Albistea entzun

Dock of the Bay: PJ Harvey, Kortatu eta gehiago

Bederatzi dokumental egongo dira jaialdiko 13. aldian lehian, hilaren 13tik 18ra bitartean. Proiekzioekin batera, aurkezpenek eta zuzenekoek osatuko dute egitaraua

Rolling Stones taldeko Brian Jonesen heriotzari buruzko dokumentala (<em>Rolling Stone: Life and death of Brian Jones</em>) Sail Ofizialean lehian izango da.
Rolling Stones taldeko Brian Jonesen heriotzari buruzko dokumentala (Rolling Stone: Life and death of Brian Jones) Sail Ofizialean lehian izango da. DOCK OF THE BAY Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko urtarrilak 9

Zinema dokumentalak zerbait badu, «kameraren bi aldeetako sortzaileen amalgama ezagutzeko aukera» da hori, Eva Rivera Dock of he Bay Donostiako Musika Zinema Dokumentalaren jaialdiko zuzendariaren ustetan. 13. aldira heldu da aurten festibala, eta hilaren 13tik 18ra egingo da, orain arte finkatutako ildoei eutsiz eta berriak gehituz. 26 film emango dituzte denera, eta Sail Ofiziala izango da beste urte batez egitarauaren zentroa. Baina liburu aurkezpenak, zuzeneko filmak zein musika emanaldiak eta irrati saioak ere izango dira, baita berrikuntza bat ere: sortzaile biren arteko solasaldiak bilduko dituen Elkarrizketak atala. Rivera: «Ez gara nekatzen gero eta ugariagoa den eta gero eta gauza gehiago kontatzeko gai den genero honen aldeko apustua egiteaz».

SAIL OFIZIALA

Denera, bederatzi dokumental izango dira aurten Sail Ofizialeko lehian; zazpi, erabateko estreinaldiak. Horien artean, Danny Garciaren Rolling Stone: Life and death of Brian Jones dokumentala erakutsiko du jaialdiak, 1960ko hamarkadako rock talde nabarmenenetakoaren buru izan zenaren bizitzan eta, batik bat, heriotzan —etxeko igerilekuan itota azaldu zen— jartzen duena arreta. Bertan emango dute Kikol Grauren Los demenciales chicos acelerados. Primera parte: Euskadi y tal lana ere; Kortatu, Zarama, Negu Gorriak, Potato, Delirium Tremens eta 1980ko urteetako eszenako talde ikoniko gehiago ardatz dituena; eta Emmanuelle Antilleren A Bright Light-Karen And The Process, zeinak Karen Dalton folk kantariaren figura berreskuratuko duen. Film horiekin lehian izango dira, halaber, Giangiacomo de Stefanoren At The Matinee, New York hiriko CBGB klubeko hardcore giroa erakutsiko duena; Sam Zubryckiren Miguelito, Puerto Ricoko itzalpeko saltsa musikari bati buruzko lana; Javi Senzen Disco Confessions: John Morales, A Life in The Mix; Marie Losieren Felix in Wonderland; Louis Amon Joseken Out detg-The Youth of Jamaica; eta Santiago Mejias Blakeren VVV (Trip).

LEHIAZ KANPOKO ATALAK

Jaialdiak beste bi ataletan erakutsi ohi ditu lehiaz kanpoko dokumentalak. Perfect Day deitua da bata, azken urteak eman dituen musika dokumentalik esanguratsuenetakoei irekitako leihoa. PJ Harvey musikari ingelesa izango da bertako protagonistetako bat aurten, A Dog Calles Money bere disko berriaren grabaketaren inguruko dokumentalarekin. Harekin batera, lehen lerroan izango dira, halaber, Leonard Cohen (Marianne & Leonard: Words of Love); INXS taldeko abeslari Michael Hutchence (Mystify), Lil Peep (Everybody's Everything), eta Barbara Rubin (Barbara Rubin & The Exploding NY Underground), besteak beste.

Paint it Black da lehiaz kanpoko bigarren atala. Atzera begirako sail honetan, Daniel Johnston musikari estatubatuarra omenduko du aurten jaialdiak. Lo-fi musikaren aitzindarietako bat izan zen 80ko urteetan, eta irailean hil zen, 58 urterekin. Jeff Feuerzeigek 2005ean estreinatutako The Devil and Daniel Johnston lana ekarriko dute hura oroitzeko.

