Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Bakea lurrean eta espazioan

2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Joan den abenduan Guyana Frantsesean, Webb teleskopioaren jaurtiketaren zain, ESA Europako Espazio Agentziako ingeniari bati errusiarrekin zuen elkarlanari buruz galdetu nion. Guyanatik Soyuz kohetetan Europako Batasunaren Galileo sateliteen jaurtiketen pasadizoak kontatu zizkidan. Teknologia zaharragoa izan arren, errusiarrek koheteak diseinatzeko zeukaten modua goraipatu zuen, eta, begiak zabal-zabalik, ilusio handiarekin, Roscosmos Errusiako Espazio Agentziarekin egindako ExoMars proiektuaren xehetasunak azaldu zizkidan. Bi agentzien proiekturik kutunena. Rosalind Franklin zientzialari britainiar ospetsuaren izena daraman roverra Martera eramatea. Agentzien historiako lehen roverra. Kazakhstango Baikonur hiriko espazio zentrotik irailaren 20rako aurreikusita zegoen.

Martxoaren 17an, roverra Italiako laborategitik Baikonurrera eramateko zorian zeudela, ESAk jaurtiketa bertan behera uztea erabaki zuen. Hamar urteko lanabertan behera geratu zen. EBren eta Errusiaren lan eskerga espazialaren azken proiektua izan liteke. Josef Astxbatxer ESAko zuzendariaren hitzetan, EBtik Errusiara teknologia esportatzeko debekuak teknikoki eta politikoki ezinezkoa egiten du Roscosmosekin elkarlanean aritzea Ukrainan gerrak jarraitzen duen bitartean. Rosalind Franklin roverra biltegi baten gorde dute, eta errusiarren proiektuaren zatia hartu dezakeen kide berri baten bila dabiltza. ESAk ez du baztertu jaurtiketarako dagoen hurrengo leihorako, 2024rako, gerra eta zigorrak amaituta egotea eta Roscosmosekin harremanak berriro martxan jartzea. Baina espazioan, beste hainbat arlotan bezala, Ukrainako gerrak gauzak betirako aldatu ditu beharbada. Errusiako Espazio Agentziaren aldetik ez dago mezu baikorrik.

Roscosmos ESAtik eta NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziatik urruntzen dabil azkenaldian, eta Txinako Espazio Agentziarekin akordioak egiten ari da. Aldaketa geopolitikoak lurrean eta espazioan ari dira gauzatzen. Ukrainako inbasioarekin eta zigorrekin, Roscosmoseko zuzendariak, Dimitri Rogozin polemikoak, muturreraino eraman ditu beste espazio agentzien aurka azken urte hauetan egin dituen adierazpenak. Gerrak berotuta ISS Nazioarteko Espazio Estazioa deuseztatzeko mehatxu egin du. Espazioan 355 egun eman eta gero lurrera lehenbailehen itzuli behar zuen Mark Vande Hei astronauta estatubatuarra nola abandonatzen zuten erakusten zuen txantxetako bideo muntaketa bat egin zuen. Irribarre gutxi eta kezka asko eragin zituen bideoak. Egun batzuk geroago, Vande Hei irribarretsu agertu zen Roscosmoseko teknikarien besoetan Kazakhstango estepan beste bi astronauta errusiarrekin lur hartu eta gero.

Gerra hotza amaitu zenetik, Mendebaldeko espazio agentzien eta Errusiakoaren artean sustatu zen elkarlana murrizten ari zen, eta Ukrainako gerrak azkartu egin du prozesua. Sobietar Batasunaren garaian zuen distira galdu du Errusiako Espazio Agentziak. Lurrean bezala espazioan ere, Kremlinek atzera egin nahi du historian, eta Mendebaldeko espazio agentziak etsai moduan hartu.

Inbertsore pribatuak NASAn eta ESAn egiten ari diren proiektuen aurrean, Roscosmos atzean geratu da, ekonomikoki eta teknologikoki. Eta bere zuzendaria haserre dago sare sozialetan jartzen dituen mezuen arabera. Oligarkei inbertsioak eskatzeko edo zientziarako eta espaziorako aurrekontua handitzeko Kremlinentzat mezurik ez du oraindik jarri. Z erraldoi bat jarri dute Errusiaren koheteetan. Nazioarteko Espazio Estaziora joan diren azken hiru astronauta errusiarrak uniforme horiarekin eta ikur urdinekin jantzita agertu ziren estaziora sartu zirenean, zuzenean ematen den eta zentsuratu ezin den une batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.