urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gales eta Eskozia, motorra berotzen

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Galesko egun nazionala dute bihar, lehen aldiz Brexit-a gauzatu zenetik. Erresuma Batuko hiru nazioen zerrendan (gehi Ingalaterra, bistan da), Gales dago ziur aski azkena, Londresen agintepetik bereizi eta independentziari heltzeko. Hizkuntza indartsuen daukana da alde handiz, baina Londrestik ere hurbilen dagoena da; Liverpool Galestik ordu erdira dago, Bristoldik 20 minutura sartzen zara herrialdean, eta 50ean Cardiff hiriburuan zaude. Txikiegia ote den, Ingalaterrarekiko menpekoegia, historiara begira ere urrun gogoratzen du inoiz subirano izana eta, ezin ahaztu, Brexit-a gailendu zela 2016ko erreferendumean, Eskozian eta Ipar Irlandan ez bezala. Hori guztia egia da, baina independentismoak inkesta guztietan nabarmen gora egin duela ere bai. Oraindik minoritarioa da eta, bere horretan, ez luke berehalakoan erreferendumik irabaziko. Gertatzen da, baina, beste nazioek Erresuma Batua uztearen perspektiba geroz eta errealagoa dela. Eta independentista izan gabe ere, Ingalaterraren morroi izaten jarraitu nahi ez duenak horri ere erreparatu behar dio: egun lau nazioetako bat da, Ingalaterrak biztanleen %84 daukan herrialdean. Gales bakarrik geratuko balitz anaia handiarekin, hark biztanleen %94 izango lituzke. Gales erabat urtuta geratzeko arriskua nabarmena da.

Halaxe dator bihar, Saint David egun nazionalarekin batera, The National Wales, atzo Urtzi Urkizuk sinatutako erreportajean zetorren legez. National-en O horretan Galesko bandera dago, herensuge eta guzti, I letra berriz, Eskoziako mapak egiten du, han baitu jatorria kazetak («Eskozia independentea bultzatzen duen egunkaria», dio izenaren azpian ageri den leloak). Rol garrantzitsua jokatu du azken urteotan independentismoa sustatzen. Baita, ingelesez, gaelikoa sustatzen ere, eskoziar independentismoak ia lekurik egin ez dion aldarrikapenean, ezta SNPk ere, keinu sinbolikoren bat gora behera.

Asteon artikulu garrantzitsua atera dute, Eskoziako independentismoan eta, batez ere, unionismoan, azken bizpahiru urteotan egondako aldaketei buruz. David Leask kazetariak dioenez, batzuei «nazionalista» eta besteei «unionista» deitu izan bazaie ere, alde bietan kontrakoaren jarrera ari da nagusitzen: independentistek bereiztearen aurka eta batuta egotea bultzatzen dute, Brexit-aren eta EBrekiko ikuspegitik begiratuta, eta unionismoa geroz eta gehiago nazionalismorantz lerratu da. Badaude noski, Eskozia independentea EBtik eta NATOtik kanpo egotea bultzatzen dutenak, baina egun nagusi den ideia aurretik esandakoaren ildotik doa. Era berean, 2014an unionismoak bildu zituen Erresuma Batua «nazioen nazio» gisa ikusten zutenetako asko, egitura federal batean Eskoziak autogobernu gehiago izango zuela sinetsi zutenak. Batasun haren alde zeuden, eta batasunaren alde egon ziren 2016an Brexit-aren erreferendumean ere («soft No 2014, hard Remainer 2016» dio Leaskek: ezezko leuna 2014an, EBren alde tinko 2016an), baina umezurtz geratu dira, Ingalaterratik datorren ingeles/britainiar nazionalismoaren aurrean. Etengabe Holyrooden —Eskoziako autonomiaren sinbolo— aurkako mezuak datozkie, eta 2014an batuta egotea bozkatu zuten proiektu politiko hura desagertu egin dela ikusi dute. Adibide ederragoa ematen du Leaskek: SNP «modernoak» baino gehiago bultzatu izan dute historikoki kontserbadore historikoek Eskoziako gutxiengo gaelikoa, baina egungo gehiengo tory-a, eta sare sozialetan dituzten jarraitzaile ultrak Eskoziako kulturaren edozein zantzuren aurka oldartzen dira.

2014ko erreferendumean zentralitate horren bila joan ziren bi aldeak: erregina eta liberari eusten zion independentzia leuna jarri zuten mahai gainean batzuek, ia subiranotasuna onartzen zion Erresuma Batua proposatu zuten besteek. Orain polarizazioa erabatekoa da, erdigunea desagertu egin da; hori da edozein estatu jaiotzerakoan egoten den testuingurua, ezinbestekotasuna, hala deitu gura bazaio.

Hilabete pare bat falta dira Eskozian zein Galesen hauteskundeetarako. Galesen Plaid Cymru independentista hirugarren indarra da gaur egun, eta Eskozian duela 15 urte gertatutakoa amesten du, SNP laboristei gailendu zitzaienean. SNPk ere badaki haizea alde duela. Baita arazo eta oztopo handiena etxe barruan daukala ere: Alex Salmondek Ministroen Kodea urratzea eta gezurra esatea leporatu zion herenegun Nicola Sturgeon lehen ministroari. Alderdia bere inguruan bilduta dauka Sturgeonek, eta inkestetan indartsu egon da orain arte. Ikusi beharko da Salmonden jarrerak zenbateraino higatzen dituen alderdia eta buruzagia, maiatzeko hauteskundeetara begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.