Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Doluaren bidaian

'Nosotros nunca moriremos' aurkeztu du Eduardo Crespok. Gazte bat hil ostean haren amak eta anaiak bizi dutena erakusten du lanak

Eduardo Crespo zinemagilea, Nosotros nunca moriremos filmeko lantaldeko hainbat kiderekin, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bizitza eternala zer den galdetzen dio seme gazteak amari. Ez dakiela ziur esaten erantzuten dio hark, burumakur, hil berri zaion seme zaharragoa gogoan. Iritzi truke filosofikoago baten ondotik heldu dira galdera praktikoak; zer egingo duten beraiek orain, gaur bertan, bihartik aurrerako bizitzan. Ez du erantzunik amak. «Ahal bezala bizi», dio oraingoan. 22 urte zituen galdu berri duten senideak, eta hura hil den herrira bidaiatuko dute ama-semeek. Doluaren lehen urratsak elkarrekin egingo dituzte, baina nork bere prozesua egin beharko du. Istorio hori kontatzeko, soiltasunaren bidea hautatu du Eduardo Crespok. Nosotros nunca moriremos lana Sail Ofizialeko lehiara aurkeztu zuen atzo zinemagile argentinarrak.

Sorterrira itzuli da Crespo filma egiteko. Izan ere, halako herri batean doluaren prozesua nolakoa den azaltzea izan zuen abiapuntuko ideia. «Probintzietako herri batean dolua egitea nolakoa den agertu nahi nuen, gazte bat hiltzeak zer esan nahi duen halako herri txiki batentzat, nola egiten duen doluaren bidaia hori haur batek, nola bihurtu beharko duen heldu». Horretarako, bere herriko errealitatetik edan zuen, bertako jendeen izaeratik eta bizipenetatik. «Egunerokoaren poetika landu nahi nuen; errealitateari pusketak lapurtu, narrazioaren zirriborroak sortzeko. Alde horretatik, pertsonaiek ere egiten dute filma erreala izatea, fisikoki oso presente baitaude, lehen planoen bidez agertuz, edo haiek esateko dutena entzuteko denbora emanez».

Filmean agertzen diren aktore gehienak ez dira profesionalak, bere herriko bizilagunak baizik. Eta haiei entzuteko denbora hartu zuen lantaldeak istorioa eraikitzeko. «Alde horretatik, pelikula egiteko prozesua ere berezia izan da: ez da ohikoena egungo zinema industrian. Pertsonaiei espazioa eman nahi nien, lantalde teknikoari ere bai... denei, eta uste dut hori gero iritsi egiten dela pantailara». Herrikideekin izandako elkarrizketen harira, gidoia etengabe berridatziz joan zirela gehitu zuen zuzendariak. «Normalean arreta jartzen ez zaion jende talde bat erakutsi nahi nuen, haiei entzuteko espazioa eman. Niretzat hunkigarria izan da prozesua».

Intimoena, keinu txikietan

Hildako gaztearen amaren rola jokatzeko, Romina Escobar aukeratu zuen, beste film batean lan egitetik ezagutzen zuena. Bere pertsonaia eraikitzeko, halako esperientzia bat bizi izan duten eta ezagutzen dituen beste emakume batzuk izan zituen gogoan aktoreak, eta haiekiko «miresmenez eta errespetuz» landu zuen bere pertsonaia. «Emakume honen alderik intimoena ere jorratu nahi nuen. Alde horretatik, uste dut zuzendariak zerikusi handia izan zuela nire pertsonaia eramateko soiltasunera, xehetasunetara, ukiezina den horretara, keinu edo malko txiki batean baino sumatu ezin dezakezun horretara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.