Arrakastaren biharamunak

Fant Bilboko Zinema Fantastikoko 25. jaialdiak Fred Dekker gidoigile eta zuzendari estatubatuarra omendu du. Zinegileak azaldu du «desagertu» dela film egileen askatasuna
Fred Dekker zinemagile estatubatuarra, atzo, Fant Bilboko Zinema Fantastikoko jaialdian.
Fred Dekker zinemagile estatubatuarra, atzo, Fant Bilboko Zinema Fantastikoko jaialdian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2019ko maiatzak 4
Aho bilorik gabe jaurti du Fred Dekker gidoigile eta zuzendariak (San Frantzisko, AEB, 1959): «Sare sozialek filmak hiltzen dituzte. Ehunka iritzi plazaratzen dira bertan, eta elur bolaren efektua sortzen dute. Oso zaila da zurrunbilo horretatik ihes egitea, iritziak egitate bihurtzen baitira». 1980ko hamarkadako beldurrezko komediarik onenen egiletzat jotzen da Dekker, baina azken urteetan ondu dituen lanek kritika txarrak jaso dituzte: Shane Blackek zuzendutako The Predator (2018) filmerako egindako gidoiak, kasurako. «Esango nuke, gaur egun, sare sozialetan azaltzen diren kritikek filmek baino garrantzi gehiago hartzen dutela». Hitzetan labur baina zintzo jardun zuen atzo zinegile estatubatuarrak. Fantastikoaren Izarra ohorezko saria eman dio aurtengo Fant Bilboko Zinema Fantastikoko jaialdiak, eta saria jasotzeko ekitaldian izan zen Dekker, Bilboko Campos antzokian.

1980ko hamarkadan nerabeentzat ondutako beldurrezko bi filmek egin zuten zuzendaria ezagun: Night of the Creeps (1986) eta The Monster Squad (1987). Dekkerrek azaldu duenez, estreinatu zituztenean baino sona handiagoa dute orain. «Bi pelikula hauek egin nituenean, ez zuten arrakastarik izan. Jendea ez zen zinemara joaten; ez zituztelako gazteentzako film gisa sailkatu. Orain badago halako nostalgia bat orduko garaietan egindako lanekin, eta horregatik daude nire filmak boladan: gazte garaietan ikusten ditugun filmek hunkitzen gaituzte gehien».

Askatasun gabezia

Aipatutako bi filmez gain, bestelakoak ere ondu ditu zinegileak: Ricochet (1991) eta RoboCop 3 (1993), kasurako. «Ia hil egin ninduten RoboCop 3 egin nuenean», azaldu du umoretsu. «Toxiko» gisa definitu dituen jarraitzaileen jarreraz ari da zinegile estatubatuarra. «Zale askok muturreko jarrerak hartzen dituzte, eta lan baten bertsio berri bat edo saga baten jarraipena kaleratzen bada eta gustuko ez badute, haren kontra egiten dute duten indar guztiarekin».

1990eko hamarkadatik ez du lanik zuzendu, eta The Predator filmerako egin zuen gidoiak ere ez zuen harrera ona izan. Ez dio gaiari izkin egin, ordea, eta argi azaldu du zergatik ez duen filmik egin azken urteetan: «Oso sinplea da: pelikulak egin badituzu eta arrakasta baldin badute, ekoizpen etxeek berriz deitzen zaituzte, filmak egiten jarrai dezazun. Baina arrakastarik ez baduzu, ez dago deirik. Nahiko nuke zuzendariaren eserlekuan berriz eseri, baina ez da halakorik gertatuko».

Filmak egiteko askatasuna ere izan du zuzendariak berbagai. «Ez nuke esango gaur egun askatasun gehiago dugunik. Ekoizpen etxeak eta produktoreak zurrunagoak dira gaur egun». Harago jo du. «Egilearen askatasuna desagertu egin da. Zinema zuzendariak lan zehatz bat egiteko kontratatzen diren mertzenarioak besterik ez dira gaur egun, eta hori nabaritu egiten da filmen emaitzetan».

Fantasiaz beteriko astea

Atzo abiatu zuen Fantek 25. jaialdia, eta, irekiera ekitaldiaren ondoren, Joe Penna zinemagile brasildarraren (Sao Paulo, Brasil, 1987) Artico filma erakutsi zuten. Nazioarteko hainbat jaialditan izan ondoren, maiatzaren 31n estreinatuko da zinema aretoetan. Aire istripu baten ondorioz Artikoan geratzen den gizon baten istorioa du ardatz. «Bizirik iraun beharra da filmaren muina». Zuzendariaren hitzetan, bizirik irautearen gaia etengabekoa izan da zinemagintzan, eta jarri ditu bi adibide zehatz ere: Gravity (2013) eta 127 Hours (2010). «Sortu dudan pelikulak, baina, badu ezberdintasun bat: ez dut protagonistari buruzko daturik ematen. Ikusleak ez du haren bizitza ezagutzen; hortaz, filma ikusten duenak zuzenean parte hartzen du istorioaren narratiban».

Lehen ekitaldia izan zen atzokoa, baina osteguna bitarte Azkuna zentroaren zinema aretoetan ikusi ahalko dira 25. Fant jaialdiaren lehen saria lortzeko lehian arituko diren film guztiak: orotara, nazioarteko hemezortzi film luze eta hogei labur izango dira. Gaur zortzi emango dute aurtengo aldiaren palmaresaren berri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna