Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Lurrikararen ostean

2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Cecil B. DeMillek esan zuen film bat lurrikara batekin hasi eta gero akzioak gero eta handiagoa izan behar duela. Maite ditut lurrikarei buruzko pelikulak, baina, batez ere, astinaldi sismiko batekin hasten diren pelikulak. Sarrera gabeko istorio horiek, paisajismoa eta tituluak tartekatzen ez dituzten pelikulak. Atariko aurkezpenik gabe, bestelako solasik gabe. Akzio baten erdian hasten direnak, bizitzaren pusketa bat bereganatuz. Non zinemagileak ondo baino hobeto dakien istorio guztiak hasita daudela, gertaerak bidean atzeman behar direla, pasarteak intertzeptatu. «Bazen behin»-ik gabe. American Beauty filmaren lehen fotogrametan bezalaxe: neska gaztearen begiradak zinema aretoko zimenduak kulunkan jartzea lortu zuen. Gutxienez, zortzia Richter eskalan.

Edo Paolo Sorrentinoren azkenean bezalaxe. 2013. urtean La Grande Bellezza —urte hartako pelikularik onena— filmean egin moduan, zinemagile italiarrak plano bakoitzari sekulako garrantzia eman dio. Ez dago une arruntik Youth-en. Dena da den-dena. Berriro ere, irudi bakoitza aurrekoa baino indartsuagoa da, handiagoa, liluragarria hasieratik amaieraraino. Eta tamalez, nekagarria. Oso. Suitza herria bezain aspergarria.

Sorrentinok, La Grande Bellezza maisulanarekin bere neurrigabeko estiloaren finduraren gailurra lortu zuen. Mamia eta azala jaunartze perfektuan. Hartan ere, handiustea, ponposoa, faltsua, autobarkabera eta harroputz joera erakutsi zigun, baina tramankulu hoberena aurkitu zuen istorioa kontatzeko. Oraingoan, bere gehiegikeria gehiegizkoa suertatu da. Ez, oraingoan tramankulua ez doa inora. Une harrigarri kontaezinak daude, ederrak, miresgarriak, baina emaitza bere zatien batuketa baino gutxiago da. La Grande Bellezza-ren sekuentzia-bazterkinak dirudite.

Etsigarria izan behar du zinemagileentzat maisulana egin ondoren, erabilitako estiloari uko egitea bestelako istorio bat kontatzeko. Horren paradigma dugu Terrence Mallick zuzendaria post-The Tree of Life. Ia Jenio guztiek porrot egiten dutelako. Kubrick bezalakoak ez daudelako horrenbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.