Binakako solasaldi artistikoak

Bilboko Arte Ederren Museoak binaka elkarrizketan jarriko ditu bere bildumako artisten lanak, eraikin zaharreko aretoetan. Eraikina handitu arte iraungo du proposamenak

Jaques Lichitz eskultore garaikidearen obra bat, atzean Martin de Vos margolariaren lan bat duela. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Anton Van Dyck pintore flandriarraren XVII. mendeko atsekabe barrokoa horma batean, eta Jose Luis Zumetaren 1977ko abstrakzio espresionista haren ondoan. Bost giza figuraren mina ageri du batek, hil berria den Kristoren gorpuari samur heltzen, eta lerro zuzen bortitzak eta kolore mantxa informeek agintzen dute bestean. Hiru menderen aldea, elkarrengandik metro erdi eskasera. Eta, halere, berehala hasten da solasaldia. Ez al dute antzeko kokapena konposizioan Kristoren gerria apenas estaltzen duen oihal zuriak eta Zumetaren koadroko mantxa zuriak? Atsekabea adierazten ari diren Van Dycken figuren keinuek ez al diote oihartzun egiten Zumetaren pintzel eta espatulen inarrosaldiei? Bada, aretoz areto, Zumeta eta Van Dyckenaren pareko solasaldiz bete ditu Bilboko Arte Ederren Museoak eraikin zaharreko 21 aretoak. Albrecht Duerer eta Eduardo Txillida. Jose Ribera eta Angel Bados. Francisco Zurbaran eta Isabel Bakedano. Paul Gauguin eta Elena Aitzkoa. Hokusai eta Gema Intxausti. Paul Cezanne eta Juan Jose Akerreta...BBKateak izendatu dute proiektua, eta museoa handitu artean edukiko dute zabalik.

Berez, hastear behar zuten museoa handitzeko lanek oraintxe, eta, ondorioz, itxita behar zuen museoko eraikin modernoak ere. Handitze lanek iraun artean eraikin zaharrari irekita eusteko asmoa du Bilboko Arte Ederren Museoak, ordea, eta horregatik antolatu dute erakusketa hau han: nolabait ere, bisitariari museoaren bilduma erakusten jarraitu ahal izateko. Erakusketa osatzen duten pieza guztiak baitira museoaren bildumakoak. Hala behar zuen, baina ez da hala izan. Udan ere irekita jarraituko baitu museo osoak, irailaren 26ra arte.

Eraikuntza materia garestitu dela-eta, ez da eraikuntza enpresarik aurkeztu handitze lanak egiteko, eta, hortaz, beste deialdi bat egitea erabaki du museoko patronatuak; dirugehiago eskainita, eta epe berria jarrita.

Guztira, ehun bikote

Ordena kronologikoa baztertuta, bestelako loturak bilatu dituzte erakusketa antolatzeko. Zuriaren eta beltzaren erabilerak uztartu ditu Txillida eta Duerer, esaterako. Beren margolanetan arkitekturari erreparatzeko duten moduagatik batu dituzte Dario Urzai eta Hans Vredeman de Vries margolariak. Beren artelanek duten espiritualtasun sakonagatik daude areto berean Francisco Zurbaran eta Isabel Bakedano. Eta euren artean ia bost menderen aldea egon arren, kobazulo bat irudikatu izanak batu ditu Orazio Gentileschi eta Ibon Aranberriren lanak Bilboko Arte Ederren Museoko gela berean.

Ibilbide historikoek ezarri ohi duten nondik norakoa apurtu dute antolaketa horrekin museoko arduradunek, eta bisitariari utzi diote bisitaren nondik norakoa antolatzeko askatasuna. Artelanekin batera, halere, hainbat iruzkin eta aipamen biografiko ere topatuko ditu hormetan.

21 artista bikote aurkeztu dituzte oraingoz, baina aretoak berrituz joatea da museoaren asmoa. Udazkenean hasiko dira artista bikote batzuk aldatzen, eta museoaren eraikin berria irekitzerako, guztira, museoaren bildumaren parte diren ehun artistaren lanak erakustea da helburua.

Itxiera datarik gabe, asteartetik aurrera egongo da zabalik erakusketa. Eta aurrerantzean udako ordutegia izango du museoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.