Donostiako 68. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Itsaso beltzean hondoratzea

Zhou Ziyangek 'Wuhai' aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara. Film «errealista» gisa definitu du lana zuzendari txinatarrak, eta zorrek ito beharrean den gizon baten gainbehera azaltzen du

Zhou Ziyang —goian, eskuinean— bideokonferentziaz mintzatu zen atzo bere filmari buruz, ekoizleek eta aktore protagonistak lagunduta. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hartzekodunak ate joka ditu, literalki, Yang Huak. Kolpe gogorrak entzuten ditu bera eta Miao Wei emaztea bizi diren etxe barrutik. Isilik geratu da, ez du aterik ireki, eta etsi dute lukurariek. Joan dira. Ez betiko, baina. Istorio osoan atzetik izango baititu Wuhai filmeko protagonistak. Zorrak kitatu ezinik, gero eta abiadura handiagoa hartuko du gainbeherak, baina ez da gizona izango zurrunbilo horretan harrapatuta hondoratuko den bakarra. Zhou Ziyang zinemagile txinatarrak Sail Ofizialeko lehian erakutsi zuen, atzo, bere bigarren pelikula dena. Zuzendariak bideokonferentziaz azaldu zituen lanaren nondik norakoak, goizeko emanaldiaren ostean; Xuan Huang aktore protagonista, eta Yini Qian eta Luna Wang ekoizleak ere pantailaren bestaldetik mintzatu ziren.

Zhouk genero errealistaren barruan kokatu zuen filma, fokua «emozioetan, arazo sozialetan, familian, moralean eta giza izaeran» jartzen duen neurrian. Izenburua ere ideia berari lotuta dagoela azaldu zuen. Txinako Barne Mongolia eskualde autonomoko hiri bat da Wuhai —eskualde hartan jaio zen Zhou—, eta itsaso beltza esan nahi du. «Leku geografiko jakin bat ez ezik, giza izaeraren sinbolo bat ere bada; iluna da giza izaera, eta zailtasunez zein aldaketaz betetako itsaso bat». Inguru hori hautatu zuen filma grabatzeko, paisaiak biltzen duen aniztasuna «magikoa» baita harentzat. Eremu berean egiten dute bat basamortuak, aintzirek, mendiek eta hiriak. Eta paisaia horiek zeharkatuko dituzte pertsonaiek.

Huang Xuan eta Yang Zishan aktoreek gorpuztu dute bikote ezkonberri eta, itxuraz, zoriontsua. Gizona maila sozial apaleko familia batetik dator, eta emakumearen gurasoen eskutik jaso ditu bikoteak baliabide material gehienak. Kezka horrek bultzatuta, gizonak lan finkoa utziko du, eta, diru gehiago irabaziko duelakoan, negozio bat abiatuko du: desertu erdian dagoen dinosauroen parke turistiko bat. Porrot egingo du, eta halaxe sartuko da zorren gurpil zoroan. Arazoak bide onetik konpontzen saiatuko bada ere, etsipenean amilduko da, eta gero eta bortitzago jokatuko du.

Bere pertsonaiaz mintzatu zen Huang: «Gidoia irakurrita, muturreko pertsonaia bat ikusi nuen, besterik ez. Baina filmatzen ari ginenean, berak jasaten duen presio ikaragararria sentitu nuen, eta emozio horiek asko eragin zidaten, zuzendariarekin hainbatetan eztabaidatzeraino».

Gizarteari kritika

Trama horren bidez, diru gosea, gauza materialak pilatzeko desira eta, finean, globalizazioaren ondorioak salatu nahi zituen zinemagileak. «Azken 20-30 urteotako globalismoaz eta garapen ekonomikoaz hitz egin nahi nuen, gizarteari kalte egin baitiote. Gauza materialak izateko obsesio hori kritikatu nahi nuen».

Horiek guztiak agertzeko, sinbolo eta metafora ugari baliatu ditu. Dinosauroak, adibidez; zuzendariarentzat «edozer gauza gerta daitekeela» adierazten dutenak.Halaber, filmeko lehen eszenan, protagonista bere sakelakoan bideo bat ikusten ageri da, zeinetan Afrikako eremu idor batean arrainak lurpetik bizirik ateratzen dituzten arrantzale batzuek. «Aspaldi ikusi nuen dokumental bat da, eta arreta eman zidaten arrain haiek; lauzpabost urte lur idorrean igaro ostean, ura bota eta berriro pizten ziren. Bizirik irauteko sena, aldaketak... ideia horiek interesatzen zaizkit; horregatik ekarri nituen filmera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.