JARDUERA PARALELOAK

Jarduera paraleloen barruan, iaz jarri zuten martxan Dock Live atala. Zuzeneko musika eta film proiekzioak batzen ditu aldi berean, eta bost saio prestatu dituzte aurtengo: Joseba B. Lenoirren Instroak vol.3 diskoko abestiak eta Larraitz Zuazoren Bai, bagara ikus-entzunezkoa uztartuko ditu batek; Elena Setienen musika eta Koldo Almandozen Häxan filma bigarrenak; eta Umbral (Sara Zozaya eta Arnau Padilla), Musikene meets Synchresis eta The Videomusic Conecction proposamenek osatuko dute atala.

Aurten estreinakoz, Elkarrizketak atalean sektoreko jendeak hartuko du parte ordu eta erdiko saioetan. Bi solasaldirekin abiatuko dira: Garbiñe Ortega zinema irakaslea eta Iruñeko Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa eta Stefano Scarani konpositorea ariko dira aurrenekoan, hilaren 15ean; eta Mireia Iniesta zinema kritikaria eta Aitor Etxeberria musikaria, biharamunean, biak Koldo Mitxelena Kulturunean.

Zuzeneko irrati emanaldiek eta liburu aurkezpenek osatuko dute gainontzean Dock of The Bayren aurtengo eskaintza. Urtarrilaren 16an, Deustuko Irratiarekin elkarlanean ariko dira Kutxa Kultur Plazatik zuzenean emititzen; eta, hilaren 18an, Nacho Vegas, Asier Leoz eta Juan Luis Etxeberria euren «bizitzako diskoaren» inguruan ariko dira. Liburu aurkezpenetan, berriz, Juan Manuel Gilek Un hombre bajo el agua lanaren berri emango du, eta Ramon Luis Bandek Cuaderno de una revolución aurkeztuko.

Emanaldiak Trueba zinemetan eta Antzoki Zaharrean izango dira, eta sarrerak salgai daude txarteldegietan zein jaialdiaren webgunean, guztiak 7 eurotan. Dokumental onena saritzeko epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Koldo Almandozek, Garbiñe Ortegak eta Nacho Vegasek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gure Artea sariak banatu dituzte gaur goizean, Gasteizko Artium museoan ©Irekia

Mari Puri Herrero, Nora Aurrekoetxea eta Consonni dira 2022ko Gure Artea sarien irabazleak

Unai Etxenausia

Ibilbide artistikoagatik saritu dute Herrero; sorkuntza lana aitortu diote Aurrekoetxeari; eta arte plastiko zein ikusizko arloan egindako lana hartu diote aintzat Consonni arte ekoizle eta editorialari.

Neil Tennant, Pet Shop Boys taldeko abeslaria, 2017an. ©M.SAYAO / EFE

Albait uhin gehien

Itziar Ugarte Irizar

The Killers, Pet Shop Boys, LCD Soundsystem, Nathy Peluso eta J Balvin izango dira Bilboko BBK Live jaialdiaren izarretako batzuk. Bihar hasi eta igandera bitarte, ehun artistatik gora igaroko dira hamabi agertokitatik, askotariko proposamenekin
Maialen Berasategi itzultzailea, Clara Zetkinen <em>Faxismoaren aurka borrokan</em> liburua eskuetan duela. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Faxismoa ulertu, aurre egiteko

Andoni Imaz

Katakrak argitaletxeak Clara Zetkinen testu batzuk bildu ditu 'Faxismoaren aurka borrokan' liburuan, Maialen Berasategik euskaratuta. Testu nagusiak 1923ko bi txosten dira

Antxon Ezeiaza zinemagilea, artxiboko irudi batean. ©Gari Garaialde / Foku

Euskadiko Filmategiak Antxon Ezeiza zinemagilearen lana katalogatu du

Leire Perlines Apalategi

Zinemagilearen funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa gorde dituzte Euskadiko Filmategiaren artxiboan. 2020an, Errenteriako, Pasaiako, Hernaniko eta Andoaingo Udalek Ezeizaren ondarea filmategian uztea erabaki zuten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...