Albistea entzun

Promes bat betetzeko ordua

Yolanda Larreategik eta Malen Amenabarrek 'Bi txantxangorri haritz adarrean' ondu dute. 'Dumitru biluzik' eman du Koldo Izagirrek, baita Altzoko Handiaren bildumako bi lan ere

Ezker-eskuin, Malen Amenabar, Karmele Gorroño, Yolanda Larreategi eta Koldo Izagirre, atzo, Donostian.
Ezker-eskuin, Malen Amenabar, Karmele Gorroño, Yolanda Larreategi eta Koldo Izagirre, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2020ko azaroak 11 - Donostia

Baso bat. Promes bat. Heriotza. Eta soseguzko begirada bat. Osagai horiekin ondu dute Yolanda Larreategik eta Malen Amenabarrek Bi txantxangorri haritz adarrean helduentzako album ilustratua. Peru Abarka lehiaketaren bultzadaz osatu dute liburua, eta Erein argitaletxearekin plazaratu. Egileek atzo azaldu zituzten albumaren nondik norakoak, Donostian, Inazio Mujika Iraola editorea lagun zutela. Ereinen udazkeneko beste hiru lan berri ere aurkeztu zituzten agerraldi berean. Izan ere, Koldo Izagirrek Dumitru biluzik gazteentzako nobela plazaratu du, baita Altzoko Handia eta Kutixi neskatoa protagonista dituen bildumako azken bi albumak ere, azken horiek Irrimarrarekin elkarlanean sortutakoak.

 

'BI TXANTXANGORRI HARITZ ADARREAN'

Markina-Xemeingo Udalak eta Erein argitaletxeak urte hasieran egin zuten XIV. Peru Abarka Album Lehiaketan parte hartzeko deialdia. Yolanda Larreategik aurkeztutako narrazioa hautatu zuen epaimahaiak lehenik, eta hura ilustratzeko Malen Amenabarren proposamena ondoren. Lau eskutara osatu dute, beraz, Bi txantxangorri haritz adarrean helduentzako album ilustratua.

«Maitasun istorio bat da, promes batetik sortzen dena», azaldu zuen Larreategik. Bikote bat da kontakizuneko protagonista. «Orain dela urte asko promes bat egin zioten elkarri, eta konplitzeko momentua ailegatu da. Momentu gogorra izango da, baina aurrera eraman beharrekoa, promes bat promes bat baita». Heriotza du ardatz narrazioak, baina heriotza mota asko daudela ohartarazi zuen idazleak, eta gorputza bizirik egon arren, bat hilda egon daitekeela. «Agian hori da heriotzarik gogorrena, norberaren jabe ez izatea. Hilik bazaude bizitzan, agian erabakiren bat hartu behar da. Eta erabaki hori aldez aurretik hartuta dagoenez, orain konplitzeko momentua da. Beraz, bikote honek egingo du ibilbide bat agur esan arte». Albumak agertzen duen heriotza mota «tabu» bat dela, baina existitzen denaz «ahalik eta naturaltasun handienaz» hitz egin behar dela uste du.

Liburuko elementuak aletzean, txantxangorriak aipatu zituen Larreategik, bere senarrak maite zuen abesti bati erreferentzia egiten diotenak. Duela bost urte galdu zuen senarra idazleak, eta ordutik beste hainbat heriotza bizi izan ditu hurbilean. Norbere heriotza nolakoa izango den pentsatzeak beldurra ematen diola aitortu zuen, eta gogoeta horietatik sortu zuela istorioa, «beldurrei buruz hitz egitean, agian, txikiagoak egiten direlako».

Amenabarren irudiekin «zorterik handiena» izan duela uste du Larreategik, «bete-betean» asmatu duelakoan. «Lasaiak dira, soseguzkoak; liburuan ez da urduritasunik ikusten, sosegua baizik, eta horrela behar du». Amenabarrek, berriz, eskerrak eman zizkion idazleari, «itzelezko bidea egiteko abiapuntu bat» jarri izanagatik. «Berezia da liburua, zeren gauza asko kontatzen ditu, baina beste asko kontatu gabe uzten ditu. Eta hori zen beste erronka, kontatzen ez duenaren interpretazioa egitea». Hala, iraganarekiko zama bat duen adineko andre bat irudikatu zuen berak, eta kaiola bat jarri zion bizkarrean; bertan sartu zuen bigarren pertsonaia: txoria. Istorioak kokaleku duen basoa, berriz, kontatzen denaren arabera aldatuz doa.

