Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Berriro anaia izateko bidean

Daniel Sanchez Arevaloren 'Diecisiete' eman dute Sail Ofizialean, lehiaz kanpo. Komedia eta drama uztartzea izan da zuzendariaren helburua, pertsonaia gutxiko istorio soil batean

Daniel Sanchez Arevalo zuzendaria —erdian—, Diecisiete filmeko aktoreekin eta Oveja txakurrarekin, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Urrezko Maskorra lortzeko lehiara aurkeztu diren lanen emanaldiak herenegun amaitu ziren, Sarah Gavronen Rocks pelikularekin. Baina ez, ordea, Sail Ofiziala osatzen duten film guztien emanaldiak. Lehiaz kanpo emango dute gaur François Girarden The Song of Names filma, eta Daniel Sanchez Arevalok Diecisiete aurkeztu zuen atzo, lehiaketatik at hori ere. Beren harremana berreskuratzeko bidaia batean abiatzen diren bi anaia ditu protagonista. Hain zuzen, pertsonaia gutxirekin eta lerro bakar bat duen argumentu soil batekin, komedia eta drama uztartzen saiatu dela adierazi zuen zinemagileak. «Istorioak kontatzeko langintza honetan hobetzen joatea da zinemagile gisa dudan helburua, eta, batez ere, drama eta komedia uztartzeko arte horretan perfekzionatzea. Uste dut hori dela ikusle gisa gehien maite dudana, eta, horregatik, horixe egiten saiatzen naiz zuzendari moduan».

Bi anaia dira filmeko protagonistak. Harreman zaila dute elkarren artean, eta nork bere arazoak ditu, gainera. Gazteena, Hector, 17 urtekoa, adingabekoentzako zentro batean dago, hainbat delitu kateatuz joan dela eta. Nagusia, berriz, Ismael, karabana batean bizi da bikotekidearekin zuen harremana hautsi zenetik. Txakurrek lagundutako birgizarteratze terapia batean parte hartuko du Hectorrek, eta lotura estua garatuko du txakurretako batekin. Hala, hura adopzioan ematen dutenean, zentrotik ihes egitea eta haren bila joatea erabakiko du. Hilzorian den Cuca amona, anaia eta hiru hanka besterik ez duen txakur bat eramango ditu berarekin, eta bi anaientzat elkar ezagutzeko zein barnean dituzten emozioak ulertzeko barne bidaia bat ere izango da. Biel Montorok jokatu du Hectorren rola; Ignacio Sanchezek Ismaelena; eta Lola Cordonek Cuca amonarena.

Drama eta komedia uztatzeko ahalegin horretan, hainbat erreferente buruan izan dituela aitortu zuen Sanchez Arevalok, tartean, The Apartment (Billy Wilder, 1960) filma, abilezia horren mugarritzat duena. Baita Alexander Payne zuzendariaren estiloa ere. «Uste dut sailkaezina den zinema bat egiten duela, bizitzari eta errealitateari estu lotuta dagoena, eta generoekin jolas egiten duena; eta horixe egiten saiatu naiz ni».

Elementuak kentzea

Azul oscuro casi negro (2006) izan zen zuzendariaren lehen lan luzea eta, ordutik, beste hainbat ondu ditu. Haien aldean, lan berria soilagoa dela uste du, azaldu zuenez, osagaiak kentzea izan baita oraingoan bere zeregin nagusia. «Nire aurreko lanak nahiko nabarrak izan dira, pertsonaia eta trama askokoak. Hau ez; hau oso film biluzia da. Osagai gutxirekin, bi protagonista eta argumentu lerro bakarrarekin, istorio soil eta sentitu bat kontatzen saiatu naiz. Elementuak kentzea izan da kontua, eta ezer ez behartzea, ez komedia, ez drama; bizitzari filmean sartzen uztea, fikzioa bada ere».

Eta sartu zen nolabait. Filmean txakurrek duten protagonismoari dagokionez, zuzendariak aitortu zuen «izugarri» maite dituela, eta haiek adopzioan hartzeko beharraz ere ohartarazi nahi zuela. Hain zuzen, filmean agertzen diren txakur guztiak babes elkarteetakoak direla azaldu zuen, ez zituelako nahi aurrez entrenatuak, aktoreekin lan egitea baizik. Eta garatu zuten loturarik, Biel Montorok Oveja adoptatu baitzuen, baita Zinemaldira ekarri ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.