urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

30 herrialdetako kronikak

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gaur 30 urte, 53 urte eta erdiko isiltasuna eten eta eguneroko kazetaritza berpiztu zenetik euskaraz. Hamahiru urteko gaztetxoa egunkari irakurle amorratua zen ordurako, astero jasotzen genuen Argia eta egunkariak atzekoz aurrera zabaltzeko ohitura neukan: hantxe zeuden telebista programazioa eta kirolak. Baditut garai hartako errekorteak ikastolako etxeko lanak, ziur aski bertsolaritzari edo literaturari buruzko albisteekin eta nazioarteko kronikekin: Ipar Irlandako atentatuak eta Kroazia eta Esloveniako ahalegin independentistak, Europako beste istorio batzuen artean.

Bost urte geroago hasi nintzen unibertsitatean, duela mende laurden, eta mende aldaketarako hainbat hedabidetan idatzi ohi nuen. ETBko praktiketan hasi eta gutxira, Nairobiko AEBen enbaxadako atentatu izugarria egokitu zitzaidan; handik urte bira Al Qaedak New Yorkeko Dorre Bikiak botatzea eta praktikaldia amaitzea, ia elkarren segidan izan ziren; denak erredakziotik landu nituen, baina istorioak bertatik bertara kontatzeko grina piztuta neukan. Dozena bat urteko lan prekarioa etorri zen: telebista publikoan ez zegoen kontrataziorako irizpiderik, sindikatuek behin eta berriz salatu legez, unean uneko nagusiaren kuttuna izatea zen garrantzitsuena. Prekaritateak ezegonkortasuna dakar, eta kazetaritzaren gaitz handietako bat da Euskal Herrian eta mundu osoan. Baina loturarik ez izatea eta, gazte zarenean bereziki, askatasunez jardutea eta gauza berriak probatzea ahalbidetzen dizu. Berlinen egin nuen lehen ahalegina: Berlinale zinemalditik gure auzoko euskal jatorriko alkateraino dozenaka istorio agertu ziren, apirilaren 26 batean Guernicaplatzen jasotakoa tartean.

Ez du edozerk balio, bistan da: kazetaritza egiten jakin behar da, iturriak izaten, kontaktuak lantzen, free-lance edo autonomo izanda gastuak ahalik xeheen eta doien izaten, eta gehiegitan ahazten dena: hizkuntza dugu lanabes garrantzitsu. Munduko konexiorik onenak eta kazetaritzarako senik bizkorrena izan ditzakezu, baina istorio hori kontatzen jakin behar da, eta, horretarako, hizkuntza behar bezala erabili behar duzu.

Duela dozena bat urte, hiruzpalau kazetari espainiar gazterekin nengoen Istanbulgo Istiqlal etorbidera doazen kalexketako taberna baten: sutsuki ari ziren eztabaidan euren kazetari kuttun eta ez hain kuttunen estiloaz, nork zelan zerabiltzan adjektiboak eta aditzak, beste hark zer modutan hasten zituen testuak eta zein hitz zelan erabili ohi zuen besteak. Oso osasuntsua da edozein euskaldunek euskaltzain ezkutua dutela dioen konplexua erabat ezabatzeko solasaldiak izatea beste hizkuntza batzuetako kazetariekin: berehala igarriko duzu hizkuntzarekiko erabateko ardura behar-beharrezkoa dela. Euskal prentsan, zuzentzaileak daude bolondres edo Covid frogak bezalakoek argirik ikus ez dezaten; hizkuntza nagusietan ez da halakorik behar: kazetari batek behin argitaratuko du agian horrelakoren bat, baina jasoko dituen kritiken ostean ederto ikasiko ditu arauak, berriz lotsagarri geratu aurretik.

Horretarako guztirako ere, zer-nolako luxua dugun. Beste edozein hizkuntza txikitako hiztunek esango dizute zein eragin daukan egunero informazioa beste hizkuntza batean jaso beharrak. Morrontza, batetik, eta zure hizkuntzan eguneroko gaiak eta albisteak ezin lantzea, bestetik, zeure hizkuntzan arrotz sentitzea edozein albiste.

Kazetari gisa, zaila da azaltzen zein harro senti zaitezkeen zure hizkuntzan kontatu ahal izateaz Kosovoko independentzia, edo AEBetako lakota indigenen biziraupeneko borroka, Kurdistango emakume gerrillarien aldarrikapenak, Txetxeniako amets zapuztuak, Baltikoko hizkuntza txikien azken hiztunen testimonioak edo Aljeriako basamortuko amazigen arrangurak. 30 urteren aitzakian egin dut zenbaketa, eta bai, 30 herrialdetatik baino gehiagotatik idatzi ditut BERRIArako kronikak: Ipar eta Hego Amerika, Afrika, Kaukasoa, Ekialde Hurbila, Balkanak, Ozeania, Europa... Apal baina halaber harrotasunez, pentsatu nahi dut Andoaingo erredakzioan estimatuko dituztela han-hemendik ekarri ohi ditugun istorioak. Apaltasun berarekin eskertu behar dut Andoainen beti zabal-zabalik hartutako harrera, esker ona, beharrezko kritikak zelan ez eta zorroztasuna.

«Basque journalist» esan dut munduko azken bazterrean. Kontinente guztietan eskatu ditut elkarrizketak «for the only daily newspaper in Basque language» (euskarazko egunkari bakarrerako). Beste edozein profesionalen gisan hartzen zaituzte gehienetan, zure hizkuntza txikian zein handian diharduen berriemaile legez. Eta tarteka, hizkuntza txiki honetan aritzearen konplizitate eta sinpatia guztiarekin zabaltzen dizkizute ateak; inguruko hizkuntza handietatik gehiegitan sumatzen dugun mespretxua astintzeko eta konplexurik gabe aritzeko ariketa bikaina da. Zorionak, eta eskerrik asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.