Jann-Marc Rouillan. Militantea eta idazlea

«Frantzian, faxismoa erabat zabaldua dago»

Duela lau urte atera zen espetxetik Rouillan, 25 urteko zigorra bete ostean. Mugimendu aurrerakoi eta iraultzaileak erretiran ikusten baditu ere, argi dio egun «borroka posiblea eta beharrezkoa» dela.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Iraganaz idatzi du, baina orainaz hitz egitera etorri da Jann-Marc Rouillan (Auski, Okzitania, 1952). Borroka armatuaren aldeko hautua egin zuen 1970eko hamarkadan. MIL, GARI eta Action Directe taldeetako kide izan zen. Bere autobiografiaren hirugarren alea, De Memoire III. La courte saison des GARI (Buruz III. GARIen garai laburra), gaztelaniara itzuli berri dute, eta aurkezpena egin zuen aurreko astean Hego Euskal Herriko hainbat herritan. Aurkezpenok errealitate ezberdinak ezagutzeko baliatu ditu Rouillanek. «Mugimenduan dabilen jendeak zer esaten duen jakiteko erabili ohi ditut hitzaldiak».

Lehenik eta behin, espetxean gaixotasun arraro bat pairatzen hasi zinen. Zer moduz zaude?

Gaixotasun oso arraroa dut: Erdheim eta Chesterren sindromea. Momentuz, bakean utzi nau. Espetxean atera zitzaidan, baina kanpoan nagoenetik ez dut arazorik.

Zein da zure egoera legala?

Baldintzapeko askatasunean nago 2018. urtera arte.

Horrek zer ondorio ditu?

Bouches-du-Rhone departamenduan konfinatuta nago, Marseilla inguruan. Ezin naiteke ez Frantziatik atera, ez 38 departamendutan sartu. Sail antiterroristako zigorra ezartzeko epaile espezializatuaren esku nago. Hemen egoteko, Virus editorialaren paperak aurkeztu behar ditut, eta norbaitek esan behar du bere etxean hartuko nauela.

Lan handia da horrela ibiltzea?

Nazkatuta daude nirekin. Zigorra ezartzeko auzitegia astean bi aldiz batzen da nigatik. Belgikara, Italiara edota Venezuelara joateko baimenak eskatzen ditut. Lan kontuak direnez, ezin dute ezetz esan.

Elkarrizketaren batean esan duzu hau dela legezkotasunean bizi izan zaren denbora tarterik luzeena borrokan hasi zinenetik. Nola bizi duzu?

Egoera hau erabat berria da niretzat, eta oso etsigarria da. Bizimodu normala egin dut urteetan, baina, garai hartan, mugimendu aurrerakoia ofentsiban ari zen mundu osoan. Orain, ordea, mugimendu horiek erretiran daude. Ez dakit zein den Euskal Herriko egoera, baina Frantzian hutsaren hurrengoa da. Faxismoa erabat zabaldua dago, faxismo aitortua gainera. Ni Francoren aurka borrokatu nintzen; borroka armatuaren hasiera izan zen niretzat. Orain ordea, faxismoa Frantzian dago.

Zein da zure inguruko herri mugimenduen egoera?

Marseillan, Fronte Nazionalak botoen %30 ditu. Hau da, Euskal Herrian gobernuan dagoen alderdi batek ateratzen duena. Eskuineko alderdi instituzionalek eskuin muturreko elementuak dituzte, eta alderdi sozialista erabat atzerakoia da. Jendeak jarrera faxistak ditu egunerokoan, arrazakeria orokortu da, eta islamofobia arrunta da. Charlie Hebdo-ren ostean, ezkerreko jendeak mozorroa kendu du, baita ezker muturrekoak ere. Kolonialistak dira. Auzo herrikoien inguruan hitz egiten dute aljeriarrei buruz hitz egiten zuten bezala.

Amerikan badira mugimendu aurrerakoi garrantzitsuak. Nola bizi duzu errealitate hori?

Oso esperientzia positiboak dira, baina, era berean, arrisku handiko egoera da. Estatubatuarrek iraultza chavistarekin bukatzen badute, oso une gogorra izango da, Venezuela oso garrantzitsua baita Amerika hegoaldeko askapenean. Venezuela galduz gero, Hego Amerika berriro konkistatzeko prozesua hasiko da.

Uste duzu Syrizak errotiko aldaketak egingo dituela Grezian?

Grezian preso politiko asko daude. Non daude, etxean ala Syrizaren espetxeetan? Askapen prozesuetako lehen pausoa preso politikoak askatzea da. Grezian noiz gertatuko den zain nago, baina, momentuz, ez dut ezer ikusi.

Zer uste duzu Euskal Herriko egoerari buruz?

Uste dut egoera ez dela duela bi urte bezain gordina, baina zailagoa da. Ni atzerritarra naiz, eta ez dut euskal herritarrena den prozesuaren inguruan hitz egin nahi. Baina badago gauza bat arduratzen nauena: presoak. Ez dut polemikoa izan nahi, baina uste dut presoak espetxean dauden bitartean ez dela bake prozesurik egongo. Euskal presoekin batera egin ditut 25 urte espetxean; nire adiskideak eta lagunak dira. Horregatik, gai hori oso hurbileko dela sentitzen dut.

Zergatik idatzi duzu zure autobiografia?

1970eko hamarkadan bizi genuen oldarraldi iraultzailea azaltzeko, transmisiorako bide bat dira liburuak. Ez baita erraza azaltzea garai hartan bizi izan genuena. Armak hartu eta kalera ateratzeko erabakia hartzea ez da ulertzeko erraza egun.

Espetxean idatzi nituen hiru liburuak. Hori garrantzitsua izan zen niretzat, norbanakoa bere inguruko gizarte harremanen emaitza baita. Memoria ez dago gaurko gizarte eta borroka politikotik banandua. Ni neure buruaren beldur nintzen. Ez dut gauza bera idatziko gaur eta hamar urte barru. Egun, erretiran nago ni ere. Espetxeko erresistentzia espirituarekin idatzi nahi nituen liburuok, garaiari ahal bezain fidel izateko.

Teknologikoki eta militarki gizartea asko garatu da azken urteetan. Posible da boterearen aurkako borroka?

Bai, posible da. Jendeak ezinezkoa dela esaten badu, bide horretan esperimentaziorik ez dagoelako da. Baina nik uste dut ahal dela, eta ez hori bakarrik: beharrezkoa ere badela uste dut, egoera gogorragoa baita egunez egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.