek inposatutako nortasun horren mugak nabarmentzen joan diren heinean, nafartasuna ulertu, sentitu eta bizitzeko beste eredu batzuk zabaldu eta indartu baitira.

Marea gorriaren atzean arrazoi aunitz daude, inolako zalantzarik gabe. Ez dut inondik inora irakurketa sinplistarik egin nahi, baina argi daukat gertatutakoa ezin dela ulertu identitateen inguruko aldaketa horiek alde batera utzita. Politika ofizialaren funtsa euskara eta euskalduntasuna baztertzea izan da azken hamarkadetan, baina dagoeneko ezinezkoa da termino horietan mantentzea. Bistan da euskararen kontrako legedia eta egiturazko beste eskubide batzuen bortxaketak indarrean daudela, baina gaur egun esparru ofizialetan ez da bideragarria iraganeko hainbat formulazio errepikatzea, are guttiago jendartean (Osasunan, esaterako). Hori nabaritu da erabilitako hizkuntzetan, baita ikurretan ere, nafar banderak eta ikurrinak elkarrekin ikusi baititugu, Espainiakoak soilik esparru administratiboetan agertzen ziren bitartean. Ikuspegi eta sentitzeko forma berriak lehertu dira gure kaleetan, Foru Hobekuntzaren kortse estuegian sartzen ez direnak.

Paradoxikoki, partekatzen diren ikur eta esanahi batzuen inguruan gertatzen ari da identitateen arteko talka, eta alde batetik ala bestetik hartuta, elementu horiek oso gauza ezberdinak ordezkatzen dituzte. Gerla dantzatu horretan, adibidez, UPNkoek PP (Madril) egurtu nahi izan duten bitartean (ikus ezazue gorriz jantzita porteria baten aitzinean egin zuten promozio argazkia), PSNk bere zentralitatea saldu nahi izan du (Nafarroa Osasuna da, eta ez Ayusoren lurraldea), eta subiranismoak aukera ederra aurkitu du Nafarroa-Espainia lehia irudikatzeko. Real Madrilek zentralismoa ordezkatu du narratiba horietan, kasu batzuetan espainiarzaletasunetik, beste batzuetan estatu burujabe baten eraikuntzaren egitasmotik. Bien bitartean, dena esatearren, beste batzuk futbolaren irrazionaltasunaren narratibaren azpian atertu dira, emoziorik gabeko politikaren defentsan edo.

Emozioen eta arrazoiaren artekodikotomia bezain ergel eta atzerakoia da identitate eta afera «materialak» bereizi nahi dituena. Interes pertsonal eta kolektiboak nahasten dira emozio eta ikuspegiez, eta lehia politikoak ezin dira gorpuztu nortasun politikorik gabe. Osasunaren arerioa espainiar estatuaren —eta monarkiaren— selekzio ofiziosoa eta Madrilgo espainolisten ikurra izatea erabakigarria izan da leherketa horretan, identitate aldarrikapenaren bidez agertzen baitira espazio publikoan desirak, zapuzketak, beldurrak eta ilusioak. Identitateak lehia materialen formulazio historikoak baitira, finean.

Parte-hartze sentimenetan uztartzen dira besteekiko atxikimena (gu baten eraikuntza) eta muga baten eraikuntza (haiek kategoriaren eraikuntza). Eta gauzak aldatzen ari dira Nafarroan, agortu baita nafartasuna (gu-a) euskalduntasunaren ukapenean oinarritutako ereduaren hegemonia historikoa. Horrek ez du esan nahi beste nortasun batek ordezkatu duenik identitate nafar-espainola, baina begi-bistakoa da mutazio eta birformulazio interesgarriak agertzen ari direla. Aintzat hartzekoak dira, esaterako, feminismoaren itzala, hain matxista izan den espazio batean, edota Osasunaren ibilbidean errepublikazaletasunak eta euskaltzaletasunak izan duten garrantziaren oroimena.

2015ean epe luzeko taupada batek jauzi egin zuen jendartetik instituzioetara. Ordudanik, aurrerapenak eta atzerapenak kateatu dira, eta gaur egun ez dakigu aldaketa gogoaren eta atzera itzultzeko grinaren artean nor nagusituko den. Baina lehiaren joko zelaia identitateaz loturik etorriko da, hori baita bi egitasmo horiek hartzen duten irudikapena. Eta magman, lehia giroan bada ere, beste Nafarroa berri bat eraikitzen ari da, instituzioetara eraman beharrekoa. Hamaika kontu daude jokoan hurrengo hauteskundeetan, baina norabide orokorra ez da afera makala: maiatzaren 28an urrats bat egin daiteke aldaketa sakontzeko bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.