Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Haitzak ere arrakalatzen dira

Sarah Gavronen 'Rocks' filmak itxi du Sail Ofizialeko lehia. Nerabe talde bat protagonista hartu, eta egoera zailen aurrean laguntasunak duen indarrean jarri du fokua zinemagileak

Sarah Gavron eta Theresa Ikoko, Rocks filmaren zuzendaria eta gidoilaria, hurrenez hurren, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bere neba txikia eskutik heldu, eta eskolara abiatu da Rocks. Nerabe arduratsua da, eta txikitatik bere kabuz moldatzeko arazorik ez duelako jarri zioten ezizena lagunek. Eskolatik etxera itzultzean, amaren ohar bat topatu du sukaldean, diru pixka baten ondoan. Sentitzen duela, joan beharra duela; hori dio amak gutun laburrean. Bakarrik dago nebaren eta bere buruaren kargu egiteko, baina lagunak ez ditu urrun izango. Hain zuzen ere, neska nerabe batzuen arteko laguntasuna du ardatz Sarah Gavron zinemagilearen Rocks filmak. Lan horrek itxi zuen atzo Donostiako 67. Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehia.

Kultur eta arraza aniztasunean aberatsak diren Londres ekialdeko langile auzoetan grabatu zuen filma Gavronek, eta aurrez sakon aztertu zuen lanak agertzen duen errealitatea. Azaldu zuenez, urtebete egin zuten hango eskolak bisitatzen eta neska gazteak ezagutzen, eta, behin taldetxo bat osatuta, tailer batean parte hartzera gonbidatu zituzten —Bukky Bakray tartean, filmeko protagonistaren rola jokatzen duen gaztea—. Haiengan oinarrituta idatzi zuten gidoia Theresa Ikokok eta Claire Wilsonek. «Prozesu berezia izan zen, antzezleak gidoia idatzi aurretik genituelako», azaldu zuen Gavronek. «Luzea ere izan zen; normalean aktoreen hautaketa bi hilabetean egiten da, baina gurea aldi berean aukeraketa eta ikerketa prozesu bat izan zen».

Zuzendari ingelesa Brick Lane (2007) lanarekin egin zen ezagun, eta 2015ean Suffragette zuzendu zuen, sufragistei buruzko filma. Telesailak eta dokumentalak ere egindakoa da, eta hain zuzen, fikzioa izan arren, dokumentalaren moldeak baliatu ditu lan berrian, lanean aritu den taldeari zein irudiak hartzeari dagokionez —bi kamerarekin aritu ziren, kalean grabatzen, platorik batere gabe—. «Neskak beren ingurunean eroso sentitzea eta ahalik eta naturaltasun handiena agertzea zen asmoa». Emakume lantalde batez inguratu nahi izan zuen Gavronek horretarako, eta, besteak beste, Helene Louvart argazki zuzendariaren lana funtsezkotzat jo zuen.

Gazteak zinemara

Drama sozial bat izan arren, esperantza agertu nahi du filmak, fokua gazteen laguntasunean eta alaitasunean jarrita. Bazterkeria egoerak izaten dira auzune horietan, baina, Ikokok esan zuenez, kriminalitateari lotutako gazteen estereotipoetatik aldendu nahi izan zuten. «Neskengan tailerretan ikusi genuena alaitasuna eta erresistentzia gaitasuna izan ziren; horregatik erakutsi ditugu. Haiek pantailan beren burua ikusi, eta hori ospatzea nahi genuen, arazo sozial bat izan beharrean». Gazteekin lan egiten du Ikokok, eta, haren ustez, «amorrua sentitzeko arrazoiak» badituzte, aukera urriak ematen zaizkielako. «Baina aukera egokiak emanez gero, duten gaitasuna mugagabea da». Errealitate hori ezezagunagoa zuen Gavronek, eta esan zuen harritu egin zuela ikusteak zenbat gazte kaleratzen zituzten eskoletatik, delitu txikiengatik. «Sistemaren arrakaletan galtzen dira».

Horregatik, haien gisako gazteak filma ikustera joango direla espero dute zuzendariak eta gidoilariak. Ikoko: «Jende mota jakin bat ez dela zinemara joaten pentsatzeko joera dago, baina haiei buruzko lanik ez egiteko aitzakia bat da, ez baita horrela. Nire ustez, jendea joango da aretoetara, bere burua pantailan aurkitzeko desiratzen dagoelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.