Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bizitzaz, heriotzaz bezainbeste

Roger Michell zuzendariaren 'Blackbird' familia dramarekin hasi da Sail Ofizialeko lehia. Bille Augusten 'Still hjerte' filmaren bertsio bat ondu du zinemagileak

Sam Neill aktorea, David Bernardi ekoizlea eta Roger Michell zuzendaria, atzo, Blackbird aurkeztu ostean. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Kursaaleko auditoriuma jendez lepo zegoela abiatu zen Donostiako 67. Zinemaldiaren Sail Ofiziala, atzo eguerdian. Ezohikoa izan zen, ordea, Urrezko Maskorrerako lehia zabaldu zuen filma, beste lan baten remake bat baita. Roger Michellek (Pretoria, Hegoafrika, 1956) Blackbird aurkeztu zuen, Bille August zinemagile daniarraren Stille hjerte / Silent Heart (2014) filmaren bertsio berri bat —Sail Ofizialean lehiatu zen hura ere, eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Paprika Steen antzezleak—. Bertsio berriaren gidoia Christian Torpek idatzi du, Augusten filmaren jatorrizko libretoaren egileak. Edonola ere, Michellek ez zuen Augusten filma ikusi nahi izan berea egin aurretik, ez eta aktoreek ere, beren lanean eragiterik ez zutelako nahi. Heriotzari buruz adina hitz egiten du filmak bizitzari buruz, eta publikoan malkoak nahiz barreak eragin zituen emanaldian, baita txaloak ere.

Aktore talde sendo bat oinarri duela, familia baten une dramatiko bat kontatzen du filmak. Gaitz degeneratibo bat du Lilyk (Susan Sarandon), eta sufrimenduari amaiera ematea erabakia du. Paul senarrak (Sam Neill) eta biek familia etxera gonbidatuko dute asteburua elkarrekin igarotzeko; Jennifer (Kate Winslet) eta Anna (Mia Wasikowska) alabak eta beren senideak bilduko dira etxean, baita gurasoek gaztetatik lagun duten Liz ere (Lindsay Duncan). Erabakia argia den arren, tentsioak, gatazkak eta beldurrak azaleratuko dira, baina baita denek elkarri dioten maitasuna ere.

Michellek —Notting Hill (1999), Le Week-End (2013)— azaldu zuenez, eutanasiaren auziari «bi eskuekin» heltzen dio filmak. Edonola ere, zinemagileakargi utzi zuen ez duela inolako kanpainarik egin nahi izan. «Eutanasia heriotza on gisa deskribatzen da filmean; esanahi hori du grekoz». Haren ustez, «kontu handiz» arautu beharreko auzia da, arriskuak ere bai baititu. Sam Neill aktorea bat etorri zen filmak ez duela erakusten ez aldeko jarrerarik eta ez kontrakorik. «Nire ustez, bizitzaz eta bizi direnez hitz egiten du filmak. Gogorarazten digu edozein egun azkena izan daitekeela, eta, horregatik, egun bakoitzaz gozatu beharra dagoela».

Familia harremanak daude istorioaren erdigunean. Eta, zuzendariak nabarmendu zuenez, bizitzan bezala, filmean ere une tragikoak umoretsuekin tartekatzen dira. Sarandonen pertsonaiak darabilen ironiaren eta sarkasmoaren bidetik maiz. Neillen hitzetan, «filmak badu edonork uler dezakeen zerbait. Familiak onak izan daitezke, zailak, dibertigarriak, lotsa emateko modukoak, ikaragarriak eta disfuntzionalak, eta familia hau ez da ezberdina». Aktoreak uste du filma ikusten duenari beharra piztuko zaiola senideei deitzeko, elkarri entzuteko, argi hitz egiteko eta «aukera dagoen artean konpontzeko dauden kontuak konpontzeko». Michellen ustez, auzi sozialak mahaigaineratzeko tresna indartsua izan daiteke zinema. «Uste dut zinematik atera eta eztabaida bat izatea proposatzen dizun edozein film baliogarria izan daitekeela». Filmak aretoetan «modu kolektiboan» ikustearen alde egin zuen.

Aktore taldearen batasuna

Neillentzat, «kontentzio ariketa bat» izan zen bere pertsonaiarena egitea. «Pena handia du barruan, eta errua ere bai. Baina bera jausiz gero familia osoa eroriko da; ardura handia du. Erabakia hartua dago, eta ausardia eta patxada handia behar dira halako egoera batean». Bere amak dementzia jasan zuela ere esan zuen, eta hil aurreko «miseriazko bi urteak oso gogorrak» izan zirela.

Neillek bere rolean agertutako «dotorezia» txalotu, eta aktore guztien lana goraipatu zuen Michellek. Filma «ia modu kronologikoan» grabatu izanak eta agertoki nagusi den etxean elkarrekin egoteak batasun sentimendu bat sortu ziela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.