«Egile eskubideen lapurretak ez dira zilegi, eta amaitu behar dira»

Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ofizialki 2014an sortu zen Ekki, egile eskubideak kudeatzeko euskal agentzia, baina hurrengo urtean eman zituen lehen urrats errealak, eta bertako idazkari ere bada Estankona. Sortzailea erdigunean jartzeko helburua ezarri zion erakundeak bere buruari, eta ia 200 bazkide ditu egun. Gasteizko gobernuaren lege aterkiaren pean aritzen dira lanean, baina Euskal Herri osoa dute eragin esparrua, eta, zehazki, orain arte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egile eskubideen monopolioa izan duen Espainiako SGAE fundazioaren itzal luzeari zirrikituak sortzeak eragin die nekerik handiena. «Normaltasunez ari gara egile eskubideak kobratzen», laburbildu du.

Lortu duzue, beraz, egilea zentroan jartzea?

Espainian eduki dute monopolio bat. Pastela banatzen zuten hiru edo lau erakunde monopolistikoren artean, eta Ekki etorri da hori puskatzera eta esatera autore bakoitzak erabaki dezakeela zer agentziatan egon eta nola kudeatu bere egile eskubideak. Sistema paternalista batetik ari gara pasatzen sistema kolaboratiboago eta gardenago batera.

Eta ari zarete lortzen hori?

Kostatzen ari zaigu, ikaragarri. Erakunde horiek mehatxatuta ikusten dute beren izatea, eta defendatzen dute sistema monopolistiko bat, non beraiek diren, artistaren izenean, dena egin eta desegiten dutenak. Horrek zaildu egiten du gure lana, eta beti ari gara oztopoak salbatzen, baina apurka-apurka idazle, zinemagile, musikari, elkarte eta bazkide guztien indarrarekin ari gara arrakala bat sortzen egitura monolitiko horretan, eta normaltasunez kobratzen normala izan behar lukeena. Lapurretak eta sistema opakoak, eta doazen diruak eta itzultzen ez direnak eta halakoak, ez dira zilegi, eta horiek amaitu egin behar lirateke.

Gaur egun Ekkiko kide egiten den sortzaileak bermatuta dauka, beraz, egile eskubideen truke dagokiona kobratuko duela?

Guztiz bermatuta. Ekkira datorrenak, gainera, batzar orokorrean edukiko du boto bat, Ekkik ez baitauka boto ponderaturik. Bestalde, norbere karrera artistikoa norbere gain hartzen den bezala, norberak egin behar du bere egile eskubideen arduradun, eta Ekki da horretarako daukan tresna. Izan copyright hertsiaren filosofiakoa edo izan lizentzia libreen filosofiakoa, gaur egun, Europan, norberak esan behar dio egile eskubideen agentziari nola nahi dituen kudeatu bere egile eskubideak. Eta, hortik aurrera, mandatu horrekin eta legearen babesarekin, Ekkik egin behar duena da kobratu eta likidatu. Baina oso sinplea ematen duen hori kosta egiten da, eta pedagogia askorekin bagoaz aurrera.

Zer falta da egiteko?

Orain ari gara hainbat komunikabiderekin hitzarmenak lotzen. Ari gara doitzen gure tresna informatikoak ere, Interneteko webgune handietatik kobratzen hasteko... Denok indar eginez lortuko dugun zerbait da hau. Zenbat eta bazkide gehiago izan, orduan eta pisu handiagoa izango dugu, eta orduan eta aukera gehiago izango dugu akordio hobeak lortzeko.

Koronabirusaren ostean zabalduko den ziurgabetasun egoeran, zer egiteko izan dezake Ekkiren moduko eta neurriko erakunde batek?

Egile eskubideen agentziatik jasotzen da norberak sortzen duena. Baina, noski, egile eskubideen agentzia baten eta besteren artean badago diferentziarik, zeren eta Ekkik, adibidez, beretzako gordetzen duen ehunekoa beste agentziek gordetzen dutenaren erdia baino gutxiago baita. Kobrantzak ere identifikatuta dauzka, badaki norenak diren, eta, beraz, ez dira banatzen magnitude konplikatu batzuen bidez: banatzen zaizkio sortu dituenari. Guk eman diezazkiokegu aurreikuspenak, adibidez, teatro konpainia bati, adieraziz zenbat kobra dezakeen aurten, eta hainbat arinen diru hori libratu, ahalik eta ehuneko txikiena atxikiz. Hemen lana baino ez dago. Apurka-apurka.

Baikor zara agentziaren ibilbideaz.

Baikor naiz, etorkizuna hori delako. Europatik dabiltza esaten alor hau zabaldu egin behar dela, eta konpetentzia egon behar dela agentzien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.