Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Soineko gorri beldurgarri bat

Peter Stricklandek 'In Fabric' film sailkaezina aurkeztu du Sail Ofizialean. Beldurra, umorea eta absurdoa uztartu ditu, eskuz esku doan jantzi hiltzaile bat kontakizunaren erdian jarrita

In Fabric filmarekin, Peter Strickland zinemagile ingelesak harridura, barreak eta txaloak eragin zizkion publikoari atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bezero batek madarikatutako soineko gorri bat erosi du saltoki handi batean, neguko merkealdi garaian. Hortik aurrera, soinekoa eskuz esku ibiliko da, eta hil egingo ditu janzten dutenak. Kontakizunak segida horri jarraitzen dio Peter Strickland zinemagilearen In Fabric filmean; zuzendari ingelesak atzo aurkeztu zuen lana, Sail Ofizialean, eta harridura piztu zion Kursaaleko publikoari: izan zen emanaldiaren erdialdera aretotik atera zen ikuslerik, baina geratu zirenek nahikoa barre egin zuten, eta txaloak ere jo zizkioten amaieran.

Stricklandek jada arreta piztu zuen Errumanian filmatutako Katalin Varga (2009) estreinako lan luzearekin; Berlinalen Zilarrezko Hartz bat lortu zuen, eta Europako Zinema Akademiak urteko aurkikuntzaren saria ere eman zion —Zinemaldiak Eastern Promises izeneko atzera begirakoan eman zuen 2014an—. Horren ostean, Berberian Sound Studio (2012) eta The Duke of Burgundy (2014) zuzendu zituen. Beraz, laugarren fikziozko lan luzea du In Fabric. Lan berrian, soineko gorri protagonista ez ezik, arropa saltzaile beldurgarriak, maniki artegagarriak, erotzen diren garbigailuak eta beste hainbat osagai baliatu ditu. Zinemagileak Italiako giallo-aren estetikaren bidetik jo du, eta, beldurra, umorea, absurdoa eta fetitxismoa nahasiz, sailkaezina den lan oso pertsonal bat osatu du.

Istorioa Erresuma Batuko saltoki handi batzuetan girotua dago, 1993an, nahiz eta 70eko hamarkadara jotzen duen estetikoki. Zuzendariak azaldu zuenez, haurtzaroko oroitzapenak dira filmaren abiapuntua. «Txikitan, maiz izan nintzen halako saltoki handietan, eta amesgaizto ugari izan nituen manikiekin. Halako saltoki handietara joatea beste mundu batean sartzea bezalakoa zen, eta lan hau orduko ikuspegi horrekin egiten saiatu naiz». Halere, beste abiapuntu bat ere aipatu zuen, filmeko zenbait eszenari lotutakoa: «Arraroa izan liteke hau, baina gorputz isuriek beti amaitzen dute arropan; giza gorputzak arroparekin duen kontaktua izan da abiapuntuetako bat».

Lan munduari ez ezik, kontsumismoari ere kritika egiten dio filmak, baina zuzendariak adierazi zuen ez zuela « ez didaktikoa ez hipokrita» izan nahi, bera ere kontsumitzailea dela, eta beste ideia bat jorratu nahi zuela: heriotzaren ausazkotasuna. «Soinekoak ez ditu pertsonaiak epaitzen kontsumistak direlako; aleatorioki hiltzen ditu, eta niretzat ideia hori zen garrantzitsua».

Zinemagileak azaldu zuen bigarren eskuko arropak erosi izan dituela, eta jantzien zikloaren ideia interesgarria egiten zaiola; nork jantzi duen lehenago, nork eramango duen gero... Ideia horrekin du zerikusia filma bi zatitan banatzeak: zati bakoitzeko protagonistak lotzeko modua ikusi zuela esan zuen, baina ausazkotasunaren ideia indartzeko bereizi zituela. Aitortu zuen, halaber, buruan pertsonaia gehiago ere bazituela, baina aurrekontua ez zela gehiagorako iristen. «Nahiko zaila izan zen filma 26 egunean errodatzea, baina bai, jarraipena izan zezakeen, eta beste zazpi sekuela egin genitzakeen».

Filma Sail Ofizialean sartu izanak harritu ote duen galdetu zioten Stricklandi, eta esan zuen aukeratua den bakoitzean harritzen eta pozten dela. Esan zuen berriz egin beharko balu gauza ugari aldatuko lituzkeela. «Beti daude akatsak, eta horrela izango da beti, baina horregatik jarraitzen dut lanean, hurrengoan gehiago asmatuko dugulakoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.