'DUMITRU BILUZIK'

Koldo Izagirrek 2014. urtean aurkeztu zuen Dumitru pertsonaia, gazteentzako izen bereko eleberrian. Sei urte geroago, berriz heldu dio gazte euskaldun-errumaniarraren kezkak, ezinegonak eta gogoetak garatzeari, Dumitru biluzik nobelan oraingoan. Eta Dumitruren eskutik izango du horien berri irakurleak, lehen pertsonan mintzo baita narratzailea. Hautu hori egiteak arriskuak hartzea ekar dezakeela jakitun, nortasun bat eraiki dio idazleak, jarrera eta pentsakizunetan ez ezik, hizkeran ere sumatzen zaiona.

Dumitruren egunerokoa da liburuan irakurleak topatuko duena. «Gurea ez den eguneroko pribatu bat irakurtzea inoren intimitatean sartzea da. Kasu honetan, ordea, egunerokoaren jabeak baimena eman digu bere sekretuetan kuxkuxeatzeko eta biluzik ikusteko», azaldu zuen Izagirrek. Txatalka, Dumitruren pasadizoak, gogoetak, iritziak, autofikzioak eta beste joango dira aletzen; haren barne intrigak —euskaltasuna, errumaniartasuna, laguntasuna, maitasuna...— eta agerikoak —eskolan, etxean edo hirian gertatzen direnak— agertuko dira.

Istorioek ez dutela «jarraitutasun narratiborik» zehaztu zuen Izagirrek, narrazioak jauzi egiten duela pentsamendutik gertaerara, oroitzapenetik elkarrizketara, egungotik iraganera, bizitutakotik asmatutakora. Baina liburuan aurrera egin ahala, «irakurmenak hezurdura bat» eraikiko duela azaldu zuen. «Igarriko diogu egileak nobela arrunt bat hartu eta puskatan desegin duela». Ez dela estetika hutsa. Izan ere, haren ustez, jarraitutasun ezberdinak egon litezke —Dumitruren kasuan, ezinegonarena, jakin nahiarena, askatasun premiarena, sentimenduena—, eta horien «txirikordak kontakizun aniztu bat, koral bat osa lezake, zatiaz interesgarriagoa eta aberasgarriagoa kontaketa laua baino».

ALTZOKO HANDIA ETA KUTIXI, AZKEN BI LIBURUETAN

Altzoko Handia eta Kutixi protagonista dituen sei albumeko bilduma ixten duten bi liburuak ere aurkeztu zituzten egileek: Altzoko Handia eta Kutixiren bekaitza; eta Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua. Aurreko lanetan bezala, Izagirrek jarri dizkie hitzak istorioei, eta Irrimarra bikoteak —Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok—, berriz, irudiak.

Bilduma izateak hasieratik eragin zuen koloreen hautaketan, liburu bakoitzean «giro bat» sortu nahi zutelako, Gorroñoren hitzetan. Aurreko lanetako ildoari jarraitu diote ilustrazioetan, tenperaz eta eskuz egin ohi dituztenak, eta pertsonaien izaerekin eta tamainekin jolasean jarraitu dute.

Elkarlanean aritzeko prozesua oso interesgarria izan dela nabarmendu zuten hala Gorroñok nola Izagirrek. Idazleak behin-behineko testu bat eta giro bat eman ohi ziela azaldu zuen ilustratzaileak, haien irudien gainean testuak aldatuz joaten zela gero, eta irudiak moldatuz haiek. Gorroño: «Oso interesgarria da, eta neketsua, aldi berean, denboran luzatzen delako eta aldatzen zoazelako etengabe. Baina aukera ematen du agian inoiz egingo ez zenituzkeen gauzak, ideiak edo irudiak egiteko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Euskal Herrira itzuliko da gaur Patti Smith

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.

Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...