Lucas Torro. Osasunako jokalaria

«Nortasun handiagoa eta anbizioa eduki behar dugu Sadarren»

Osasuna irabazi ezinik dabil, eta autokritika egin du Torrok: «Orain ez dauzkagu lehen genituen ezaugarri batzuk». Erdilaria sendo dago fisikoki, eta taldearen makulua izango da gaur ere, Bartzelonaren aurka.

JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Bostekoa irribarrez luzatu du Lucas Torrok (Cocentaina, Herrialde Katalanak, 1994), eta, berehala, azken egunetako euriteaz eta uholdeez hitz egiten hasi da. «Alacanten izan diren uholde handiak etorri zaizkit gogora». Gero, arretaz entzun ditu kazetariaren galderak, eta patxadaz erantzun, ordu erdi luzez.

Azken partidako azken jokaldian, zer egin ez zenekiela gelditu zinen area ertzean. Taldearen egoeraren isla izan al zen?

Izan daiteke. Defentsiboki taldea ongi dago. Egitura gisa sendo ari gara jarduten. Erasoan, ordea, lasaitasun apur bat izatea eta joko gehiago sortzea falta zaigu. Orain ez dauzkagu lehen genituen ezaugarri batzuk. Eta badakigu partidak irabazteko ondo defendatzea ez dela nahikoa.

Levanteren aurka, zuen joko proposamena ez al zen zekenegia izan, aurrean azken sailkatua izan zenutela aintzat hartuta?

Plan batekin edo bestearekin, baina gu beti goaz partiden bila. Bost atzelariko sistemarekin aritu ginen, baina horrek ez du zerikusirik irabazteko gosearekin. Besterik gabe, ez ginen zuzen aritu sormenaren alorrean. Jokoa gehiago josi eta nortasun handiagoa eduki beharko genukeen baloiarekin. Uste dut denok eman behar dugula pauso bat aurrera.

Hobetzeko tartea, bereziki, Sadarren duzue. Bertan garaipen bakarra lortu duzue orain arte.

Arantza sartua dugu. Partida onak egin ditugu etxean, baina ia beti ihes egin digu garaipenak. Galdu ditugun lehietan ere, uste dut fase askotan oso ongi aritu garela, baina gero min egin digute kontraerasora. Orokorrean, uste dut lanak ari garela izaten aurkarien golei erantzuteko. Kolpeak jaso ostean, kosta egiten zaigu altxatzea eta egoerari buelta ematea. Nortasun handiagoa eta anbizioa eduki behar dugu Sadarren.

Zaleen itzuleraren ondorioz, gauzak ongi egiteko presio handiagoa sentitzen duzue orain?

Ezin dugu halako aitzakiarik jarri. Futbolariok beti jokatu nahi dugu etxean, indartsuago sentitzen baikara. Eta hori biderkatu egiten da Sadar bezalako zelai batean. Zaleen babesa sekulakoa da, eta hori kudeatzen eta profitatzen jakin behar dugu. Izan ere, talde askok ez duten abantaila da.

Gaur, bihozminak jotako Bartzelonaren aurka ariko zarete Sadarren. Nolako lehia espero duzu?

Gu bete-betean ariko gara, beti bezala. Halako partidek ilusio berezia pizten dute, eta ziur zaleek asko bultzatuko dutela. Bestalde, ni ez naiz Bartzelonaz fio: minduta egongo da Txapeldunen Ligatik kanpo gelditu ondoren, baina sekulako jokalariak dauzka, eta ziur gogotsu dagoela albait azkarren suspertzeko. Guk geure buruan jarri behar dugu arreta; helburua izan garenera itzultzea da.

Eta horretarako, lehentasunezkoa da geldikako jokaldiak hobeto defendatzea, ezta?

Hala da. Oso antzeko golak sartu dizkigute kornerrez, eta zalantzak hor daude. Konponbidearen bila gabiltza, berriz ere harri berarekin estropezu ez egiteko. Ezin dugu punturik galdu halako xehetasunengatik.

Zazpi partida daramazue irabazi gabe. Ez al dago iazko bolada txarra errepikatzeko arriskua?

Nire ustez, egoera oso bestelakoa da orain. Iaz hamahiru partida eman genituen irabazi gabe, eta ondorioz, hamasei punturekin bukatu genuen lehen itzulia. Ordea, dagoeneko 21 ditugu orain. Gauzak tentuz egin ditugun seinale da hori, baina, aldi berean,ezin gaitezke erlaxatu. Eguberrietara bitarte jaisteko postuekiko dugun aldea handitu nahi dugu, gerora konfiantza eta lasaitasun handiagoz jardun ahal izateko.

Konforme zinateke salbazioa aldez aurretik lortuta? Ala gai izan zaitezkete beste olatu bat harrapatu, eta, sasoi hasieran bezala, goiko postuetan tokia egiteko?

Klubaren helburua salbazioa da, eta ez da batere erraza. Aurreko denboraldian nahiko lasai iritsi ginen azken txanpara, bigarren itzuli itzela osatu eta gero. Xedeak horrek izan behar du, zaleak gozaraztearekin batera. Joko erakargarria egin nahi dugu.

Zu, bederen, gustagarri zabiltza. Zelai erdiko aingura nahiz itsasargia zara, eta lesioek bakean utzi zaituzte oraingoz.

Partidak eta denbora gehiago jokatu ahala, gauzak gero eta errazago ateratzen zaizkizu. Osasuntsu nago, eta lehiatuz eta nire ekarpena eginez gozatzen ari naiz. Hori da jokalarion helburua, eta balio askoz ere handiagoa ematen diozu lesioekin arazoak izan ostean. Garapena galarazi didate azken denboraldietan; Alemanian, batez ere. Han oso joko fisikoa egiten dute, eta lehertu egin nintzen. Prebentzioari eta zainketari garrantzi handia ematen diot, eta, zorionez, orain onik nago. Pribilegiatu sentitzen naiz.

Real Madrilen harrobian izan zinen bere garaian, eta lehen taldeko debuta gertu izan zenuen Carlo Ancelottirekin. Ez zen posible izan, baina itzulinguru batzuen ostean, elitera heldu zara.

Hala da, bai. Fernando Hierro Ancelottiren bigarren entrenatzailea zen garai hartan, eta gero, Oviedoren aulkian eseri zenean, hara joateko eskatu zidan. Han sartu nintzen futbol profesionalaren gurpilean, eta sasoi batez bertan jokatu ondoren, Osasunara heldu nintzen. Hemen etxean bezala sentitu izan naiz beti; Alemaniara joan aurretik eta ondoren.

Jagoba Arrasate nolako arrastoa ari zaizu uzten?

Alde batetik, oso eroso nago bere eskeman. Real Madrilen seibezala jokatzen hasi nintzen, defentsaren aurretik, eta aingura lana oso gustura egin izan dut beti. Alta, Jagoba joko dinamikoaren zalea da, eta batzuetan kokapena aurreratu eta area zapaltzeko eskatzen dit. Bestalde, oso giro ona sortzen du eguneroko lanean, eta konfiantza eta askatasuna ematen dizkigu jokalarioi. Oso pozik nago berarekin.

Berrituko al du kontratua?

Ez dakit zer gertatuko den. Iaz agintariek oso ongi egin zuten karguan mantenduta, eta orain normala da berritu nahi izatea, asko sinesten baitugu denok proiektu honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.